418 Zenbakia 2007-11-30 / 2007-12-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Berrogeita bigarren aldiz, Durangoko Azoka

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Badator berriz ere Durangoko Azoka. Aurtengoa, 42. edizioa izango da eta abenduaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da; Euskal Herriko disko eta liburu azoka garrantzitsuena bezala definitu genezake.

Gerediaga elkartea da ekimen honen antolatzailea hasiera hasieratik, hau da, 1965.urtetik. Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera emateko helburu nagusiz hasi ziren elkartzen Durangon. Eta bilkura xume izatetik geroz eta oihartzun handiagoa duen ekimena izatera iritsi da, askorentzako ezin huts egin daitekeen urteroko hitzordu bilakatuz.

Goizero 10:30etan irekiko dituzte ateak –arratsaldeko zortziak arte– eta azken edizioetan eman den bezala, Durangora milaka pertsona gerturatuko dira ekimenak irauten dituen lau egunetan zehar. Gazte zein heldu, guztientzako aukerak; musika ala liburu, aldizkari, edota jostailu, askotariko eskaintzak publiko zabal batentzat.

Guztira 317 mahai jarriko dituzte aurtengo edizioan. Gainera, jende pilaketak ekiditeko, iaz baino erakustoki gutxiago atonduko dira, eta hala, jendeak batetik bestera ibiltzeko erosotasun gehiago edukitzea espero dute antolatzaileek. Argizaiola Iparraldera

Bestalde, Durangon beti sari banaketa bat egiten da. Aurten, Iparraldeko kultur talde batentzako izango da. Maiatz da honen izena eta euskararen alde egindako lan borobila sarituko dute halaxe. Maiatz aldizkari bezala hasi zen, eta dagoeneko berrogei aletik gora kaleratu ditu. Urteak pasa ahala, liburuak ere argitaratu izan dituzte, 60tik gora hain zuzen ere. Kritikaren bat edo beste

Ezbairik gabe euskal kultura bultzatzeko modu indartsu bat da urtero Bizkaiko herri horretan ospatzen dena. Hala ere, kritika egiten dionik ere badago. Jende ugarirentzat, kontsumismo azoka erraldoi bat bihurtzen ari da Durangokoa eta poliki–poliki hasierako helburua galtzen doala diote, hau da, euskal kulturari bultzakada bat ematea. Orain, pertsona asko dira Gabonak gertu daudela–eta, azoka opariak egiteko baliatzen dutenak, urteko gainerako hilabeteetan literatura urrutitik begiratzen duten bitartean.

Baina ezin da ukatu beti dela positiboa euskal kulturaren aldeko ekimenetan parte hartzea eta giro bikaina egoten da abenduko egun horietan Landako erakustazokan, Durangon. Horregatik, ez dago zalantzarik aurtengo edizioak ere arrakasta itzela izango duela.