419 Zenbakia 2007-12-07 / 2007-12-14
Denok dakigu literaturaren munduan sartzea zaila dela, eta are gehiago bertan arrakasta izatea. Baina, zerk bultzatzen du pertsona soil bat idaztera? Hasiera zaila izan al zen?
Egi-egia esanda, ez dakit. Txikitan ez nuen idazlerik ezagutzeko zorterik izan eta, beraz, sekula ez zitzaidan halakorik bururatu. Egunerokoa idazten nuen, hori bai, eta asko irakurri, eta gero, unibertsitatean, Joan Mari Irigoien ezagutu nuen. Agian horregatik guztiagatik...
Ume bat besterik ez zinenean, izan al zenuen inoiz idazle izateko ametsa?
Zuek baduzue zorte hori. Idazleok askotan joaten gara ikastoletara, eta hurbil ikusten gaituzue, zuek ere idazle izatea erabaki dezakezue. Nik txikitan irakasle izan nahi nuen, misiolari, sendagile... Hau da, inguruan ikusten nuena. Argazkia: ZaldiEro.
Famak berau jasaten duten pertsonen bizimodua aztoratzen du. Zertan aldatu da zure izaera “famatua zarenetik? Kaletik paseatzean jendeak ezagutzen al zaitu?
Famatua? Ez naiz kirolaria, ezta kantaria ere. Idazleok gure liburuak irakurriak izatea nahi dugu. Egia da egunkarietan eta noizbait telebistan agertzen garela, baina beste era bateko fama da gurea eta, oro har, ez dut uste askorik aldatu naizenik. Hala ere, hori ingurukoek esan beharko...
Idazle gehienek bezala idazteko zaletasuna gaztetatik etorriko zitzaizun, askotan bertatik hartzen baita idazteko ideia. Ziur aski txikia zinenean izango zenuen ipuin ederren bat eskuartean.
Txikitan orain Bostak deitzen den bilduma irakurtzen nuen, eta eskolako liburutegiko liburu bakanak, eta komikiak, komiki asko. Mutiko potoloa nintzen, eta gozozalea, eta liburuzalea...
Nola lortzen duzu zure liburuak idazteko inspirazioa?
Adi joaten naiz: kaleko jendeari begira, egunkarietako albiste txikiak irakurriz, ahalik eta film gehienak ikusiz... Neure bizitzako kontuak ere erabiltzen ditut. Baina misterio txiki bat da.
Zeintzuk dira, zure ustez, dauzkazun bertute nagusiak idazle moduan? Eta ba al duzu akatsen bat?
Nire lehendabiziko liburuak nahiko kaxkarrak izan ziren. Zenbat nekien –idazleak, euskara...- erakutsi nahi nuen, eta nik uste dut orain irakurlea gehiago hartzen dudala kontuan lehen baino. Baina bertuteak eta akatsak aipatzea gehiegitxo iruditzen zait, agian kafe baten inguruan kontatuko nituzke.
Zein gai nahiago duzu jorratzea zure eleberrietan?
Narrazio bakoitzak du berea: bikote harremanak, haurren ilusioak, gure herriaren gorabeherak...
Genero ugari jorratu dituzu: ipuinak, eleberriak, olerkiak... Zeinekin sentitzen zara erosoen?
Denetan poesia da gutxien landu dudana, eta ezin ukatuko dut poetek inbidia ematen didatela. Hain labur, hain eder... Narrazio labur eta luzeak idatzi izan ditut, eta nik uste dut hor dagoela nire esparrua, baina orain antzerkiak erakartzen nau, eta baita itzulpen lanek ere.
Batzuetan, eginiko lanek harritu egiten dute norbera ere ondo irten direlako. Zein da zure ustez egin duzun lanik onena? Eta salduena?
Argi dago “Eztia eta ozpina” dela lanik salduena, oraintxe argitaratu da 20. edizioa, eta horrek esan nahi du gutxienez 20.000 liburu saldu direla. Baina horrek ez du esan nahi onena denik. Nik asko maite dut “Enara, zer berri?” eta urtero 10 ale inguru salduko dira.
Zure libururen bat itzuli da beste hizkuntza batera edo hemendik kanpo argitaratu?
“Eztia eta ozpina” bera galegoz argitaratu zuten, eta haur eta gazteentzako nire liburu gehienak argitaratu izan dira galegoz, katalanez eta espainolez. Oraintsu bat Korean argitaratu da, eta beste bat Mexikon. Berri pozgarriak dira, eta are pozgarriagoa da herri horietara liburuen bitartez joatea. Batzuetan idazteak halako sariak dakartza.
Zer gaitasun behar du idazle on batek? Idazle jaiotzen da, ala ikas daiteke?
Ni jaio, behintzat, ez nintzen idazle jaio. Dudarik gabe, ikasi egiten da, baina kontuan izan idazlea batez ere irakurlea dela. Diotenez, idazlea 40 urterekin hasten omen da ondo-ondo idazten. Nik 43 ditut eta ea hemendik aurrera...
Zein idazle atsegin duzu?
Juan Kruz Igerabideren poemak izugarri gustatzen zaizkit. Daniel Pennac-en “Otsoaren begia” ipuina nik idatzi nahi nuke. Hainbeste dira... Idazle arabiarrak asko gustatzen zaizkit: Mahfuz, Txukri, 1001 gauak...
Ba al duzu eredurik idazteko orduan? Zeintzuk dira zure iturriak?
Nire iturriak oso zabalak dira: literatura, noski, baina baita musika eta zinema ere. Orain dela urte asko, urte oso-oso bat euskal idazle zaharrak irakurtzen pasatu nuen (Axular, Laphitz, Agirre Asteasukoa...). Eta nik uste dut orduan finkatu nuela nire estiloa, orduan hartu nituela hainbat erabaki estilistiko: nola idatzi, zein hitz aukeratu, zein euskalkitatik... Bestela, Atxaga izan da niretzat maisu, haren prosa, edo Paul Auster-en mundu magikoa...
Nola idazten duzu, enkarguz ala zeuk aukeratzen dituzu momentua eta gaia?
Oraintxe enkargu bat amaitzen ari naiz. Oñati aldeko kobazulo baterako gidoi bat idaztea eskatu zidaten, gero bost hizkuntzetan grabatu dugu... Gero eta gehiago gustatzen zait aktore eta musikariekin lan egitea. Idazle munduak pixka bat aspertua nauka.
Ezezagun batentzat zaila al da zerbait argitaratzera heltzea? Zer gomendatuko zenioke hasiberri bati?
Nik nire lehen lanetan ez nuen asmatu. A ze txapak... Oraintxe itzuli berri dut Abdela Taia idazle marokoarren helduentzako nobela bat. Oso gaztea da, baina oso nobela indartsua idatzi du. Asko irakurri behar da, asko idatzi, presarik gabe.
Euskal literatura mintzagai hartuz, zer pentsatzen duzu gaur egun jasaten duen egoerari buruz?
Izugarri hobetu da, izugarri. Sorkuntza lanak, itzulpenak..., baina ez, irakurlearengandik urrun samar gaudela iruditzen zait. Susmoa dut, funtsean, jendeak literatura txaparekin, astuntasunarekin lotzen duela, baina literaturak ez du zertan horrelakoa izan behar.
Gaur egun euskal literaturaz bizitzerik ba al dago?
Kontuan izan liburuetatik %10 jasotzen dugula: 10 euroko liburu batetik 1 jasotzen dugu guk... Baina gero enkarguak daude, hitzaldiak, eskoletara bisitak... Tirriki-tarraka, sariren baten laguntzaz, lanak beste hizkuntzetara itzuliz ni behintzat bizi naiz eta benetan pribilegiatua sentitzen naiz.
Eta azkenik, etorkizunari begira zeintzuk dira zure proiektuak?
Iaz Euskadi Saria jaso nuen “Pantaleon badoa” haur liburuarekin. Hainbat hilabete Amazoniari buruzko liburuak irakurtzen pasa ditut, eta bukatu samar daukat haren bigarren partea, Pantaleon Amazonian nola dabilen kontatuko duena. Baina nahiko momentu geldian nago. Zorionez, presarik gabe. Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964–01–25) Jada hogei urte dira idazten hasi zenetik eta orain urtero bataz besteko bi liburu idazten ditu. Kontuan izan behar dugu, helduentzako eleberriak idazten urtebete behar izaten duela. Baina gustura sentitzen da edozein liburu mota idaztea. Eskuartean ezer ez duenean, ordea, besteek idatzitako testuak euskarara itzultzen ditu eta Patxik esaten duenez, asko ikasten du. Bapore saria jaso zuenean, apustu serioa egin zuen: literaturarekin bizitzen saiatuko zela. Gero, Euskadi Saria etorri zitzaion gainera. “Baina askoz gehiago dira irabazi ez ditudanak eta hori ere inportantea da” dio idazleak.