419 Zenbakia 2007-12-07 / 2007-12-14
Teknologia berri guztiek sortzen dute irrika eta jakin–mina, eta nanoteknologia ez da salbuespena. Gaur egun jende askok gai honi buruz ia ezer ez dakien arren, gero eta gehiago da telebistan eta gainontzeko komunikabideen bidez helarazten den informazioa.
“Nano” neurri txikia adierazten duen etimo grekoa da, eta “tekno” ere hizkuntza bereko “tekhne” errotik dator, “artea eta teknika” esan nahi duelarik. Hau kontuan hartuz gero, nanoteknologia neurri ?imi?oa duten egiturak eta makinak fabrikatzen dituen teknologiaren adartzat har daiteke.
Herritarrok konturatzen ez garen arren, gaur egun pentsatzen dena baino erabiliagoa da nanoteknologia, izan ere, hainbat produkturen etiketetan agertzen da jada teknologia mota horri esker garatutako produktuak direla. “Woodrow Wilson” erakundeko adituek, esate baterako, nanoteknologia oinarri duten berrehun eta hamabi produktuko zerrenda egin dute.
Eguneroko bizitzan darabilzkigun produktuak, ondorengo arloetan dira nagusi: informatikan (prozesagailuak, flash memoriak...); etxetresna elektrikoetan (hozkailuak, arropa–garbigailuak, airea girotzeko aparatuak...); kiroletako hainbat tresna eta osagarritan (golfeko makilak, bizikletako osagarriak, oinetakoak...); kosmetikan (aurpegirako kremak, eguzkitik babesten dutenak, ezpainetako margoak...); elikaduran (janarien energia–hornikuntza...); medikuntzan, ehungintzan, ura arazteko eta gatzgabetzeko sistemetan...
Dena den, espero zitekeen bezala, nanoteknologiaren eragina arlo teknikoagoetara ere iritsi da. Adibide batzuk aipatzearren: nano–bonba, esaterako, bakterioak eta giza zelulak bereizteko gai den makina esperimentala da, behin jomuga hautatuta, bakterioari akabatu arte erasotzen diona eta giza zelula errespetatzen duena. Nano–laborategia, berriz, mikro–txip baten neurria duen egiazko ikerketa zentroari deritzo; nano–garraiolariak, izenak berak dion bezala, farmakoak eta ADNa garraiatzeko eginbeharra duten egiturak dira; eta nano–motorrak, azkenik, ordenagailuz egindako engranaje atomikoak dira.
Ikusten den bezala, nanoteknologia bere lekua hartzen hasia da dagoeneko gure gizartean. Hau horrela izanik ere, zientzia eta teknologia berri gehienetan gertatzen den legez, nanoteknologian ere gauza asko daude oraindik ikertzeko. Baita bere mugak zeintzuk diren eta zeintzuk izan beharko liratekeen finkatzeko ere. Hala ere, oraingoz, pertsona eta zientzialari asko dira nanoteknologiaren alde agertu direnak, ekar ditzakeen onurak kontuan hartuz.
Ingurumenaren arloan, esate baterako, erosioa prebenitu dezake, eta baita aireko eta uretako kutsadura garbitu ere. Horren froga bat, lurraren egonkortasunari laguntzen dion osagai bat da (produktu organiko batez eta lau nanometro urez osatuta dagoena), zeinek hondatutako lurra babestea eta lurraren apurketa (erosioa) prebenitzea lor dezakeen, baita produktu honekin nahasturiko haziak ernamuintzea eta sustraitzea ere.
Hala eta guztiz ere, nanoteknologiak osasunaren arloan ekarri omen ditzake aurrerapenik itxaropentsuenak, izan ere, organismoko zokorik gordeenak araka daitezke ordenagailu mikroskopikoen bidez, giza gorputzari buruzko ikerketak erraztuz. Horrela, aipatutako nano–ordenagailuek irekitako ikerketa–bideez baliatuz, gaixotasun, istripu edo zahartzaroaren ondorioz gertatzen diren lesioak osatu ahal izango lirateke. Honez gain, nanoteknologiak birusak eta bakterioak borrokatzeko edota zelula kantzerigenoak suntsitzeko ere balio ahalko lukeela diote adituek. Nahiz eta oraingoz kirurgiarik puntakoena ezin izan den zelula mailara iritsi, teknologiaren adar berri honek aukera iraultzaileak eskainiko omen ditu.
Hori guztia kontuan hartuta, nanoteknologiaren onurak ezin dira zalantzan jarri; kezka ere sortu du, ordea, azken bolada honetan. Izan ere, nanoteknologiaren erabilera oraindik ez dago araututa, eta, produktu horiek dagoeneko merkatuan daudenez, beharrezkoa izango litzateke legedia lehenbailehen eguneratzea. Dena den, gaur egun oso gutxi dira nano–materialek ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen eraginei buruzko ikerketak. Horietako bat “Royal Society”k eta Britainia Handiko Ingeniarien Erregina Akademiak egindakoa da. Txostenean dioenez, “funtsezkoa da sistema erregulatzailea zorrotza izatea eta nano–produktuak produktu kimiko berri moduan ebaluatzea”. Honez gain, azterketan ohartarazten da nanoteknologiako arlo gehienak ez direla kaltegarriak osasunerako, baina, fabrikako nano–partikula batzuk oso txikiak direnez, erraz barreiatzen direla. Hori dela eta, “ingurumenean nano–partikula kopuru handiak askatzea debekatzea” gomendatzen da txostenean.
Horrenbestez, gaur egun dagoen nanoteknologiari buruzko informazioa urria den arren, zientzia mota berri hau oso erakargarria eta erabilgarria suerta daiteke etorkizunari begira. Izan ere, gizakia gehien kezkatzen duten arazoei (ingurumenaren eta osasunaren arloan, kasu) konponbidea aurkitzen lagun dezake, eragin ditzakeen kalteak eta arriskuak ondo ikertu, arautu eta kontrolatzen diren bitartean.
Bukatzeko, gizartearen iritziari dagokionez eta “Eurobarometro” erakundeak zientzia eta teknologia berriei buruz eginiko inkestaren arabera, europarrek nanoteknologia zelula–amen ikerketa bezalako beste hainbat gai baino askoz gehiago onesten dutela frogatu da, batez ere azken urteetan. Beraz, zalantza etikoak hain ugariak diren garai honetan, nanoteknologiak europarron morala nolabait errespetatzen duela dirudi.