420 Zenbakia 2007-12-14 / 2007-12-21

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Haritz Irureta. (Graffitigilea): Egunen batean euskal graffiti estilo bat egotea gustatuko litzaidake

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Marraztea eta bodyboard egitea atsegin du zarauztar gazte honek. Arte Ederrak ikasi zituen Leioako campusean. Bere ilusioa egunen batean euskal graffiti estilo propio bat egotea da. Kamisetak, infografiak eta graffitiak egiten ditu. Bere ezizena: TT3 da.

Marraztea gustuko duzula daki ezagutzen zaituen edonork, baina nondik datorkizu zaletasun hau?

Gogoratzen dut COU ikasten ari nintzenean hasi nintzela filosofiako klaseetan marrazkiak–eta egiten.

Leioan ikasi zenuela entzun dugu...

Halaxe da. Arte Ederrak ikasi nituen bertan, eta arte grafiko mundutik bideratu nintzen. Hala ere, hasiera batetan zalantzan egon nintzen Informatika edota Arte Ederrak ikasi. Orain informatika arte ederretan lantzen dut.

Esaterako?

Bi horiek uztartuz infografia egiten dut, asko gainera.

Hala ere, irakasle moduan egiten duzu lan.

Irakasle ari naizen laugarren urtea da hau. Plastika, informatika eta bideogintza eman ditut eta gaur egun goi–mailako ziklo batean diseinua ematen dihardut. Lana bera asko gustatzen zait.

Baina infografiak egiteaz gain, ezaguna zara mural eta graffitiak egiteagatik.

Bai. Esate baterako, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketan parte hartu nuen eta nire bi lan ikus daitezke, bata Mendaron eta bestea Getxoko hondartza batean. Bestalde, Zarautzeko merkatuan ere badago bat, 80 metro dituena. Hau inoiz egin dudan lanik handiena da.

Zure kabuz egin al dituzu?

Egia esan merkatukoa Zarautzeko Udalaren enkarguz egin nuen. Gainera, orain beste bat egiteko eskatu dit Antoniano Ikastetxeak.

Baina enkarguez gain kalean ere egingo zenituen...

Kalean mordoxka bat egin ditut eta gainera, etxean ere baditut batzuk. Kristal gainean koadro bezala jartzeko egin ditut azken horiek.

Jaso al dituzu kritikarik egindako graffitiengatik?

Ez, egia esan ez dut asko praktikatu kalean. Batez ere enkarguengatik egin izan ditut nire lanak. Gainera, graffitiak egiten ikasteko eskolak ere eman ditut. Alde horretatik, aipatu nahi dut toki ofizialetan alde batetik graffitia bultzatu nahi dela eta bestetik ez. Hau da, jendeak graffiti ikastaroak egin ditzan nahi dute eskolak antolatuz, baina aldi berean, ez dute kalean bat ere ikusi nahi.

Horren harira, zein da kaleko graffitiei buruz duzun iritzia?

Nik uste dut zenbait toki oso dotoretuta daudela irudiekin eta etekina atera diotela. Eta beste batzuetan marrazkia ez dator lekuarekin bat eta ez zait egokia iruditzen. Nik esaterako, EuskoTreneko tren bat margotu nahiko nuke. Baina gauez egin beharrean, arduradunekin hitz egin, akordio batetara iritsi eta kanpotik eta barrutik margotzea gustatuko litzaidake. Hala, zerbait deigarria, estetikoa eta txukuna irtengo litzateke.

Graffitigile bakoitzak ezizen bat izan ohi du...

Baita nik ere! TT3 (Pi–hiru). Nire abizenetik dator: Iru, Piru...

Zure lanak egiteko inspiratzen zaituen zerbait al dago?

Egia esan ez dut orain arte pentsatu. Infografia egitean kotxeak hartzen ditut, letrak, aurpegiak, eraikuntzak... Normalean deigarria suertatzen zaidan edozer. Bestalde, eguneroko gauzek eta ikusi dudan argazkiren batek ere inspiratzen nau. Baina batez ere, hizkiak gustatzen zaizkit.

Kamisetak ere egin dituzu.

Halaxe da. Serigrafian murgildu nintzen karrera amaituta, bi urte eta erdiz. Beti ateratzen nuen tartetxo bat nireak egiteko. Azken aldian badut gogoa, zenbait marrazki ere eginak ditut baina nahi baino gutxiago egiten ditut.

Eta jendeak erosten al dizkizu?

Jarri izan ditut saltzen zenbait dendatan. Hasiera batean horretan inbertsio serio bat egitea pentsatu nuen eta akaso denda bat irekitzea; baina azkenean ez nintzen animatu. Orain tarteka egiten ditut kamisetak eta lagunei saltzen dizkiet. Lagun onak ditut, eta egia esan, nahiko engainatuta daude... (barrez)

Ikusten denez, arlo desberdinak jorratu dituzu. Non sentitzen zara erosoen?

Egia esan denetan moldatzen naiz ondo. Nik irudi bat sortzen dudanean horri aplikazio desberdinak emateko aukera dut. Ordenagailua askotan erabiltzen dut, batez ere Freehand programa, eta honek irudia hondatu gabe edozein tamainatara handitu eta txikitzeko aukera ematen dit.

Beraz, marrazki berdina mural baterako edo serigrafiarako erabili dezaket. Hala ere, zuzenean ere egiten ditut graffitiak, eta bere xarma du, nahiz eta emaitzan nabaritzen den desberdintasuna, detaileak direla eta... Baina bi mundu desberdin dira.

Musikarekin ere baduzu harremana...

Bai. Lagun batekin performance bat egiten dut. Lagunaren ezizena Peli da eta bion ezizenaren konbinaziotik TTP irten zen. Musika eta margoa nahasten ditugu. Horma bat aukeratzen dugu eta ikuskizunak irauten duen erdia bat musika jartzen egoten da eta bestea margotzen; ostean aldaketa egiten dugu. Inprobisazioa erabiltzen dugu, ez dugu aurrez erabakitzen zer egin. Lauzpabost emanaldi egin ditugu, baina gehiago egiteko gogoz gaude.

Eta zer da DGraff?

DGraff diseinuzko graffitiak dira. Sortu dudan estilo bat da. Zergatik egin nuen? Ba egunen batean euskal graffiti estilo propio bat egotea gustatuko litzaidakeelako, eta hau nire ekarpen txiki bat da. Gu ez gara New Yorkeko Bronx auzoan jaio eta ez dugu estilo berdina egiten. Baina horrek ez du esan nahi ikurrinak–eta agertu behar direnik, e? (barre)

Amaitzeko, badaukazu proiekturen bat burutik bueltaka?

Liburu bat kaleratu nahi nuke. Ehun bat infografia sortu ditut dagoeneko, baina ez daukat dirurik eta laguntza bila nabil. Izan ere, norberaren poltsikotik ordaintzea garesti irteten da.... Haritz Irureta (Zarautz, 1976) Arte Ederretan lizentziatua da Haritz Irureta. Batez ere infografiak egiten dituen arren, graffitigilea ere bada. Hala, Euskal Herriko I. Graffiti Lehiaketa irabazi zuen. Enkarguak ere jasotzen ditu muralak-eta egiteko, besteak beste, bere herriko udalarenak. Ogibidez, baina, irakaslea da eta Barandiaran Lizeoan dihardu gaur egun diseinu eskolak ematen.