420 Zenbakia 2007-12-14 / 2007-12-21
Armentia Arabako hiriburutik, Gasteiztik alegia, hiru kilometrotara aurki dezakegun herria da. Antzina, bertako biztanleria kopurua oso urria zen eta nekazaritzan aritzen ziren. Hasiera batean San Prudentzio baseliza erromatarra, etxe bakan batzuk, nekazal lurrak eta erreka txiki bat baino ez zeuden. San Prudentzio eliza.
Eskola txiki bat ireki zen 1936 urte inguruan; bertara, herri honetako eta inguruetako nekazal guztien semeak soilik joan zitezkeen. Geroago, 1940 inguruan, bigarren bat ireki zen hau seme–alaba guztientzat izanik. Ondoren, elizaren ondoan hirugarrena ireki zuten.
Elizaren ondoan, erreka inguratzen duen eta gaur egun San Prudentzio egunean gazteak esertzen diren zelaiaren inguruan hainbat aldaketa egon dira. Lehen, guztia lurrez eta belarrez inguraturik zegoen; gaur ordea, zati handi bat errepideak hartzen du. Hainbeste garrantzia hartuz joan da Armentia non autobuseko geltokiak ere badauden bertara iristeko.
Etxebizitza mordoa eraiki dituzte Armentian azken urteetan. Gehienak txaletak izateak Armentia herririk aberatsenetarikoa bilakatu dela erakusten digu. Familia asko dira hona bizitzera datozenak, eta ondorioz, gaur egungo bertako biztanleria adin guztietakoa da. Aitzitik, lehen, gehien bat adin zaharreko herria zen.
Bestalde, aldaketa gehiago ere jasan izan ditu urteen poderioz, besteak beste, umeentzako parkeak, liburutegia, sagardotegiak eta bertan egin diren hainbat berrikuntza. Halaber, lehen oinarrizkoa zen lehen sektorea baztertzea ekarri du.
Orain, denboran zehar gertatu izan diren aldaketa guzti hauetaz azalpen argiagoa izan dezagun, Armentian betidanik bizi izan den 78 urteko gizon bati herriaren garapenari buruz galdetu diogu bere ikuspuntua eman diezagun:
Honek herriaren lehengo eta oraingo egoera ikusirik pozik dago, herriak izan duen garapena eta berrikuntzekin alegia. Hala ere, Armentia nekazal herria zen garai horretan egiten ziren hainbat gauza faltan botatzen dituela aitortu digu. Lehengo jendeak animaliak zituen etxean eta lurrak lantzen zituen. Orain ordea, etxe gehienak txaletak direnez, behiak, ardiak, oiloak... haztearen ohitura guztiz galdu da, nahiz eta herriaren erdialdean (eliza inguruan) bizi diren gutxi batzuk arrautzak beren oiloetatik atera oraindik. Orain dela 25 urte gutxi gora behera, Gasteiz eta inguruetako herrien jendea haren etxera omen zihoan esne bila. Orain ordea, badaki hori berreskuratzeko aukerarik ez dagoela. San Prudentzio ospatzen 1934. urtean.
Elizak askoz garrantzia handiagoa zuen orain baino, eta bertan antolatzen ziren ekitaldiak garrantzia handia zuten. Baseliza erromatar honek zuen botere handia zela eta, Gasteizko eta inguruko herri gehienetatik etortzen omen zen jendea.
San Prudentzio patroiaren egunari buruz ere hitz egin dugu berarekin. Egun hau ospatzean orain lehen baino askoz jende gehiago etortzen dela azaldu digu, lehen hurbileko herrien jendea baino ez baitzetorren. Lehen elizak hartzen zuen garrantzia handiena, mezetara joaten zen jendea. Orain ez bezala, taberna txikia bakarrik irekitzen zuten eta gizonek bola–jokoan jolastera joaten omen ziren. Oroitzapen bitxi bezala gogoratzen du bere garaian etortzen ziren gizon askok egun osoa edaten egon ondoren ezinezkoa zutela etxera bueltatzea eta hurrengo egunera arte bertan geratu behar izaten ziren.
Aspaldiko ohitura batzuk nahiago dituen arren, gaur egun Armentiak duen itxura bere garaikoa baino askoz erakargarriagoa dela onartzen du. “Egiten ari diren berrikuntza guztiei esker, esan beharra dago gauzak orain modu errazago batean lortu daitezkeela, halaber, lehen ez genituen hainbat gauza ditugu orain”, dio. Herriaren ondotik dauden tabernak adibidez.
Lehen zeuden zelaiak, errepideak... gaurkoekin alderatuz, oraingoak askoz hobeak direla ohar gaitezke, eta hauei esker ere herriaren itxura asko hobetu egin da. Esaterako, lehen lur zatiak baino ez ziren hainbat toki, autobus geltoki, parke, taberna, aparkaleku... bihurtu dituzte orain.
Azkenik, Armentiak erakartzen duen jende kopuruari buruz oso ondo hitz egiten digu gizonak. Herria ezagunagoa izatea ona da bere aburuz, igandero jende mordoa omen dator ibilalditxo bat egitera eta lasai–lasai etxe berri guztiak ikustera. Horri esker, handitu, itxuraz hobetu eta ondorioz, ezagunagoa bihurtu da.
Laburbilduz, aldaketa guzti hauek onak izan dira herria berarentzat eta hemengo biztanleentzat, gizon hau kasu. Bertan egondako aldaketekin pozik dagoela ikusi dugu, nahiz eta ohitura asko berreskuratzea gustatuko litzaiokeen. Armentiak urteekin izan duen bilakaera beraz, nahiko handia izan dela ikusi dugu. Lehen baino itxura hobea hartu du, azalera handiagotu du eta honekin batera herri garrantzitsuagoa bilakatu da.