351 Zenbakia 2006-06-09 / 2006-06-16

Gaiak

Manu Robles Arangiz Institutua Fundazioa

IRAETA QUINTELA, Fernando

Manu Robles Arangiz Institutua Fundazioko zuzendaria

Aurkezpena

Manu Robles-Arangiz Institutua kultur fundazioa 1991n sortzen da ELAren eskutik. Eta omenaldi gisa, urte luzez sindikatuaren presidente izan zenaren izena darama. Euskal mugimendu sindikalaren baloreak garatu, sakondu eta zabaltzea dira batez ere fundazioaren helbururik nagusienak.

Hitzaldiak, ikastaroak, mahai-inguruak, publikazioak (liburuak, txostenak, dokumentuak, ikerketak) eta Euskal Herriko sindikalgintzaren kultura indartzeko eta sindikalgintzan diharduten pertsonen jakintza maila igotzeko balio dezaketen beste aukerak bultzatzen ditu Manu Robles-Arangiz Institutuak. Helburu horiek lortzeko hainbat lan eta jardunaldi aurrera ateratzen ditu ere zenbait erakundeekin lankidetzan.

2004ean Manu Robles-Arangiz Institutua Ipar Euskal Herrian hasten da jardunean, eta bereak dituen eginkizunak garatzeko (mintzaldiak, mintegiak, argitalpenak, azterlanak, ...) bulego bat zabaltzen du Baionan. Asmoa da Fundazioak Iparraldean ahalik eta autonomia eta ekimen gehienarekin aritzea eta gizarte aurrerabideak eta euskaldunen borondatea kontuan hartzen dituzten pertsona eta mugimenduentzat lankidetza-erreferentzia izatea. Manu Robles-Arangizen biografia

Manuel Robles-Aranguiz. Bizkaitar politikari eta sindikalista, Begoñan 1884ko Abuztuaren 25an jaio zen. "Aberri"-ko kidea. 1924an, Primo de Rivera-ren diktaduraren aurkako idatzitako artikulu gogorrak direla eta, Argentinar Errepublikara erbesteratu egin zen. Bertan, Buenos Aires-eko portuan zamaketari gisa lan egin behar izan zuen, Buenos Aires-eko "La Razón" egunkarian lan postu bat lortu arte. Nahiz eta bertan eskaintza onuragarri bat jaso, berak Atlantikoa berriro zeharkatu eta Tarbes-en, Frantzian, erbestealdia bere emazte Luisa Bernaola y Salcedo-ren ondoan jarraitzea nahiago izan zuen. Bertan, Tarbes-eko "Le Sillon" egunkarian lan egitea lortu zuen.

Bere familia itsasgizonez osatuta zegoen eta, nahiz eta Nautikako zenbait ikasketa egin, bere familiak bide honetatik jarraitzen uzten ez diolarik, tipografo gisa lan egiten hasten da. 1908an, 15 urte dituela, Eusko Alderdi Jeltzailean afiliatzen da, 1911an Eusko Langileen Elkartasunaren sorreran parte hartuz. Urteak eman zituen "Euzkadi" egunkarian lanean eta "Euzko Langile" deitutako astekari baten zuzendaria izan zen. 1927an, bere lehenengo erbestealditik Bilbora itzultzen da.

Lana utzi eta bere familiari eta zaletasun gogokoenei (antzertia, literatura eta antzinako historia, non ezaguera handia duen) buru-belarri ekitea erabakitzen du. Parentesi hartan melodrama historiko bat idazten du baina, antzinako jantzien eta bestelakoen kostu handia dela eta, antzeztu gabe geratuko da.

1929an, bere alderdi politikoak (EAJ) Eibarren ospatzen den Biltzar Solidarioan parte hartzea behartzen du, honen amaierako ekitaldiaz arduratuz. Bere politikarekiko ardurak 1931ko Cortesetarako Diputatuen hauteskundeetan estatutu aldeko elkartasunaren izenean aurkeztea eraman zuen, Bilboko barrutian hautatua ateratzea lortuz. EAJeko Cortesetarako diputatua 1933an eta 1936an izan zen ere. II Eusko Langileen Elkartasunaren Biltzarrean, Gasteizen Apirilaren 29an eta 30ean eta Maiatzaren 1ean ospatua, Biltzarraren mahaiburua izendatzen dute eta, zuzendaritzaren eraberritzean, lehendakari hautatzen dute, nahiz eta, bere borondatez, behin-behineko lehendakaria; Gerra Zibilaren etorrerak eta ondoriozko diasporak karguan jarraiterazten dute.

Franco-ren altxamendua gertatzerakoan (Bilbon Elkartasunaren "Lan-Deya" organoaren zuzendaria zela), bere jarrera, Manuel de Irujo-renarekin batera, erabakigarri izan zen EAJek Errepublikarekiko leialtasuna mantentzeko. Atzerrira doa eta bertan Euskaldunentzako Laguntza Komitea sortzen du. Gerra bukatzean, Briscous-Beskoitzen kokatzen da eta frantses Erresistentziaren "Alsace-Lorraine" Sarearekin elkarlanean aritzen da.

Bilbora itzultzen da (1952) Franco-ren erregimenaren aurkako agitazioa indartzeko, eta 1953an atxilotu eta Martuteneko kartzelan sartzen dute. 25 urteko kartzela-zigorra edota 300.000 pezetako isuna ezartzen diote baina, nazioarteko presioei esker, aske uzten dute. Eusko Langileen Elkartasuna erakundearekin harremanetan jarraitzen du, baina 1960an Briscousera itzuli behar du. Konfederazio Sindikal honen III. Biltzarran, Eibarren 1976ko Urriaren 30ean eta 31an ospatua, berriro ere Lehendakaritza betetzeko hautatzen dute (1979an Gasteizen berrautatua).

Robles Aranguiz-en ihardueran azpimarratzekoa da Bigarren Mundu-Gerran, alemaniar okupazioaren bitartean, Erresistentzi Frantsesarekin eduki zuen lankidetza eta horrexegatik, hain zuzen, De Gaulle eta Eisenhower-engan kondekoratua izana. Bestalde, idazle bezala, artikulu eta kolaborazio ugariz gain, aipatzekoa da "¿Socialismo o... Comunitarismo?" liburua, Bilbon 1976an argitaratua. Beskoitzen (Lapurdi), 1982ko Urtarrilaren 28an hiltzen da. Patronatoa

Patronatoa Fundazioaren gobernaketa organua da. Gaur egun pertsona hauek osatzen dute: Presidentea: Eustakio Uranga Batzordekideak: Aintzane Orbegozo eta Marijose Viso Idazkaria: Joxe Angel Ulazia. Lan taldea

Manu Robles-Arangiz Institutuak taldeko lana hartzen du oinarritzat. Nahiz eta bakoitzak bere betebehar propioa izan, elkar lanaren kultura aberasgarria bultzatzen da talde honetan. www.mrafundazioa.org

Hauek dira lantaldea osatzen dutenak: Fernando Iraeta, zuzendaria Jean-Noël Etcheverry, Ipar Euskal Herriko ardudaduna Xabier Anza eta Gabriel Zeberio, argitalpen eta ikerketa arloa Joxe Angel Ulazia, prestakuntza arloa Rakel Goñi, dokumentazio zentrua Xabier Harlouchet, Alda!ren koordinatzailea Maialen Agirre, kudeaketa Egoitzak Barrainkua 13 - 48009 BILBO Telef. 00 34 94 403 77 99 Faxa: 00 34 94 403 77 66 e-mail: fundazioa@elasind.org 20 Cordeliers karrika - 64100 BAIONA Telef + Faxa: 00 33 559 59 33 e-mail: ipar@mrafundazioa.org www.mrafundazioa.org Helburuak

Sortu zeneko ildoari jarraituz, hainbat lan eta jardun, zenbaitetan beste erakundeekin lankidetzan burututako ekintzak, antolatzen ditu Manu Robles-Arangiz Institutuak. Sindikalgintzan diharduten pertsonen jakintza maila hobetzeko balio dezaketen prestakuntza saioak, alde batetik (hitzaldiak, ikastaroak, jardunaldiak eta mahai inguruak), eta hainbat liburu, ikerketa, eta txostenen edizioa, bestetik. Aktibitateak

Fundazioaren jardunak hiru lan ildo biltzen ditu: Prestakuntza: mintegiak, ikastaroak, jardunaldiak, hitzaldiak, etabar. antolatuz. Argitalpenak: liburuak, dokumentuak, ikekertak, txostenak eta monografikoak kaleratzen ditu. Alda! - Enbata astekariaren lau orri espezializatuak kudeatzen ditu. Dokumentazio gunea, prentsa laburpena, aldizkariak eta liburuak jasotzen dituena. Lokal inter asoziatiboa Baionan

Formakuntza programa iraunkor eta orokor bat abian jarri, formatu nahi duten Iparraldeko militante euskaltzale eta progresista guziei irekia.

Hastapenetik, nahi izan dugu Manu Robles-Aranguiz Fundazioaren Baionako lokala gure jardueretarakoez gain, Iparraldeko mugimendu abertzale eta progresistaren aktibitatearen azkartzeko baliagarria izan dadin. Gogoeta, eztabaida eta ikerketak egin ditugu ongi aztertzeko lokal zertarako baliatu, nola apaindu, zoin tresna militante eta zoin dokumentazio motarekin hornitu behar zen, finkatutako helburuak bete ditzan.

Gaurtik goiti, bilkura gela aldakor bat bada, talde ttipiak, biltzar nagusiak prentsaurrekoak eta bilkura publikoak ahalak eskaintzen dituena. Bideo-proiektagailu, sonorizazio integratua, mintzaldiak grabatzeko sistema, 90 jarleku eta abar hor dira kasu arruntenei egokitua den tresna bat izateko. Liburutegia, bideotegia, xoko bat irakurtzen egoteko, telebista bat, eta aldizkari espezializatuak ere baditu.