351 Zenbakia 2006-06-09 / 2006-06-16

Gaiak

Gerediagako haritzaren gereizpean

IRAZABAL, Jon



Gerediaga elkartea 1965. urtean sortzen da 1876. urtera arte berezko erakundeak izan zituen Durangaldeko pertsonalitatea eta eskualdetasuna berreskuratzeko Manuel Fraga Iribarnek bultzatutako “ley de asociaciones” dela medio. Bere izen ofiziala garai hartan “Asociación Gerediaga de Amigos de la Merindad de Durango” izan zuen. Askoren ustez Fragaren “hanka sartze” handia izan zen, berak eman zuelako baietza Bizkaiko gobernadorearen aurkako iritzia baztertuz. Nola izan zen? erregimen hartako pertsonak erabiliz... dena dela nahiz eta bere historiaren momentu batzuetan 1000 bazkide inguru izan, Gure eskualdeko herri konkretu batzuetan eta frankismo garaiko momentu zehatz batzuetan, lortu zuen behar zuen herrikotasuna bere inguruan lortu zuelako herri mugimendua biltzea eta herri horietako lanak eta arazoak elkartearen bidez bideratu zirelako.

Nahiz eta historikoki gure eskualdea 12 elizate eta 4 urik osatua izan, gaur egun 16 herri horiek 13tan bilduta aurkitzen dira eta udalerri horietan saiatzen da gure elkartea bere helburuak betetzen. Konkretuki; Durango, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Iurreta, Garai, Berriz, Zaldibar, Mallabia, Ermua, Izurtza, Mañaria eta Otxandio.

Elkarteak izan zuen lehen garai bat, 1965tik 1977ra. Askatasun gabeko garai hartan gure elkartearen ezaugarrietariko bat izan zen hainbat eta hainbat ekintzen babes-gune izatea; ikastola, gau eskola, dantza talde, Geroa antzerki taldea, euskera batuaren lehen urratsak, herrietako urbanismo arazoak, nekazari kooperatibak eta abar benetan luze bat Gerediagaren legalizazio ahul haren gerizpean sortu eta sendotu ziren. Interesgarria izango zen garai hartako historia zehatz bat biltzea lekukoak galdu orduko.

Garai hori bukatu ondoren denok ezagutu dugu nolako hutsunea izan genuen gure inguruan. Lau katu gelditu ginen elkartearen inguruan, agurrik ere esan gabe beste betebehar batzuetara joan ziren juntakide, bazkide... Askorentzat Gerediaga elkartearen funtzioa bukatuta zegoen, euren buruan gure elkartea ez zen izan gure eskualdeko nortasuna, berreskuratzeko tresna baizik eta garai “txar” batzuetarako babesleku interesgarria. Zorionez dozena erdiko talde batek jarraitu zuen eskualdetasun hori aldarrikatzen, elkarteak iraun zuen eta ondorioz gaur eguneko garaietara heldu. Ez da tokia bakardadeko urte horiek gogoratzeko baina bai iraun zuen talde txiki hori gogoratu eta eskertzeko.

Azken urteetan Gerediaga elkarteak jarraitu du alde batetik ohizko ekintzak antolatzen inertzia baten ondorioz. Batzuk aintzinatik datozen ekintzak ditugu, adibidez “Ezpatadantzari eguna” edo “Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa”. Azken hamarkadetan beste mota batzuetako ekintzak ere antolatu ditugu. Arte eta historia buruzko erakusketak (1984 urtean Andra Mariak, 1986. urtean Erdi aroa Durangaldean, 1987. urtean Durangoko bonbardaketa, 1998. urtean Durangoko Lurra...). Erakusketa arloan, bereziki landu dugu herririk herri tokiko argazki zaharren erakusketak, konkretuki Abadiño, Iurreta, Atxondo, Elorrio, Durango eta Berrizen. Hauetatik kanpo hainbat argazki erakusketa antolatze-laguntza eman diegu Durangaldeko beste kultur elkarte batzuei. Gure eskualdeko arkitektura, arte, literatura, historia, etnografia eta abar luze bat arakatu ditugu hainbat eta hainbat hitzaldiren bidez. Ekintza honen bitartez saiatu izan gara gure inguruaren ezagupenean sakondu nahi duenari heziketa tresna bat eskaintzen. Nahiz eta sorkuntzako gunetik izan, gure elkarteko helburuetariko bat gure kultur ondarea babestea izan da. Ondare arloan azken urteetan aldakuntza handiak izan ditugu. Hasiera batean hainbat eraso salatzen genituen prentsa eta abarretan. Bide hau oso erasokorra zen baina bere fruituak ematen zituen. Geroztik saiatu izan gara beste arlo batzuk ere lantzen hau da katalogazioa, babesa eta ikerkuntza. Gaur egun harro ahal dugu egon atzera begiratukeran eta ikusi gure inguruan oinarrizko eraikuntzak zutik gure lanari esker.

Dokumentategia izan dugu azken urteetan elkarteko “altxorra”. Bertan lur honi buruzko hainbat eta hainbat liburu, eskuiskribu, argazki, audio eta bideo grabaketa eta abar luze bat bildu ditugu. Helburua: “Durangaldeko herrien edozein gairi buruzko informazioa batzea, informazio hori dakarren komunikazio baliabidea edozein izanda ere.” Bertan XV. mendetik XXI. mendera bitarteko dokumentazioa aurkitu ahal da, gure eskualdeko edozein gairi buruz. Tratamendu berezia merezi du Argazki artxiboa. Lan talde baten ondorioz gure inguruari buruzko milaka irudi bildu ditugu. Euren bidez ahal dugu ezagutu desagertutako paisaiak, eraikuntzak, jendea, ohiturak, dantzak etab. Bazkideek

Gaur egun 200 bazkide inguru osatzen dugu elkartea. Ez da inongo baldintza berezirik bete behar elkarteko kidea izateko baizik eta Durangaldea maitatu eta urteko kuota ordaindu [2005. urtekoa 20 ¤] Elkarteko batzordeak urte askotan pertsona berdinek osatu ondoren gaur egun hausnarketa luze baten ondorioz bere barne egitura aldatu du eta haize berriak ditugu gaur egun zuzendaritzan. Etorkizuna

Elkarteak lau ardatz ditu etorkizunean lan esparru nagusi bezala.

Alde batetik elkartearen berrantolaketa lanak. Gaur egun ia gaindituta duguna eta bazkideen kopurua nagusitu, bere presentzia ere gure gizartean nagusitzeko.

Bigarren arloa, eskualdetasuna dugu. Arlo honetan sorreran baino txartoago gaude gaur egun. 1965. urtean Durangaldeko biztanleek “zerbait” ezagutzen zuten herri arteko elkartasuna etab.ri buruz. Geroztik izandako inmigrazioa, irakaskuntzan gaia ez dela jorratu, erakundeek bultzatutako lurralde “banaketak” etab. direla medio 1965. Urtean baino kontzientzia gutxiago dago eskualdetasunari buruz. Arlo hau sorreratik oinarrizko helburua dugu Gerediagan eta horrela izanik bera dugu lan arlo garrantzitsuenetarikoa.

Hirugarren arloa dugu kultur arloa. Ekintza zuzenetatik kanpo bultzatu behar dira eskualdetasuna adierazten dituzten arloak, ikerketak... eta lurralde honetako kultur talde eta erakundeen arteko harremanak. Bereziki landuz eskualdearekin lotura dituzten ezaugarriak, adibidez folklorea, ondarea... hobeki adierazten dizkigutelako gure lurraldeko berezitasunak.

Laugarren arloa eskualdeak XXI. Mendeak dakartzan erronketan parte hartu. Kasu batzuetan partaide zuzenak izanik, beste arlo edo gai batzuetan gure lana “mugimendua” bultzatzea izaten Durangaldea baztertuta gelditu ez dadin eta beti atzera, historiari begira egon barik, etorkizunaren gaiak kaleratu beharra ditugu eta zirikatu erakundeak etab. euren alde apustua egin dezaten. Eta azoka? Azokak elkartearen barnean bere bizitza propioa du eta gainera berak bakarrik gune guzti hau beteko zuen eta horregatik pentsatu dut hobeki dela beste baterako uztea bere gora beherak. Orduan... beste barik udaberriko egun berotsu honetan beste batera arte Gerediagako haritzaren gerizpe luzetik, benetan arbola honek bere 40 urteetan luzea izan duelako Euskal Herrian zehar bere gerizpea.