351 Zenbakia 2006-06-09 / 2006-06-16

Gaiak

Sabino Arana Kultur Elkargoa Euskadiko gizarte, kultur eta ideologia elkarrizketak sustatzen

SABINO ARANA KULTUR ELKARGOA



Sabino Arana Kultur Elkargoa kultur erakunde bat da eta 1988ko urrian eratu zenetik zeregin oparo eta aberasgarria garatu izan du, pentsamolde abertzale, demokratiko eta aurrerazalearekin zerikusirik duen oro ikertzen, biltzen, eztabaidatzen, gogoeta egiten eta argitaratzen.

“Atzokoan finkatuz gaur biharkoa bultzatu” izan da eta hala izaten dirau Kultur Elkargoaren jarduerari bidea ireki dion goiburua. Jarduera horretan beti izan ditu jardun-printzipiotzat askatasuna, demokrazia eta giza eta gizalde eskubideak europazaletasun sendo baten esparruan.

Horregatik, Sabino Arana Kultur Elkargoak orain artean egin izan dituen ezin konta ahala lanak zorrozki atxiki zaizkio espiritu horri. Historia eta gertakariak ondo eta sakon ezagutzeak gaur egungo errealitateak interpretatzea eta etorkizunerako prestatzea ahalbidetzen duelako ustea da, Kultur Elkargoak bere zereginari ekiterakoan eta berori garatzean izan zuen eta duen filosofia.

Horrexegatik, Kultur Elkargoa beti ahalegindu izan da bizi den gizartearen parean egoten eta berorren eguneroko arazoei hurbiltzen. Hau da, azken buruan Euskadin gizarte, kultur eta ideologi elkarrizketa sustatzea.

Ildo horretan, XXI. mendean euskal gizarteak aurrean dituen erronkei erantzuna emateko asmoarekin eragiten dituen debateak sorraraztea helburu, Kultur Elkargoak tresna bi baliatzen ditu bereziki: Gogoeta eta Elkarrizketa Mintzatokia eta Hermes aldizkaria. Gogoeta eta elkarrizketa mintzatokia

Sabino Arana Kultur Elkargoa jendartean ezagun egin duten jarduera nagusietako bat beraren Gogoeta eta elkarrizketarako mintzatokia da. Euskal gizartean ezaugarri bilakatu den unibertso ugariaren ideietara hurbiltzeko ez dago hoberik ideia-alderaketa, elkar ezagutzea eta, azken buruan, kultura-mestizaia baino.

Antolatzen den topaketa bakoitzak bere kezka du, besteenaz bestelakoa, eta bere helburu zehatza, zein, praktikan, asebete egiten baita, haietan parte hartzera etortzen diren aditu eta espezialista ugariek erakusten duten interesa ikusita. Sabino Arana Kultur Elkargoak elkarraldiak egiteko mintzagunea ipintzen du, elkarrizketa eta eztabaidarako agertokiak proposatzen ditu, gero, ezagutza desberdinak, diziplina osagarriak eta ideologia kontrajarriak dituzten pertsona zenbaitek, euren iritziak batera ditzaten elkarrizketa eta tolerantziaren bitartez.

Gaiak denetarikoak izan ohi dira: “Foru-ezabapena”, “Euskadi, bidegurutzean”, “Emakumea eta botere politikoa”, “Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak”, “Elkarrizketa gatazkak konpontzeko bide gisa”, “Euskal hiritar berriak”, “Euskal autonomiaren bidarriak eta mugarriak”, etab. dira urteotan eztabaidatu diren kontu batzuk.

Gogoeta eta elkarrizketarako mintzatoki horretatik bertoko, Estatuko nahiz nazioarteko pertsona nabarmen anitz igaro dira. Besteak beste, aipatu daitezke: Shlomo Ben-Ami, Matteo Zuppi, Denis Haughey, Francesco Cossiga, Julio Maria Sanguinetti, Hector Gros Esplell, Jaime Mayor Oreja, Rodrigo Rato, Pedro Martinez Montávez, Willy This etab. HERMES pentsamendu eta historia aldizkaria

Harako 2001eko urtarril hartan Kultur Elkargoak egitasmo bat abian ipini zuen ahalegin askoz eta biziki gogotsu: HERMES pentsamendu eta historia aldizkaria.

Denbora horretan guztian hiru hilabeterik behin ateratzen den aldizkari hau, elkarrizketarako eta debate ideologiko eta politikorako sortutako tresna berri bat izateko asmoarekin sortua, eta Euskal Herrian mintzatzen diren hiru hizkuntza ofizialetan idatzia, finkatzen joan da eta ezagun bihurtu Euskal Herriko politika, kultura, ekonomia eta gizarte esparruetan.

Hermesen pertsonen eta herrien, gizarte eta politika taldeen askatasunerako eskubidea berresten da, autodeterminaziorako eskubidea herrien askatasun politikoaren adierazpidea dela ezagutzen du eta, era berean, euskal gizartearen izaera anitza bere gain hartuz, abertzaleaz bestelako politika eta gizarte agerpenak aintzatestea exijitzen. Aldizkari honetan pertsona nabarmen askok idatzi dute, besteak beste: Michael Keating, Juan José Ibarretxe lehendakaria, Xose Manuel Beiras, Peter Caruana, Mohamed Abdelaziz, etab.

Aipatu behar da agerkari honen edukia gure web orrian ere agertzen dela. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoa eta Museoa

Sabino Arana Kultur Elkargoak egiten dituen jarduera guztien artean baten bat nabarmendu beharko balitz, hori Abertzaletasunaren Agiritegiak garatzen duena izango litzateke. Eta Agiritegiaz hitz egitean, ezinezko egiten da izen bat ez aipatzea: Jesus Insausti “Uzturre”. Sabino Arana Kultur Elkargoko Lehendakaria izan zenarentzat betetako “amets” bat izan zen. Eta berak bakarrik ipini zezakeen hitzetan gaur egun leku hori dena eta esan nahi duena: “Gu joan gaitezenean, denok geratuko gara hemen pixka bat paper zahar hauen artean”, esan zuen Jesusek inaugurazioaren egunean. Artea Arratian dagoen Agiritegiaren Meñaka Jauregiko instalazioak guretzat oso berezia izan zen egun batean inauguratu ziren: Sabino Aranaren jaiotzaren urteurren-egun batean, 1993ko urtarrilaren 26an.

Gaur egun Agiritegi hori, zeinen alde hainbeste borrokatu baitzen Uzturre, euskal gaiei buruzko ia 30.000 monografia ingururen aterpetxe da; hango hemerotekak 5.000tik gora argitalpen dauzka —horien 130.000 ale dauzkagu gordeta—; miloi batetik gora dokumentu daude euskal abertzaletasunaren historiaz: Euzko Alderdi Jeltzalearen artxiboetakoak eta 1.200etik gora dohaintza-egile partikularrenak (dokumentazioa, argazkiak eta hainbat gauza). Horrek guztiorrek, etorkizunean gure herriaren iraganean murgildu nahi diren guztientzat erreferentzia-gune izango dena eratzen joatea ahalbidetzen digu. Euskal Abertzaletasunaren Museoa

Euskal Abertzaletasunaren Museoa bakarra da Euskadin arlo horretan; gidaridun bisiten bitartez eta modu erakargarrian ibilbide bat eskaintzen du Euskadiren historiako azken mendean zehar: Sabino Aranaren sasoitik eta Gernikako Estatuturaino, 36ko gerran, frankismoan eta erbestaldian barrena, hori dena, hainbat eta hainbat pertsonak dohaintzaz emandako jatorrizko gauzakiz osatutako erakusketa baten bitartez.

Beste alde batetik, Museoak urtero antolatzen dituen bai aldi baterako erakusketek bai ibiltariek euskal historiaren zenbait alderditan nahiz Kultur Elkargoak hizpide hartutako gaur egungo gaietan sakontzen laguntzen dute. Horretarako, Meñaka eraikinean artaturik dituen material historikoak baliatzen ditu, hala agiritegikoak, nola biblioteka eta hemerotekakoak, nola museokoak, baita elkarrekintzazko eta ikus-entzunezko bitartekoak ere.

Orobat, zenbait erakunde eta instituziorekiko lankidetzak ere azpimarratu behar dira. Ildo horretan, zenbait erakusketa abian ipini dira, horien artean, bat, bost kontinenteetan herri indigenak bizi dituen errealitateaz, Mugarik Gabe GKEarekin elkarlanean; beste bat, Sahararen gainean, Frente Polisarioren Euskal Herriko ordezkariekin elkar hartuta; beste bat, “Esteban Urkiaga “Lauaxeta” euskal olerkariaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, Arte Eder Museoa edo Federico Garcia Lorca Fundazioa eta Euskal Museoa bezalako erakundeen lankidetzarekin; edo Amnistia Internazionalek parte hartuta antolatu zen “Espetxean” erakusketa, etab. Museoaren web orrian informazio gehiago aurki daiteke. Horiexek dira, laburbilduta, Sabino Arna Kultur Elkargoak garatzen dituen jarduera nagusiak, beti euskal gizartearen kultur beharrizanak asetzeko helburuarekin eta arreta berezia ipinita Euskal Herriaren historia, hizkuntza, kultura, etnografia eta errealitateari buruzko azterlan eta ikerketen sustapen eta garapenean, eta, zehazkiago, pentsamolde abertzale demokratiko eta aurrerazalea ezagutarazi eta hedatzeko.