351 Zenbakia 2006-06-09 / 2006-06-16
Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak1, 1974an Bizkaiko Ikaskuntzen Departamentu gisa sortu zenetik2, besteak beste, euskal gaien inguruko ikerketa sustatzea du helburu. Hori dela bide, sortu eta berehala, informazio bibliografikorako bulegoa eta euskal gaiei buruzko liburutegia abian jarri zituen.
Informazio bibliografikoa emateko xede hori beharrizan eta aldi berrietara egokitzeko, 1994-95 ikasturtean, dokumentazio-zentro bat sortu zen: EUSKALDOK. EUSKALDOK, Euskal Dokumentazio Zentroa
Euskal Dokumentazio Zentroa, Deustuko Unibertsitateko eta bereziki Euskal Gaien Institutuko irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunetan laguntzeko eta Institutuak euskal kulturari buruz egiten duen zabalkunde-lanerako ezinbesteko tresna da. Baina, batez ere, euskal gaien inguruko erreferentzia, informazio eta aholkularitza zentroa da. Era berean, liburuak ez diren materialak, bigarren mailako argitalpenak eta askotariko dokumentazioa biltzen ditu.
EUSKALDOK euskal kultura eta historia ikertu, ikasi eta zabaltzeko eta erakundeei, profesionalei eta adituei laguntzeko tresna izateko sortu zen eta, horretarako, horien esku jartzen du euskal bibliografiari eta dokumentazioari buruzko informazioa. Helburu hori lortzeko, egoki irizten zaizkion dokumentazio-baliabideak sortzen ditu.
Ildo horretatik, Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskal herritarrei buruzko erreferentzia- eta informazio-zerbitzua abian jartzeaz gain, horri guztiari buruzko informazioa sortu eta zabaltzeari ekin zion. Urte hauetan, eginkizun hori hurrengo hauetan islatu da: Euskal Gaien Institutuak argitaratzen duen “Enseiukarrean” euskal hizkuntza eta literaturari buruzko Unibertsitateko aldizkariaren aurkibidea egin da; euskal hizkuntza eta literaturari buruzko aldizkariak hustu dira, eta hortik “Euskaraz” datu-base bibliografikoa sortu zen; eta, batez ere, Internetetik kontsultatzeko moduko aurkibideen datu-basea egin zen, “Aurkinet” izenekoa. AURKINET, aurkibideen datu-basea
Euskal Gaien Institutuak, dokumentazio-zentroa abian jarri eta berehala, aldizkako argitalpenen aurkibideei buruzko informazio-zerbitzua ezarri zuen.
Horretarako, euskal gaietan berezitutako argitalpenei zabalkunde handiagoa emateko eta liburutegiaren espaziotik kanpo erabiltzailearen informazio-beharrizanak asetzeko, 1999ko otsailean, “Aurkinet” izeneko aurkibide elektronikoen aldizkaria Interneten jarri zen, interesa zuten guztiek kontsultatzeko moduan. 2000-2001 ikasturtean, “Aurkinet” aurkibideen datu-base bihurtu zen.
Gaur egun, Aurkinet aurkibideen datu-baseak euskal gaiei buruzko edo euskaraz idatzitako 139 aldizkariri dagozkien 3478 aurkibidetara sarbidea ematen du.
Datu-basea etengabe eguneratzen da, eta hurrengo hau biltzen du:
1. Euskal gaiei buruzko edo euskaraz idatzitako ikerketa-aldizkariak3, argitalpen-lekua gorabehera. Aipatu baseak ez ditu barnean hartzen literatura-aldizkariak, informazio-aldizkariak, aldizkari ofizialak, tokiko prentsa, erakunde pribatu eta publikoen prentsa, etab. Edonola ere, aldizkako argitalpen horiek Interneten bertsio elektronikoa badute, Euskaldok4 zentroaren web orrialdeko “Loturak5” ataletik horietan sar daiteke.
2. Kronologiari erreparatuz, 1950etik6 gaur egun arte argitaratutako aldizkariak dira. Hori dela eta, gaur egun oraindik argitaratzen diren aldizkariekin batera, honezkero argitaratzen ez diren izenburuak ere badaude.
3. Edukiari dagokionez, Euskal Herriko lurralde desberdinei lotutako lanak eta euskaldunek beste lurralde batzuetan duten agerpenari buruzko informazioa jasotzen dituzten aldizkariak dira, batez ere, gai hauen ingurukoak: Kultura eta giza zientziak: gizarte- eta kultura-antropologia, arte ederrak, historia eta laguntza-zientziak, hizkuntza, literatura ... Gizarte-zientziak: politika- eta administrazio-zientziak, zuzenbidea, ekonomia, hezkuntza, soziologia... Natura-zientziak eta lur-zientziak: antropologia fisikoa, botanika, geografia, zoologia...
Informazioa bi ataletan egituratzen da: · Aldizkariak
Aldizkari bakoitzari buruzko informazio orokor eta eguneratua eskaini nahi da. Erreferentzia bakoitzean, datu hauek jaso dira: errotulua, izenburu osoa, ISSN, editorea, periodikotasuna, gaiak, izenburu-aldaketa (halakorik baldin badago). Horrekin batera, aldizkari horiek web orrialdeetan artikulu guztiak edo batzuk osorik eskaintzen badituzte, orrialde horietarako loturak ere gehitzen dira. · Aurkibideak
Aurkibide bakoitzaren inguruan, informazio hau ematen da: aldizkaria, urtea, liburukia eta artikuluen izenburuen taula, egilearen edo egileen izena eta hasierako eta amaierako orrialdeen zenbakiak. Artikuluak argitalpenean duten ordenaren arabera aurkezten dira. Era berean, aldizkariko atal desberdinen izenak ere eskaintzen dira.
Informazio hori bi modutara kontsultatu daiteke: alfabetoaren araberako zerrendak erabiliz edo zuzenean, kontsulta-formularioen bidez:
· Aurkibideetara aldizkarien izenburuen araberako aurkibide alfabetikotik sar daiteke edo, bestela, aldizkarien edukien araberako aurkibide alfabetikotik.
· Artikuluetara egilea edo izenburua oinarri hartuta sartzeko, bilaketa bi modutara egin daiteke: Arrunta: testu askea. Erregistroak egilea edo artikuluaren izenburuko hitzen bat erabiliz berreskuratu daitezke (baita erreseñak ere). Aurreratua: kontsulta-formulario baten bidez. Bilaketa-irizpide hauek konbinatu daitezke: egilea, artikuluaren izenburua, aldizkariaren izenburua, argitalpenaren urtea, aldizkarien gaia, eta erreseñarik nahi den edo ez. Hau da, zenbait termino konbinatu daitezke eta bilaketa zein eremutan egin nahi den zehaztu.
· Emaitzak oinarri hartuta, bilaketa berriak egin daitezke horietan “nabigatuz” (egileen izenak, aldizkarien izenburua eta faszikulu zenbakia). Amaitu aurretik, ezin dugu aipatu gabe utzi Euskal Gaien Institutuak. Euskal Herriari, euskal herritarrei eta euskal kulturari buruzko ezagutzak zabaldu eta hedatzeko teknologia berrien alde egiten duen apustua, bi proiektu hauen bidez: Aurkinet eta Liburutegi Juridiko Elebiduna, Internet bidez horietarako sarbidea doan eskaintzen baita. Lehenengoak, hain zuzen ere, euskal aldizkarien eta/edo euskal gaiei buruzko edo euskaraz idatzitako aldizkako argitalpenen informazio-zerbitzuak, lehenengo pausoak besterik ez ditu eman oraingoz, eta bigarrenean, Liburutegi Juridiko Elebidunean alegia, euskarazko testu eta hiztegi juridikoak kontsultatu daitezke. 1 Deustuko Unibertsitateko (Bilboko egoitza) Hitzaldien aretoan aurkeztu eta inauguratu zen 1979ko azaroaren 21ean. Institutu berria ez da ex novo sortu, Bizkaiko Ikaskuntzen Departamentuan aurreikusitako garapenaren emaitza da. Departamentua, Deustuko Unibertsitateari atxikia, 1974ko urtarrilaren 31ko osoko bilkuran onetsi zuen orduko Bizkaiko Probintzia Aldundiak. 2 SANTA MARÍA GARCÍA, M.ª Carmen: “Biblioteca del Instituto de Estudios Vascos de la Universidad de Deusto”. In Sancho el Sabio : revista de cultura e investigación vasca = Euskal kultura eta ikerketa aldizkaria . 2. urtea, 2. aldia, 2. zk. (1992), 345-352. or. 3 Ikasturte honetan, aldizkarien sorta handitu egin da, euskaraz idatzitako aldizkariak jaso baitira, batez ere unibertsitateetan argitaratzen direnak. 4 http://euskaldok.deusto.es 5 Atal honetan, euskal gaien inguruan ikertzen ari den pertsonarentzat erabilgarriak diren beste baliabide batzuetarako loturak ere jaso dira: liburutegien katalogoak, datu-baseak, hiztegiak. 6 Aldizkari batzuen kasuan (Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Bulletin du Musée Basque, Cuadernos de la Cátedra Miguel de Unamuno, Egan, Munibe, Principe de Viana, Société des Sciences, Letres et Arts de Bayonne : bulletin, Txistulari), haustura artifiziala saihesteko, informazio zaharragoa ere eskuratu daiteke.