332 Zenbakia 2006-01-27 / 2006-02-03

Gaiak

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapenari zuzendutako alegazioak

HARITZALDE NATURZALEEN ELKARTEA

GARMENDIA IARTZA, Koro



Haritzalde Naturzaleen Elkartean kezka handia eragiten digu hiria izaten ari den hazkundeak, lurzorua sistematikoki okupatzeko joera nagusitu baita, ingurumenaren kaltetan. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Haritzaldek udalerriko biodibertsitatearen kontserbazioaren inguruan egin dugun diagnostikoak argi eta garbi erakutsi digu habitat naturalak desagertze eta zatikatze bidean daudela. Hostozabal, harizti eta baso mistoen eremuak izan beharko luketenak, forma luzatuko orban batzutara mugatuta gelditu dira, maiz urbanizatzeko zailak diren ibarretan.

Benetan kezkagarria iruditzen zaigu ekologia eta paisaiaren aldetik balio handia zeukaten eremuak ere, teorian babestekoak zirenak, mehatxuaren atzparretatik kanpo gelditu ez izana, eta mota ezberdineko erasoak pairatzea. Landa eremua, bestalde, paisaia zipriztintzen ari diren eraikinez gainezka dago -legez kanpokoak batzuk, eta legezkoak besteak, hamaika trikimailu tarteko-, eta, horrela, areagotu baizik ez da egiten ingurumenari egiten zaion presio antropikoa. Argazkia: Mary Thorman (calmasucoco@iname.com).

Haritzaldeko kideok behin baino gehiagotan salatu dugu onartezina iruditzen zaigula hizkuntza hirigintzaren ikuspegitik erabiltzea. Ezin da, inolaz ere, eraikinik gabe dagoen lurzorua libre dagoenik esan, eta ezta ere hirigintza plangintza baten onespena jasotzeko zain dagoen lurzorua birjina denik. Espazio horietan, habitat zehatz bat osatzen duten landaretza eta fauna daude. Hiriak, hazi ahala lurralde horiek okupatzen dituen heinean, osotasunean edo neurri batean suntsitu egiten ditu kokapen horietako balio naturalak.

1992an Río de Janeiron Lurraren Gailurra ospatu zenez geroztik, agerian gelditu da planetako biodibertsitatea galtzea arazo benetan larria dela. Espezieak galzorian jartzen dituzten arrazoi nagusiak gizakiarekin daude lotuta, eta, zio horien artean lehena, habitatak aldatu eta suntsitzea da. Donostia ez dabil errealitate horretatik urrun, erabat suntsitu baititu padurak eta, hauekin batera, bertako landaretza zein fauna. Dagoeneko ez da gelditzen baso sendorik ere, eta ibai zein ubide ugari kanalizatu egin dira.

Puntu honetara iritsita, esan beharra dago ezinezkoa dela garapen iraunkorraz mintzatzea, lurzoru okupatuaren kopuruak gora egiten jarraitzen badu. Haatik, inolako oreka lortzekotan, prozesuak alderantzizkoa izan beharko luke. Uneotan, itzuli egin beharko genuke prozesua, eta lursail hiritartuak berreskuratzeari ekin.

Donostiak inolako ezaugarririk baldin bazeukan, orlegiaren eta urdinaren arteko konbinaketa zen, mendiarena eta itsasoarena alegia. Tamalez, baina, hiria galtzen ari da bere gerriko orlegia, eta gris kolorea hartzen hasia da. Horregatik, eta aurrez adierazitakoagatik, Haritzalden lursail hiritartuak berreskuratzearen eta izadia lehenera itzultzearen aldeko apustu garbia egiten ari gara. Argazkia: Kathy Bishop (kat@1bydesign.com).

Udalerriko hirigintzan ikus daitekeen bezala, hiria kanporantz hazten ari da gaur egun, barnerantz baino askoz ere proportzio handiagoan. Barne Erreformak (PERI) egiteak askoz ere errentagarritasun ekonomiko txikiagoa izango du, eta eragozpen handiagoak, baina ingurumenaren aldetik sortzen diren konnotazioak ez dira inolaz ere parekagarriak. Lurzorua sistematikoki hipotekatzen ari gara, balio naturalak suntsitzen, eta hauetako asko, gainera, ezin izango dira berreskuratu; izan ere, narriatzen diren eremuak, berriztatu arren, ez dira sekula lehen bezalakoak izaten.

Zentzu honetan, zer-nolako hiria nahi dugun hausnartu beharko genuke. Bisitatzeko ala bizitzeko hiria nahi dugu? Kanpokoentzat, donostiarrentzat ala denentzat? Hiriarentzat aukeratzen dugun ereduak adieraziko dizkigu eremu guztietan jarraitu beharreko ildoak, baina eredu hori, nolanahi ere, plangintza eta proiektuak diseinatu baino lehen zehaztu beharko litzateke, batez ere datozen urteotan indarrean egongo den Plan Orokorra behin betiko onetsi aurretik, bertan zehaztuko baitira aurrera begira egin beharreko jarduerak.

Hiriaren hazkundea, okupaturiko lurzoruaren espazioaren arabera neurtzen da normalean, eta, batez ere, parametro ekonomikoen bidez. Hiria barnealdean ere hazi eta aberas daiteke ordea, hiriko bizi kalitatea eta ingurumena hobetzen. Tamalez, garapen iraunkorra iruzur galanta bihurtu da, betiko ohiturak estaltzeko atari polita.

Plan Orokorraren Aurrerapena begiratuz gero, kontraesan eta inkoherentzia ugari aurkituko ditugu hiriaren beharrei erantzuteko planteamendu eta proposamenetan. Etxebizitzen kopurua nabarmen handitu, eta enpresentzat espazio zein azpiegitura berriak sortu nahi dira, eta, aldi berean, bizirik mantendu nahi dira nekazaritzako ustiapenak, hirian berdegune gehiago zabaldu nahi dira, eta ingurumenaren kontserbazioa sustatu. Labur esateko, hori ezinezkoa da. Ustezko garapen horiek, landa eremu eta ingurune naturalen aurkako atentatuak izaten dira orokorrean, eta guztiz bateraezinak. Argazkia: Allie.

Arazoa, neurri batean, etxebizitzek Donostian daukaten salneurri garestiaren ondorio da. Urteak daramatzate babes ofizialeko etxebizitza berriak egiteko beharra dagoela esaten. Azken urteotan sustapen ugari egon diren arren, ez dira prezioen igoera geldiarazteko gauza izan, eta ez diote arazoari konponbiderik eman. Kasu askotan, neurri efektibista eta elektoralistak baino ez dira, etxebizitza librea alde handiarekin gailentzen baitzaio etxebizitza sozialari. Gainera, hutsik dauden etxebizitzen kopurua egunetik egunera gora egiten ari den bitartean, gero eta lurzoru gehiago okupatzen jarraizen da. Espekulazioa puri-purian dago, eta arazoari aurre egiteko konponbidea ez datza inguru naturalaren kontura sustapen berriak egitean. Gure etorkizuna hipotekatzen ari gara, zentzu guztietan.

Eraikitzen jarraitzeko beharra dagoela sinestarazi nahi digute batzuek, eta babes ofizialeko etxebizitzak aitzakia paregabea dira familia bakarreko etxebizitzak sustatzeko, nahiz eta ez diren ez oso sozialak, ezta oso jasangarriak ere, Miramon, Basozabal eta Atotxa-Errekako kasuetan ikusi ahal izan dugun bezala. Hipokresiaz eta zinismoz jarduten dute, arazoari -hutsik dauden etxebizitzen kasuari bereziki- erantzunik eman gabe.

Antzeko zerbait gertatzen da hutsik dauden lokalekin. Beharra dagoela argudiatuz, industrialde eta parke teknologiko berriak eraikitzen dituzte, baina, egiaz, lokal askok urteak ematen dituzte okupatu gabe, edota espekulazioaren negozioan erabiltzen dira. Etxe multzoetako etxabe asko hutsik edo erabili gabe daude. Beste behin ere esan beharra dago lurzorua ondasun urria dela, eta okupatu beharreko eremu naturala ere mugatua dela. Hori guztia, lehen azaldutako ideiarekin dago lotuta, hau da, zer nolako hiria nahi dugun hausnartu behar dugu. Nolako auzoak nahi ditugu? Eramangarria al da hiritarrek, oinarrizko zerbitzuak jaso ahal izateko, distantzia luzeak egin beharra, eta, horrela, ibilgailua gero eta gehiago erabili behar izatea?

Gogoeta orokor hauek amaitu baino lehen, azpiegitura guztiek ingurumenaren gainean izango duten eragina ebaluatu ez izana kritikatu nahiko genuke -dena dela, ez dugu prozesuan sinesten, bere planteamendutik hasita biziatuta egon delako, eta, euren nahierara egin diren txostenen bidez, irudia garbitzeko aprobetxatu dutelako-. Zentzu honetan, ingurumenari kalte garrantzitsuak eragingo dizkioten hiru egitasmo biltzen dira Urumea bailaran: abiadura handiko trena, Donostiako bigarren gerrikoa eta Urumeako autobia, dagoeneko exekuzio fasean dagoena, eta besteak beste ibaiaren haltzadirik onena deuseztatu duena. Baina, Plan Orokorraren Aurrerapenean, azpiegitura horiek guztiak ez ezik, bizileku gune berriak ere aurreikusten dira. Gipuzkoan, nekazaritzarako dauden lurrik onenak hartuko dituzte horretarako, eta betiko hipotekatuko. Azpiegitura horiek guztiak garatzea ez da nekazaritza ustiapenak mantentzearekin bateragarria. Haritzalde Naturzaleen Elkartearen lehentasunen artean, Ingurumena aztertu eta berau kontserbatzea dago; horregatik, paisaia eta ekologia babestearen alde egingo dugu, espazio narriatu edo nahasiak berreskuratzearen alde, eta landa ingurua kontserbatzearen alde. Lagungarria izango litzateke xede horrekin figura babesle berri bat sortzea, esate baterako Udalerri Eremuko Interes Naturalistikoko Lekua. Horrez gain, ezinbestekoa da berdeguneak elkarren artean lotuko dituen korridore orlegien sare bat sortzea, beren isolamendu eta banaketa ekiditearren.