
Artisautza
Francisco Rebé Ramírez. Tapizatzailea: Produktuak
GARMENDIA IARTZA, Koro
Jangelarako besaulkia Tapizatzaileek denetarik egiten dute, baina nagusiki honako lanak: Ateak forratzea. Lastairak forratzea. Besaulkiak, butakak eta abar forratzea. Oheburuak, holtz tolesgarriak eta abar forratzea. Hormak forratzea.
Garai batean, oso modan jarri zen ateak forratzea. Batzuek sarrerako atea bakarrik forratzen zuten, baina bazen etxeko ate guztiak forratzen zituenik. Oihala, blusa edo larrua erabiltzen zen horretarako, baina batez ere, %95ean, skay delakoa.
Aspaldian, jende guztiak lastaira gainean egiten zuen lo -hau da, artilezko koltxoiaren azpian joaten den elementuan-, baina gaur egun ia inork ez du erabiltzen.
Francisco Rebé artisauak besaulkiak, aulkiak, butakak, sofak eta abar forratzen jarraitzen du.
Ia denetarik egin behar izan du urte hauetan zehar; besteak beste, orain arte aipaturikoaz gain, denda eta saltokien erakusleihoak forratzea, armentzako panopliak, “galeriak” forratzea (balkoi edo leihoen gainean jartzen ziren egiturak, haietatik errezelak zintzilikatzeko eraztunak jartzeko), eta abar. Oheburua
Baina gaur egun hain zabaldua dagoen “erabili eta botatzeko” elementuak erosteko ohitura, kalte handia egiten ari zaio lanbide honi. Adibidez, kalitate eskaseko butaka bat puskatzen denean, jende gehienak berri bat erosten du, tapizatzaileari konpontzeko eraman beharrean. Gauza bera gertatzen da lastaira eta bestelako elementuekin.
Beste alde batetik, besaulki mota batzuk seriean egiten dira, mekanikoki, eta ez dute berriro tapizatu edo estaltzeko aukerarik ematen. Zenbaitetan, merkeagoa ateratzen da berri bat erostea, berriro tapizatzea baino. Normalean jende adindua izaten da etxeko butakak mantendu nahi izaten dituena, eta, berri bat erosi baino, nahiago du daukanari tapiz berri bat ezartzea.
