307 Zenbakia 2005-07-01 / 2005-07-08

Artisautza

Francisco Rebé Ramírez. Tapizatzailea: Erremintak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

ERREMINTAK

Benetan harrigarria da zein erreminta gutxi behar dituen artisau tapizatzaileak lanerako: Josteko makina. Iltzeak ateratzeko tresna: bihurkin baten antzeko palanka txiki bat, “V” itxurako ahoa duena. Iltzeak, tatxetak, grapak eta abar kentzeko erabiltzen da. Zurezko mazoa, aurreko tresnarekin batera eta beste kasu batzuetan erabiltzeko. Tapizatzaileen mailua. Une jakin batean, mailu magnetikoak agertu ziren, non iltzea mailuari lotuta gelditzen zen, eta horrela errazagoa suertatzen zen berau jartzea. Oihal, larru, skay eta abar mozteko guraizeak. Oihalak eusteko orratzak. Jostorratzak, kurboak zein zuzenak. Erregelak, eskuaira eta konpasa. Eusteko sarjentak. Aire konprimatuaren bidez eragiten den grapagailu mekanikoa.

Aipaturiko horiek guztiak, oinarrizko erremintak dira, baina, ulertzekoa denez, tapizatzailearen tailerrean beste elementu batzuk ere aurkitu ditugu, ia beste edozein tailerretan bezala: Hainbat ahotako aliketak. Kurrikak. Limak eta arraspak. Zurarentzako igorkia. Garlopinak. Ebakitzaile edo kuterrak. Bihurkinak. Eztenak. Errematxatzeko makina. Botoiak egiteko makina. Beste batzuk.

Eskuzko zulagailu elektriko bat ere badu, esmerilatu edo lixatzeko erabiltzen duena, eta hortzak zorrozteko disko bat. Bere erremintak.

Material suntsikorrei dagokienez, iltzeak (oholak elkarri uztartzeko), tatxetak (oihalak egurrean iltzatzeko, bai buru handikoak, bai txikikoak, azken hauek "zursare" deituak), grapak, liz-paperak, kolak eta ezer gutxi gehiago. Elementu hauek guztiak hainbat mota eta neurritan dauzka.

Kolei dagokienez, garai batean “arratoi kola” izenekoa erabiltzen zen; animalia jatorriko gelatinaz zegoen egina, eta oso usain txarrekoa zen. Pastilletan saltzen zen, eta Maria bainuan prestatzen. Beroa zegoela erabili behar zen. Gaur egun, arotzen kola zuria erabiltzen da. Franciscok pintzel batekin aplikatzen du, hotza dagoela. Gehienetan, xingolak itsasteko erabiltzen da.

Tatxetak, Bilboko enpresa batek egiten zituen, Echeverría izenekoak. Baina gaur egun gutxi erabiltzen dira, hauen ordez grapak jartzen dira-eta.

Ehunei dagokienez, berriz, lehen oihal naturalak erabiltzen ziren: jutea, kotoia, etab., baina gaur egun gehienak kotoi eta sintetikoaren arteko nahasketak izaten dira. Edonola ere, aitortu beharra dago azken hauek sendoagoak direla. Bere aitaren erremintak.

Garrantzitsua izaten da “irudiak ondo ezkontzea”. Horretan oso garbi ikusten da artisau tapizatzailearen kalitatea; hots, altzari bat tapizatzean, oihalak dauzkan irudiak elkarri ondo jostean agertzen duen gustu eta kontuan. Gaur egun, goma-aparra ere erabiltzen da, lastairak bigun eta erosoagoak izan daitezen. Dentsitate ugaritako gomak aurki daitezke gainera, gogor zein bigun.