1 Zenbakia 1998-09-08 / 1998-09-18

Gaiak

Eusko Ikaskuntza 80 urte: Eusko komunitate zientifikoaren islada

AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, Joseba

Eusko Ikaskuntza 80 urte: Eusko komunitate zientifikoaren islada Eusko Ikaskuntza 80 urte: Eusko komunitate zientifikoaren islada *Traducción al español del original en euskera Joseba Agirreazkuenaga Duela 20 urte 1978an Jose Migel Barandianek Eusko Ikaskuntzaren ibilbide berriaren hastapenean Oñatiko Batzarrean "Eusko Ikaskuntzaren kondaira laburra" idatzi zuen. 1918an nola eta zergatik sortu zen azaldu eta gero balorapena egin zuen eta etorkizunari begira programa agertu ere bai : "Gure Eusko Ikaskuntzak ala behar du izan: Ikerketa oinarritzat darabillen elkartea". Euskal Herriko XX mendeko historian Eusko Ikaskuntza komunitate zientifikoaren islada izan dugu eta berebiziko garrantzia hartu zuen eta du, azken batean Euskal Herri guztian onarpena irabazten jakin duelako, euskal nortasuna zientzi ikuspegitik lantzeko eta garatzeko erakunde nagusienetarikoa bihurtzen jakin duelako. Oñatiko Unibertsitatea XVI mendean sortua izan zen mendetan goi mailako erakunde zientifikoa eta XIX mendearen lehen herenean garapen haundia lortu arren, 1841an lehenago eta 1901an gero Espainiako gobernuaren itxiera jasan behar izan zuen. Beste erakunde zientifikoa, goi mailako hezkuntzari loturik, Bergarako Erret Mintegia dugu 1776koan sortua baina ibilbide laburrekoa. XX mendean, goi mailako eskola bereziak izan arren, unibertsitate sistemarik gabe zegoen Euskal Herria eta bestalde eusko ikasketen azterketak amateurismotik goi mailako ikerketa mundura jauzia egiten ari ziren. Giro honetan eta 1917an Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Diputazioko kideekin batera egindako bileraren ondoren agerturiko manifestu politikoa, autonomia politikoaren aldeko abagadunean kokatu beharra dugu, 1918ko Eusko Ikasketen lehen Kongresua eta Eusko Ikaskuntzaren erakundetzea. Hiru aldi bereiz genitzake eta hiru zientzi gizon aipatuko dugu aldi bakoitzeko gidari eta islada izan diren heinean: 1. Sorrera eta bilakaera: Anjel Apraiz. 1918 1936 2. Berrerakundetzea eta ikerketa gune: Jose Miguel Barandiaran.1978 1991. 3. Berriztapena eta garapen berria: Gregorio Monreal.1992. 1. Sorrera eta bilakaera : Anjel Apraiz. 1918 1936 Anjel Apraiz, Gasteizeko Ateneoko idazkaria eta Salamancako Unibertsitatean Katedraduna 1917an Bilbon eman zuen hitzaldia euskal unibertsitatearen premia aldarrikatuz besteak beste eusko ikasketak garatzeko. Ideia horren ildotik Gipuzkoako Diputazioko lehendakariak Eusko Ikasketen Kongresua proposatu zuen eta 1918an hego Euskal Herriko lau Diputazioen eraginez eta Baiona,Gasteiz eta Iruineako elizbarrutietako apezpikuekin batera Kongresua antolatzeko patronatoa sortu zen. Iparraldetik kultur ikerlariak eta diputatuak heldu ziren Oñatira eta Espainiako Erregeak ere lehen egunean parte hartu zuen, hots, Espainiar Estatuko buru. Arrakasta handiko euskal Kongresua izan zen. Ekimenaren iraunkortasuna lortzeko sortu zen Eusko Ikaskuntza. Berez Eusko komunitate zientifiko berria antolatzeko era bat bihurtu zen eta helburu garbi bi: Euskal Herritarren kultura maila garatzea, Euskal Unibertsitatea eta autonomia politikoa lortzea eta aldi berean Euskal Herriko ideia desberdinetako ikerlariak biltzeko erakundea sendotzea. Giro honetan hurrengo urtean, 1919an, Eusko Ikaskuntzatik Euskaltzaindia sortuko zuten. Ordurarteko ikerketa eta kultur ekintza asko ohizko lore jokoetara loturik aurkitzen ziren, kutsu erromantikoan murgildurik. Baina 1918an unibertsitatetako irakasleak eta kategoria zientifiko berrietan adituak belaunaldi berria heziturik zegoen. Honela Eusko Ikaskuntza Sociedad de Estudios Vascos kategoriak zeresan berezia hartzen zuen. Anjel Apraiz izendatu zuten E.I.ko idazkari nagusi eta erakundearen gidaritza 18 urtetan berea izan zen. Hainbat kongresu, bilkura zientifiko, ikastaro, argitaralpen eta ikerketa burutu zituen erakundeak. Eusko Ikasketak goi mailako zeregin zientifikoa bihurtu ziren. Eta horrez gainera 1931an Estatuto general del Estado Vasco izenburupean autonomiarako proiektu integratua proposatu zuen. 1936ko gerra zibilak erakundea erabatpuxkatu zuen. Eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria zen Julian Elorza eta elkarrteko beste kide batzuk karlista izan arren, hau da, gerraren irabazleak, gerraostean ezerezean gelditu zen. Dena dela, beste kide batzuek, iparraldean Nazioarteko Eusko Ikaskuntza izenpean beste elkarte bat sortu zuten. 1948an Biarritzen eta 1954an Baionan Eusko Ikaskuntzaren 7 eta 8garren kongresuak antolatu zituzten. Jose Miguel Barandiaran ikerlarien artean agiri zen ekitaldi hauen eragile, baina gerora ez zuen jarraipenik izan. Hego Ameriketan beste kide batzuek Instituto Americano de Estudios Vascos sortu zuten. 2. Berrerakundetzea eta ikerketa gune: Jose Miguel Barandiaran. 1978 1991. 1976an aldaketa politiko sakonaren ibilbidea bere abiadan zegoen eta Jose Miguel Barandiaran eta Agustin Zumalabe lehen garaiko bazkideen kemenez eta lau Diputazioen laguntza ofizialaren laguntzaz 1978an 1936ko Junta Permanente delakoaren kideen deia Oñatin antolatu zen batzarrea eta berriz indarrean ezarri zen Eusko Ikaskuntza. Jose Miguel Barandiaran aukeratu zen lehendakari eta bere hitzaldian garbi azaldu zuen Eusko Ikaskuntza garai berrira egokitzen jakin behar zuela: " bainan oroi behar degu, oraingo mundu hau ez dala guda aurrekoa bezala. Orain teknikak, erainkinak, nagusialdeak, lantegiak eta mila eratako estugarriak edo erazoak darabillela gizaki bakoitza aizeak orbela bezala; bainan geldiur gabeko igitze hontan ere zenbait gauza beti dirauten dutenak badirala ta berak oinarritzat hartu bearra ezagutu" Unibertsitate berriak zeuden eta ikerketa gune ugari. Eusko Ikaskuntzan ikerketa elkargotzat jotzen zuen bere jomuga nagusia mundu berrian. Jose Miguel Barandiaranen zuzendaritzapean, berriz indarrean ezarri ziren ikerketa sailak, aldizkariak argitaratu,besteak beste RIEV, Kongresuak antolatu eta bazkideak bi milatik gora egin ziren. Baina urteak joan ahala erakunde publikoen partaidetza ahultzen joan zen eta bazterrean gelditzen, ulerturik gabe Eusko Ikaskuntzaren moduko zentzu akademikoko erakundeakgizarte zibil modernoetan duten funtzioa eta garrantzia. 1980ko hamarkadaren bukaeran hausnarketa eta kezka zegoen bazkideen artean. 3. Berriztapena eta garapen berria: Gregorio Monreal.1992. J.M. Barandiaran hil ondoren gogoeta biztu zen Eusko Ikaskuntzak erronka berriei aurre egiteko, bereziki bazterketatik ateratzeko eta euskal gizartearen ekimenei erantzuteko. G. Monreal aukeratua izan zen, bere programan ekintzabide zehatza aldarrikatzen zuelarik. Ordurarteko ohizko ekintzabidea ontzat harturik erronka berriak ezarri ziren: eusko komunitate zientifikoaren artikulatzeari ekitea, eusko ikasketen maila igotzea, nazioartekotasuneko sarean sartzea, kultur zabalkundeari ekitea, ikerlarien taldeak sendotzea eta kopuruz gehitzea, egiten ziren lanen zabalkunde eta komunikazioari irmoki eustea. Horrez gainera, Eusko Ikaskuntza erakundeen aurrean harreman berri bat sortarazi behar zuen eta zehazki ikerketarako finanziazio bideak ugaldu behar ziren. G. Monrealen lehendakaritzapean helburu berriak lortu ziren, Eusko Ikaskuntzaren onespena berriztu zelarik euskal erakundeen aldetik eta baita ere Espainiako Gobernuaren eremuan. 75 urteurrena Oñatin ospe handiz antolatu zen eta ohizko erakunde publikoen goi mailako partaidetzarekin, benetan Euskal Herri osokoak eta azpimarratzekoa Unibertsitate guztien goi mailako ordezkaritza. Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak berriz bi urterik behin egin dira, sariak sortu dira, Unibertsitateekin hitzarmenak sinatu dira, aipatu behar dira bereziki Oxford eta Nevadakoarekin sinaturikoak. Goi mailako ikastaro unibertsitariak ere antolatu dira, Jakitez izenekoa adibidez eusko ikasketetan trebatzeko, 100 irakasle desberdin erabiliz. Azken batean ildo berrian zientzi erakunde legez Euskal Herri mailan berrantolaturik gelditu da Eusko Ikaskuntza eta bere onespena zalantza barik ezarria. Juan Jose Goiriena de Gandariasen lehendakaritzapean ildo beretik garatzen ari da Eusko Ikaskuntza eta erronka berriak ezarriz: Ikerketa zentru legez, guztira urte honetanadibidez 48 ikerlari ari dira lanean Eusko Ikaskuntzan eta 160 kidek laguntzak jasotzen dituzte ikerketak burutzeko. Bestalde une honetan Eusko Ikaskuntza birtuala sortzen ari da eta modu honetan mundu mailan zabaltzeko ekimen berria dugu. Nahietaezkoa bihurtu da erakunde berria, Eusko Ikaskuntza birtuala. Komunikazio sare berriei garrantzia ematen zaie kultur zabalkundean premiazkoa bihurtu delako eta ezagutzan oinarrituriko gizartean hainbat gehiago. Horrez gainera beste proiektu enblematikoa Eusko Enziklopedia berria sortzea da. Beraz mende berriari begira, Eusko Ikaskuntza zientzi ikerketa gune legez sendo agiri da eta Eusko Komunitate zientifikoaren erreferentzi gune izanik kultur industriarena ere bada jadanik, euskal gizartean eta Euskal Herriko erakunde publikoen aurrean.