1 Zenbakia 1998-09-08 / 1998-09-18

Gaiak

Zarauzko Euskal Jaiak. 1924ko irailaren 9ko hura..., hura zen festa hura!

AZPEITIA, Agurtzane

Zarauzko Euskal Jaiak. 1924ko irailaren 9ko hura..., hura zen festa hura! Zarauzko Euskal Jaiak. 1924ko irailaren 9ko hura..., hura zen festa hura! *Traducción al español del original en euskera Agurtzane Azpeitia Eizagirre "Hace muchos años viviendo yo en Zarauz, se me ocurrió que el verano podría alargarse un poquito. ¿Cómo? Haciendo el 9 de Septiembre, día de la virgen de Aránzazu, Patrona de Guipuzkoa, una importante y llamativa fiesta (...) Se me ocurrió, pues, hacer una grandiosa fiesta vasca, con premios a las mejores carrozas, para los grupos mejor presentados y las parejas vestidas con mayor gusto (...) Lo curioso es que desde entonces 1924 y eso que ha pasado más que un cuarto de siglo continúa haciéndose todos los años y se puede decir que es una de las fiestan que gustan más" Mauricio Flores Kaperotxipi (1) Hitz hauek argitzen digutenez, Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztar pintoreari otu zitzaion 1924.eko irailaren 9an parekorik izango ez zuen Euskal Jaia sortzea, euskal usario eta ohituretan erroturiko Euskal Jaia, hain zuzen ere. Ideia horri, ordea, berehala lotu zitzaizkion Jose Zinkunegi, medikua; Nikolas Mugika, pintorea; eta Bonifacio Echegaray, idazlea. Sortzaileen bizi xehetasunek erakusten digutenez, guztiek hartzen dute parte kultur mailako ekintzetan. Esate baterako, guztiak biltzen omen ziren Zarauzko "La Reja" zeritzan elkartean eta, dirudienez, elkarte honek Primo de Riveraren diktadurapean, Zarauzko herri kultur bizitzari zegokionez, eragin eta indar berezia izan zuen. Gisa honetako jai bat urtetik urtera indar handiagoarekin antolatu ahal izateko ez zen aski antolatzaile batzuk egotea; Zarauzko Udalak emandako baimenaz gain, ezinbestekoa gertatu zen herri osoaren partaidetza. Izan ere, herritarrak ziren sariak erosteko diru laguntzak ematen zituztenak; herritarrak ziren esku programa eta kartel dotoreak txoko guztietara barreiatzen zituztenak; eta herritarrak ziren, azkenik, ordu askotako lanaren izerdiz lehiaketetan parte hartzenzutenak, bai gurdiak prestatuz, bai ahal zen tokietatik euskal usarioan atonduz, eta baita, soinu eta dantzari esker giroa etengabe alaituz ere. 1924.eko urte honetan goiz partea, txistu eta danbolin soinuz "biribilketak" eta "trikitiak" dantzatuz pasa zuten zarauztarrek. Ondoren, 3:30etan, aldez aurretik prestatuak zituzten gurdien laguntzaz Iñurritzarantz (2) abiatu ziren. Urte honetan, "Trastorno" kuadrila herrikoiak prestatu zituen gurdiak, eta festa honen helburu nagusia uda luzatzearekin batera euskal ohitura eta tradizioa berreskuratzea zela kontutan izanik, talde honek euskal ezkontza zahar bat irudikatu omen zuen, bere "arreo" eta guzti. Harrez gero ere, ezkontza zaharrak behin eta birritan antzeztu izan dira, baina, bereziki, 1978 koa izango da aipagarriena. Hauxe baita gaur egungo Euskal Jaiari bizitasuna ematen dion "Alproja" antzerki talde herrikoiaren aitzindari. Urteetan zehar egin duen ibilbidea: Guda zibileko epe laburra kenduta bai baita1939 40 urteetan ospatu zireneko testigantzarik urtero urtero etenik gabe egin izan dira Euskal Festak. Ez dira, haatik, beti sasoi betean agertu. Inolako kanpo edo barne eragilerik gabe ere, Euskal Festak gorabeherak izan ohi zituen; gerta zitekeen garai bertsuan Zarauzko Euskal Festak ekintza ugariz horniturik sasoi betean egotea, nahiz hutsune nabariak sumatzea ere. Hala, berrogeita hamargarren hamarkadan hainbat hutsune zeudenez gero, Goiztarrak taldea izango da, Zarauzko Euskal Festak suspertzeko asmo sendoa bere gain hartuko duena. Talde honek goiz partea, piper eta gatz gehiagoz zirtatzeko, aintzinako ohitura zahar bat berreskuratu zuen; hau da, alkate, mikelete, mediku eta abarren papera hartuz, garai batean, festetan, korporazioak izaten zuen eginkizuna burutuko dute. Alabaina, aldaketarik bortitzena 60. hamarkadan sumatuko dugu. Izan ere, ordurarte Euskal Festak irailaren 9ko egunera mugatzen baziren, 1964.urtean, egun bakarra izatetik aste osoa izatera igaroko dira EUSKALZALEAK taldearen eskutik. Hala,Euskal Astea eta Umeen Euskal Jai Eguna sortuko dira: Umeen Euskal Jaia irailaren 9aren aurreko igandean egitea erabaki zen; eta, beraz, irailaren 9ko Euskal Festa eta Umeen Euskal Jaiaren artean geratzen zen tartea Euskal Asteari eskainiko zitzaion. Umeen Euskal Jaia: Euskalzaleak taldeko Manolo Urbieta eta Joxe Antonio Azpeitia izan ziren Umeen Euskal Jaiaren sortzaile nagusiak. Manolo Urbietak, beti etorkizunari begira, umeen ahotan euskara eta euskal kantua jarriko ditu, umeen bihotzetan euskal hazia ernalduz; eginbide garrantzitsua bezain latza izango da, beraz, Frankismo garai hartan bere egin zutena. Euskalzaleak taldea: Talde honek indarrean 1964 1978 bitartean iraungo du, nahiz eta bertan bi loraldi nagusi nabarmendu: 1964 1972 bitartekoa bata, eta 1972 1978ra doana, bestea. Talde honek, herri giroa, euskal giroa sortu nahi zuen: "Bide berrriak urratu, argi egin, ispilu izan, herri esnale... au da gure eginkizuna" ( Zeruko Argia, 1968ko irailaren 9). Taldearen helburua herria euskalduntzekoa zen. Eta, beraz, helburu hori ez da Euskal Festetara soilik mugatuko. Ez, behintzat, irailaren 9ko egun horretara, ez eta talde honen eskutik sortuko den Euskal Astera ere. Urte osoan zehar egiten zuten lan: "Konturatzen gera euskal asteko erriaren jokaera ez dala une batzuetako berotasunak sortzen duen emaitza, ta jai auek berak laguntza bat dirala euskal giro ori sortzeko" (Zeruko Argia 1968, "Euskal Jaiak Zarautzen"). Euskalzaleak taldearen berrikuntza nagusia zortzikoteen eta euskal irudien lehiaketak izango dira (3). Azkenik, gogoeta gisa aipa dezadan, Zarauzko Euskal Jaiak ez direla txukun eta ederki bildurik, hauts apurrik gabe kanpotarrei erakusteko gorde behar ditugun bitxi eta jostailuak; nortasun sustrai sakonak berreskuratuz eta geure eginaz herritarrok gozatzeko eta bizitzeko direla. Horretarako urteen ibilian bizi dugun gizarteari egokitzen eta gaur egungo beharretara gaurkotzen saiatu beharko dugu. (1) Floreskaperotxipi, M., 1963 Pablo Uranga. Vida, obray anécdotas del pintor Pablo Uranga, Donostia, Auñamendi. (2) Iñurritza edo San Pelaio Zarauzko auzo bat da: Iñurritza garai hartan eta gaur egun ere bai, agian espazio publiko zabalena eta naturalena zen, auzo herria, auzo nekazaria; eta baita Zarautzko herriko auzorik aldenduena ere. Bertan, ermitaren atzeko zelaigunea ospatzen da erromeria. (3) Esan dugunaren berri zehatzagoa eta osoagoa nahi duena jo beza liburu honetara: Aranzabal, M. & Azpeitia A. Zarauzko Euskal Jaiak (1998 Irailea argitaratuko da)