1 Zenbakia 1998-09-08 / 1998-09-18

Gaiak

Informazio Teknologia Berriei Buruzko Mintegia

GARMENDIA IARTZA, Koro

Informazio Teknologia Berriei Buruzko Mintegia Informazio Teknologia Berriei Buruzko Mintegia *Traducción al español del original en euskera Koro Garmendia Yarza Informazio teknologia berriei buruzko gaiak gaurkotasun handia duela eta, hauei buruzko mintegi bat izan zen ekainaren 19an Donostiako Miramar jauregian, Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Bi aditu arduratu ziren gai hau sakontzeaz: Javier DÍAZ NOCI, Eusko Ikaskuntzako Komunikabideen Saileko presidentea, "Informazio teknologia berrien deskribapena" eginez; eta Isabel HERNANDO, Donostiako Zuzenbide Fakultateko irakaslea, "Egile eskubideak eta informazio teknologia berriak" azalduz. Javier Díaz Nocik teknologia berriek gaur egungo gizartean sortzen duten zirrara izan zuen aztergai. Bistan da ordenagailua gailendu egin dela denbora gutxian, ia ezinbestekoa den etxeko tresna elektriko bilakatuz. "Informazio autopistak" errealitate dira jada; ludia (lehena deiturikoa, behintzat) birtualki elkarkonektatuta dago, informazioaren ia bat bateko elkarganbiorako prest. Bitarteko elektronikoaren abantaila nagusitzat, lan intelektualari ematen zaion hedapen itzela azpimarratzen da. Argi dago, bada, komunikazioa aldaketa sakonak ezagutzen ari dela. Horren guztiaren ondorioz, asko dira gizartearen informatizazioari buruz egin diren hausnarketak, horien artean ezagunenetarikoa 80. hamarkadaren hasieran Simon Nora eta Alain Minc irakasleek agintari frantsesen aginduz egindakoa izanik. Ordutik ia hogei urte igaro diren arren, euren planteamenduek balio osoa dute gaur egun ere. Beste zenbait adierazpenen artean, kaltetuen suertatuko zen arloetariko bat lan harremanena izango zela diote aipatu txostenean, zeren eta "informatikak ekoiztasun itzeleko gizarte baten etorrera baimendu eta bizkortzen du: lan gutxiago eraginkortasun handiago baterako, eta bizimodu industrialak inposatzen dituen lanpostuetatik guztiz ezberdinak direnekin. (...) Lehen eta bigarren mailako sektoreetan eskulanaren gutxiagotze nabarmena emango da, eta, batez ere,informazioa lehengai den jardueren ugaltzea". Era berean, New York eko Unibertsitateko irakasle eta "Tecnopolis" liburuaren egile den Neil Postman en jarrera azaldu zuen, zeinaren ustez "ordenagailuak erakunde burokratikoak indartu ditu, eta gizarte aldaketa esanguratsurako bultzada ezabatu; izan ere, ordenagailuek, erakunde politiko, sozial eta merkataritzakoen funtzionamendua automatizatzean, agian eraginkorragoak bihurtuko dituzte edota agian ez , baina egon ziur erakunde horien beharrezkotasunari eta nola hobe litezkeen galderari dagokienean, arreta desbideratzea lortu dutela". Interneten eta gainerako aurrerapen teknologikoen agerpenak (bideohitzaldiak, posta elektronikoa, sarrera urruneko datu baseak, etab.), Gutenberg en inprentak bere garaian sortutako iraultzaren parekoa ekarri du berekin, orduan inprentaren inguruan izandako eztabaidak errepikatzen baitira orain informatikari buruz. Gaur egungo teknologiaren ezaugarri esanguratsuenetariko bat, igorri nahi den informazio guztia birtuala izatearena da; "irudi batek mila hitz baino gehiago balio du" esaerak ongi baino hobeki laburbiltzen du adierazi nahi dena. Hala ere, inperio informatikoa ukaezina den arren, Díaz Nociren ustez bizitza luzea gelditzen zaio euskarri fisikoari. Atergabe ari da sortzen informazioa, eta ondorioz, informazioaren autorean nahiz editoreengan ipiniko da laster arreta; era berean, birplanteatu egin beharko da Copyright eskubidea. Benetan garrantzitsua Díaz Nociren oharra: ez ahantzi arazoa ez dagoela teknologia berrietan, gizakiak horiei ematen dien erabileran baizik. Atsedenaldiaren ostean, Isabel Hernandok Egile Eskubideen eta informazio teknologia berrien arteko harreman juridikoa azaltzeari ekin zion, bertaratutakoei aurrez jakinaraziz bere hitzaldia Egile Eskubideetara mugatuko zela, ez baita datuen babesari dagokionez dagoen eskubide bakarra (badira gehiago ere: informazioaren isilpekotasunari dagokiona, patenteak, markak, etab.). Internetek eskaintzen dituen erabilera anitzenartean, Worl Wide Web (WEB) delakoan oinarritu zen irakaslea. Informazio digitalizaturako sarrera erraza da WEBaren alderdirik erakargarrienetariko bat, baina arrazoi hau bera mehatxu da egile eskubideentzat; izan ere, 1996ko Jabetza Intelektualaren Legearen arabera (bertatik eratortzen dira baita Espainiak berretsitako Berna eta Parisko Hitzarmen aldeanitzetatik ere Interneta aplikagarri diren Egile Eskubideen oinarrizko printzipioak), esplotazio eskubideen titularraren baimen edo lizentzia eduki ezean, legez kontrakoa da Interneten argitaratutako materiale babestuaren edonolako kopia, erreprodukzio, argitalpen, irrati difusio zein banaketa egitea. Hernandoren hitzetan, aipatutako Jabetza Intelektualaren Legeak oso ongi jasotzen du Internet (erreprodukzio eskubideei dagokien derrigorrezko lizentzia izan ezik), arlo hau izanik azkar landu den lehenetariko bat, "sortzen ari den informazio negozio oro nola edo hala kontrolatua egon dadin lege ikuspuntutik, Estatu desberdinetako legalitatea bateratuz". Gardenkiez baliatuz, Egile Eskubideen oinarrizko alderdiak aztertu zituen, obra babestua eta euskarria desberdinduz (lehena baita babesten dena); lan bat "original" gisa kalifikatzeko betebeharrak zehaztuz (banakotasuna eta sormena); Jabetza Intelektualaren Erroldan egin beharreko inskripzioa borondatezko ekintza dela jakinaraziz; obraren "egile" titulua nork daukan adieraziz (printzipioz, obra literario, artistiko edo zientifikoaren sortzaile den pertsona naturalak, nahiz eta zenbait kasutan pertsona juridikoak ere izan daitezkeen)… Egile Eskubideak batik bat eskubide moralak eta esplotaziokoak barnebiltzen ditu. Lehenek (ukaezinak, besterenezinak, iraupen mugagabekoak eta obraren egile denak soilik izanik beren titulartasuna) aitatasuna, osotasuna, hedapena, atzeraegitea eta egilearen sarrera bere obrara babesten dituzte. Hedapenari dagokionez, zehaztasun bat egin behar da, zeren eta eskubide moralak negoziaezinak diren arren, "bai negozia dezakegula gure lana nahi dugunarekinlotuta heda diezagutela, edota ez dezatela heda nahi ez dugunarekin". Esplotazio eskubideen barne, erreprodukzio, banaketa, eraldaketa (zeina ia guztia den; argazki bat digitalizatzea ere eraldaketa bat da) eta Komunikazio Publikoaren eskubideak daude. Datu baseen produktoreen "sui generis" eskubidea ere badago, inork ez dezan bertan jasotako materialea atera nahiz berrerabili. WEB orri baten sorrerak, Datu Base edo CD Rom Multimedia produktu baten sorreraren eraentza juridiko berbera du. WEB orri baten produktore editore orok gogoan izan behar du lizentzia eta baimenak lortu beharra dagoela hipertestu loturak egiteko. Hiru dira lizentzia motak: edukiari, egiturari eta software ri dagozkionak hain zuzen ere, hirurek modu berean baina bakarka funtzionatuz; titularrak desberdinak izatea posible da eta. Badira legeak baimendutako zenbait jarduera, ez dagoelarik esplotazio eskubideen titularrari baimenik eskatzen ibili beharrik. Erabiltzaile legitimoen materialea legalki eskuratu eta lizentzia dutenen eskubideez gain, honoko beste hauek daude: kopia pribatua (Datu Base elektroniko edo ordenagailu programen kasuan izan ezik); aipamen eskubidea; publikoa eta egungoa den informaziorako eskubidea; itsuen erabilera pribatua; leku publikoetan kokatutako obren erabilera; hala eta guztiz ere erakunde publikoek (unibertsitate nahiz liburutegiek, esaterako) ez dute komunikazio publikorako eskubiderik, bai ordea erreprodukzio eta banaketarako. Hipertestu loturen baimenei "Netiquette" arauak zaizkie aplikagarri; beraz, lotu nahi den WEB guneko administratzaileari baimena eskatu beharko zaio, eta lotura kendu egin beharko da hala egitea aginduz gero. WEB orrietan gutxienez bost dira Egilearen Eskubideak babesten dituen elementuak: sortzaile produktoreak sortutako edukia; WEB gunearen garapen kontratua sinatzearen ondorioz errealizatzaileak sortutako eduki zehatza (kontutan izan behar da honokoa: enpresa bati WEB gunearen garapena egitea agindu bazaio, baina garapena ez bada egileeskubide zehatzekin azaltzen kontratuan, enpresak izango du titulartasuna); WEB gunerako espezifikoki sortutako software moduluak; aurrez existitzen den softwareren moduluak; eta izaera grafikoko interface en alderdi ez funtzionalak. Baliteke hasiera batean WEB orrian jarduteko modua ez egotea babestua, egitura orriaren diseinua dela frogatzen denean izan ezik, orduan egile eskubidearen bitartez babestuko baita. Eta, amaitzeko, aholku on bat: "jabetza intelektualeko gatazkak ekiditeko modurik onena, egile eskubideak espezifikoki negoziatzen diren kontratuak egitea da". Ondorengo mahainguruan, bertaratuetakoek galdera batzuk luzatu zikieten hizlari biei, gai honen inguruan zeuzkaten zalantzak argitzeko.