
Gaiak
Sekularizazioa eta sinesmen-dibertsitatea: gogoetarako garaia
Pertsonaren eta herriaren barne kohesioa josteko izan duen eginkizunagatik, tradizioz, kristautasuna izan da euskal nortasunaren ardatzetako bat; katolizismoa, zehazki. Kultur adierazpideak, ohiturak, bizitzaren urratsak, iruditegi partekatua, barne mundua, balioak, jarrerak eta jokabideak, tokian tokiko etxalde eta parrokia loturak… pertsonaren eta herriaren geruza oro erlijioak busti du. Baina, azken hamarkadetan, Europako beste herri askotan bezala, Euskal Herriko izaera erlijiosoan aldaketa sakona gertatu da. Pertsona eta herria erlijioaren emaritik urruntzeko aldaketa-prozesu horri sekularizazio deritzogu.
Sekularizazio prozesua fase eta modu ezberdinetara egin da Euskal Herri luze-zabalean, baina bada ezaugarri orokor eta nagusi bat: azkar egin da, bitartekaririk gabe. Erlijioarekiko distantzia hartzean, politikan, hezkuntzan, lan-munduan, ospakizunetan zein artegintzan, ez dugu erlijioak zeukan funtzioaz hausnartu, ezta norbanakoa eta komunitatea ehuntzeko zeukan gaitasunari ordainik eman ere. Horregatik, erlijioak iragan hurbilera arte zeukan emaria ezezaguna da askorentzat, eta, oraindik ere, aztertu gabe baztertu beharreko kontua.
Aurrekoari, gainera, beste gertakari garrantzitsu bi gehitu behar zaizkio. Alde batetik, azken migrazio fluxuek presentzia berria edota handiagoa eman diote beste erlijio edo konfesio batzuei. Islama eta kristautasunaren korronte ebanjeliko eta ortodoxoa dira Euskal Herrian gehien nabari daitezkeenak, katolizismoaz gain. Beste alde batetik, emozioetan oinarritutako hipermodernitatearen giro azeleratu eta likidoak erlijiotasuna ulertzeko subjektibitatea eta erlijio-erakunde eta tradizioekiko distantzia handitu ditu, eta zentzuaren gaineko gogoetari aukera gehiago eman dizkio; banakoak non eta zelan aukeratu gehiago du.
Testuingurua konplexua bezain interesgarria da: Euskal Herrian bizi den jendearen gehiengoa erlijiotik urrun sentitzen da, baina gizartea erlijiotan gero eta pluralagoa da eta sinesmenetan gero eta dibertsitate handiagoa dago. Hau da, sakratuak tokia galdu du eta harekiko subjektibotasunak garrantzia irabazi. Eta galdera handiak sortzen dira: Ba al dugu Euskal Herri osorako sekularizazioaren mugarriak ezartzeko ezagutzarik? Zer indar eduki dezake erlijioak egun Euskal Herria eta hura inguratu eta zeharkatzen duten gizarteen artean komunitatea ehuntzeko? Zer ahalmen eman diezaioke pertsonari bere burua ardazteko? Eta pluralean, zer dute erlijioek esateko? Erlijio-artekotasunak lehen erlijio bakarrak osatzen zuen ehunaren ordaina eman dezake? Nola bermatu eta bideratu erlijioen arteko elkarrizketa? Ardura bereziz, nola aitortu, aztertu eta zaindu iragan gertuko eta oraingo euskal kulturaren kristau sustraia zein transzendentzia-leiho ezberdinak? Eta, premia handiz, nola hurbildu erlijio-fenomenotik erabat urrun dagoen gehiengoa elkarrizketa ekumenikora?
Izan ere, urte askoan pentsatu izan da modernitatearen aurrerapenak erlijioaren atzerakada esan nahi zuela. Aspalditik, ordea, sekularizazioaren pentsalari nagusiek hori ezeztatu dute. Zientzia, teknika eta burokrazia handitzearekin batera, gizarteko geruzen bereizketa eta banaketa gertatu da, eta erlijioak –eta tradizioak, eta ohiturak, eta iraganak, eta sustraiak– indarra galdu du. Horren guztiaren ondorioz, norbanakoaren autonomia areagotu da, baina baita zentzuaren gaineko galderei erantzuna emateko erantzukizuna ere. Beste era batera esanda: Norbanakoa bere bizi proiektua eraikitzera askoz behartuago dago iraganean baino, baina baita bere hautuak eta konpromisoak justifikatzera ere, eta zentzuaren gaineko premiei erantzuna emateko heldulekuak bilatzera ere.
Charles Taylorrek eta bestek azaldu digute modernizatzea ez dela gizarte erlijiosotik erlijiosoa ez den gizartera iragatea, sinesmena garatzeko baldintzen aldaketa baizik. Fede-sinesmena bere-berezkoa ez den sasoia da gurea, eta horregatik ageri dira espiritualitate eta zentzu-bilaketa molde berriak zein erlijio aniztasuna. Ez dago autoritate indartsurik sinesmena eta munduaren zentzua zer den esateko Mendebaldean, eta bereziki Euskal Herrian. Sinesmenak gero eta gehiago norbere gogoetaren araberakoak dira, norbere barnatasunaren lanketaren araberakoak. Eta bi horiek, gogoeta eta barnatasuna, gero eta gutxiago lantzen dira gaur egungo hezkuntzan nahiz heziketan. Sinesmen-dibertsitatea hor kokatzen da. Baita horri loturiko komunitatea ehuntzeko itauna ere.
Izan ere, aurrekoari jarraituz, modernitatean ez da praktika erlijioso edota erlijio jakina galdu, erlijioaren emaria nagusi duen bizimodua baizik. Tradiziozko erritu, ospakizun, toki eta ekintzek talde-bizitzaren erritmoa erakusten zuten. Beste hitz batzuren bidez: komunitatea ehuntzen zuten. Kulturalki berez emanda zetorrena arrakalatzean, ordea, guztia hautu bihurtu da. Eta hor elkarrizketarako, aitortzarako eta bizikidetzarako erabakia ere koka beharko litzateke.
Sekularizazioak, ondorioz, sinesmenaren era soziala aldatu du. Erlijioa ez da desagertu, ezta transzendentzia, zentzua, misterioa edo sakratuaren gaineko galdera ere. Sakoneko giza-galderei erantzun sendo eta gertukoa emateko gaitasuna bai, aldiz. Gogoetarako galdera nagusietako bat, beraz, hau da: Sakoneko gramatika partekaturik, mitorik eta erritorik ez badugu, zer da erlijiosoa izatea hemen eta orain? Eta, horren ondoan: Sinesmenerako baldintzak aldatu diren testuinguruan, zer ekarpen egin dezake sinesmen-dibertsitateak komunitatearen ehuntzean?
Gogoeta beharrezkoa da. Gainera, azkenik, atzerriko herrien oso ostetik, erakunde publikoetatik gogoetaren garrantzia aitortzen hasi dira, bai gure herriari, bai gizarteari begira jardunbide egokiak gara ditzaten. Eusko Ikaskuntzaren baitan indarrean dugun Sinesmen-dibertsitatea eta komunitatearen ehuntzea proiektua gogoeta horretan ekarpena egitera dator. Proiektuaren asmoa da, besteak beste, erlijio-praktikek kultura nola ongarritzen eta gizartea nola kohesionatzen duten aztertzea, leku sakratuen, trantsizio errituen, hizkuntzaren eta jardun herrigileen zentzu-esanahien eragina begipean izanik. Horren bidez, elkarrekiko ulermena eta gizarte-kohesioa sustatuko duten balio-iturriak azaleratu nahi dira.
Euskal Herriak hori guztiori merezi du, bai iraganari, bai gaurgeroari neurria ondo har diezaiogun. Eta elkarrizketara, garai sekular eta plural honetan, guztiok deituta gaude.

