793 Zenbakia 2026-03-24 / 2026-06-16

KOSMOpolita

Amerika euskal literaturan: ibilbide pertsonal batetik begiratuta

BARANDIARAN AMARIKA, Asier

2007 urte inguruan hasi nintzen gai honi bueltak ematen. Garai hartan, egia esan, ikuspegia nahiko mugatua nuen: arreta guztia Ameriketan aktibo zeuden bertsolariengan jarrita nuen. Izan ere, haiek ziren —nire begietan— euskal kulturaren transmisioaren lekuko nagusiak diasporan. Jesus Goñi, Johny Kurutxet, Martin Goikoetxea edo Jesus Arriada bezalako izenek pizten zidaten interesa. Haien jardunak erakusten zuen euskarak eta bertsoak bizirik jarraitzen zutela milaka kilometrora ere.

Lehenengo lanek norabide hori hartu zuten. Bertsolaritza, ahozko jarduna, transmisio-modu bat bezala ulertuta. Eta hortik atera zen, besteak beste, Oral Tradition aldizkarian[1] argitaratutako lana, non Ameriketako bertsolarien jarduna aztertu nuen ikuspegi etnopoetiko batetik. Hasierako intuizioa sinplea zen: diaspora ulertzeko, entzun egin behar da.

Denborarekin, ordea, konturatu nintzen ikuspegi hori egokia izanik ere, ez zela nahikoa.

Egia da Ameriketan “egindako” euskal literaturaren zati handi bat ahozkoa izan dela. Bertsolaritza, funtsean. Eta ez soilik plazan kantatutakoa, baizik eta idatziz jaso dena ere: bertso jarriak, gutunak, egunerokoak, prentsako testuak… Horrek guztiak corpus oparoa osatzen du. Geroago Diasporako bertsoak[2] lanean bildu nuen bezala, “bertsolaritza idatzia” esparru emankorra izan da diasporako literaturarentzat.

Baina, horretan sakontzen ari nintzela, beste galdera bat agertu zen ia berez: eta narrazioa?

Izan ere, kontua da Ameriketan egindako euskal narrazioa badagoela, baina oso urria dela. Ez da bertsoen parekoa inondik ere. Horrek, ordea, ez du esan nahi garrantzirik ez duenik; kontrakoa, hain zuzen. Urria delako da bereziki esanguratsua. Testu bakoitzak pisu handiagoa hartzen du, nolabait esateko.

Hala ere, pixkanaka konturatu nintzen agian galdera gaizki formulatua zegoela hasieratik. Ez baitzen soilik “Ameriketan egindako euskal literatura” aztertu behar. Horrez gain, eta agian batez ere, begiratu behar zen nola agertzen den Amerika euskal literaturan.

Eta hemen agertzen da kontuaren gakoa.

Liburu honek, Amerika eta Euskal Diaspora Euskal Literaturan, ahots isil horiek berreskuratu eta aztertzen ditu,
euskal literaturaren barruan duten tokia eta esanahia argitzeko.

Euskaldunek Amerikarekin izan duten harremana mendeetakoa da. Harreman ekonomikoa, soziala, kultural eta existentziala. Horregatik, nahiz eta diaspora ez agertu beti modu esplizituan, Amerika bera maiz agertzen da euskal literaturan esparru literario gisa . Leku bezala, aukera bezala, ihesbide bezala edo, batzuetan, mito bezala.

Batzuetan, Amerika agertzen da aukera gisa: bizimodu berri baten promesa. Beste batzuetan, kontrara, urruntasunaren sinbolo bihurtzen da. Eta ez dira gutxi kasuak non Amerikak dimentsio ia literario-autonomoa hartzen duen: pertsonaien bilakaeran eragin zuzena duen espazio narratiboa.

Bestalde, ezin da ahaztu euskal diaspora literaturaren barruan ez dela bakarrik euskaraz egindakoa. Izan ere, “euskal gaia” indar handiz agertu da ingelesezko literaturan ere, bereziki Amerikako mendebaldean. Robert Laxalt bezalako egileek, adibidez, euskal-amerikar esperientziaren irudi literario sendoa sortu zuten, eta nolabait komunitate baten ahotsa bihurtu ziren.

Horrek guztiak lagundu dit beste ikuspegi bat garatzen: diasporako euskal literatura ulertzeko, ezinbestekoa da inguruko literatur sistemetara begiratzea ere. Hau da, ingelesez egindako lanak, amerikarren begirada, estereotipoak eta narrazio-patroiak. Horiek guztiak “ispilu” moduko bat dira, eta askotan laguntzen dute ulertzen zergatik diren euskal testuak diren bezalakoak.

Adibidez, artzainaren irudia. Ameriketako literaturan agertzen den euskal artzaina ez da soilik pertsonaia bat; sinbolo bat da. Bakardadea, lana, isiltasuna, duintasuna… Horiek guztiak kondentsatzen ditu. Eta interesgarria da ikustea nola irudi hori, modu batean edo bestean, euskal narratibara ere itzultzen den.

Bestalde, badira kasu interesgarriak non euskal egileek, Euskal Herrian bertan idatzita ere, Ameriketako esperientzia erabiltzen duten euren istorioak kokatzeko. Martin Ugalde edo Javi Cillero bezalako egileen lanetan, adibidez, Amerikako espazio konkretuek —Reno, Venezuela edo beste hainbat tokik— sinesgarritasun berezia ematen diote kontakizunari.

Horrelako kasuetan, Amerikak ez du soilik eszenatoki funtzioa betetzen. Atmosfera sortzen du. Eta, askotan, identitatearen inguruko galderak areagotzen ditu: nor naiz ni hemen? zer geratzen da jatorritik? zer bihurtzen da bidean?

Azken batean, hori da gai honen erdigunea: identitatea eta memoria.

Diasporak, berez, desplazamendua dakar. Eta desplazamendu horrek beti sortzen ditu narrazioak. Batzuetan ahozkoak, beste batzuetan idatziak. Baina beti dira saiakera bat ulertzeko zer gertatu den, eta zer bihurtu garen.

Horregatik, gaur egun gai honi begiratzean, ez nuke esango “euskal literatura Ameriketan” denik aztergai nagusia. Baizik eta zerbait zabalagoa: nola agertzen den Amerika euskal literaturan, eta nola agertzen den euskal esperientzia Amerikako literaturan.

Bi norabideko begirada bat, azken finean.

Eta horrek aukera ematen du ulertzeko fenomeno konplexu bat: nola eraikitzen diren identitateak mugimenduan, nola mantentzen diren (edo eraldatzen diren) tradizioak, eta nola bihurtzen diren esperientzia historikoak material literario.

Agian galdera batekin bukatu beharko genuke: non dago, gaur egun, euskal diasporaren literatura?

Erantzuna ez da erraza. Baina argi dago ez dagoela leku bakarrean. Ez dago hizkuntza bakarrean. Eta ez dago genero bakarrean.

Baina badago.

Eta, pixkanaka, agertzen ari da.


[1] Barandiaran Amarika, Asier (2009). The Creation of Bertsos by Four American Bertsolaris: An Approach to an Analysis. Oral Tradition, 24(1), 161-204.

[2] https://bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/view/7488-diasporako-bertsoak