Gaiak
Etikarik gabeko gizarte-ikerketen berezitasunak
Etikak ongiaren bilaketa eta betebeharren araberako portaerak bultzatzen ditu; kontzientziaren arabera jokatzera, eta modu kritiko eta zintzoan norberarentzako zein besteentzako onena bilatzera. Beraz, ikertzeko modu etikoak dira ikerlariaren, ikerketa-subjektuen eta, oro har, gizarte osoaren ongia bilatzen dutenak.
Modu etikoan ikertzeko, argi izan behar dugu zer ez dugun egin behar.

Ikerketa-prozesua eta diseinu metodologiko-teknikoak Gizarte Zientzietan (EHU, 2026) liburuan azaltzen dugun bezala, honako hauek dira etikarik gabeko ikerketen berezitasunak:
1. Gizarte-estraktibismoa sustatzen dute
Etikarik gabeko gizarte-ikerketetan, Ikerketa-subjektuak informazio-iturri hutsak dira; hau da, ikerketa-subjektuak objektutzat hartzen dira, eta ez eskubideak dituzten eta erabakiak modu autonomoan hartzeko gai diren pertsona gisa. Ikertzeko eredu linealari jarraituz, biltzen den informazioa ez da ikerketa-subjektuekin (inkestatu edo elkarrizketatuekin) kontrastatzen; ikerketa-subjektuei inoiz ere ez zaie euren egoerari buruz edo ikerketari buruz galdetzen; ikerketa bukatzen denean ere ez zaie informaziorik itzultzen; eta ez zaie euren datuak erabiltzeko baimenik eskatzen (baimen informatuak ez dira erabiltzen). Berdin da ikerketa-subjektuen edo ikertu ditugun gizarte edo komunitateen egoera fisiko, emozional edo psikologia; berdin da ikerketa-subjektuak ondo edo gaizki sentitzen diren ikerketarekin; ikerlariaren helburu bakarra da datuak biltzea.
2. Aurreiritziak, estereotipoak, bazterkeria, biktimizazioa eta homogeneizazioa indartzen dituzte
Aurreiritziak, estereotipoak, bazterkeria, biktimizazioa eta homogeneizazioa bultzatzen duten gizarte-ikerketek lan egiteko modu zehatz batzuk dituzte:
- Aurreiritziak sortzen dituzten, pertsonak diskriminatzen dituzten eta/edo ikerketa-subjektuak estereotipatzen dituzten sailkapenak, kategoriak, galde sortak eta gidoiak erabiltzen dituzte: familia disfuntzional, talde gatazkatsu, herrialde azpigaratu, pertsona desbideratu, gaizkile, drogazale, menderatu... eta antzeko kontzeptuak erabiltzen dituzte.
- Pertsonak, komunitateak edo giza taldeak homogeneizatzen dituzten eta aniztasuna ezkutatzen duten etiketa orokorrak erabiltzen dira: behe-mailako klasea, klase politikoa, euskaldun berria, muturreko pobreak, zaharrak, drogazaleak, homosexualak, gaizkileak, biktimak, ez-legezko etorkinak, beltzen komunitateak, indigenak, LGTB+eko kideak, gizon eta emakumeak (ez binarioak kontuan hartu gabe)...
- Pertsonen dignitatearen, askatasunaren eta eskubideen aurka joan daitezkeen testigantzak, transkripzioak edo datuak argitaratzen dituzte.
- Gehiegizko biktimizazioa bultzatzen dute. Hau da, pertsona zaurgarrien edo mendekotasun-egoeran daudenen borrokak, bizitzan aurrera egiteko martxan jartzen dituzten estrategiak edo euren egoera aldatzeko lanak ikusezin bihurtzen dituzte, euren identitatea soilik bizi duten mendekotasunaren edo bazterkeriaren arabera definituz.
- Ikerketen ondorioak eta datuak inolako testuinguratzerik edo azalpenik gabe ematen dituzte, talde batzuk are eta gehiago estereotipatuz, biktima bihurtuz edo baztertuz.
- Estereotipoetan oinarritutako hipotesi eta iker-galderak egiten dituzte, eta, ezinbestean, estereotipo horietan oinarritutako ondorioak lortzen dituzte.
- Galde sortak, gidoiak edo ikerketa-txostenak idazterakoan, ez dute hizkuntza inklusiboa erabiltzen; hau da, hizkuntzaren erabilera sexista, arrazista, etnozentrista eta androzentrista egiten dute.
3. Botere-harremanek ezagutzaren sorreran duten eragina ez dute kontuan hartzen
Botere-harremanek eragina dute ikergaiak aukeratzerakoan (baztertutako komunitateei eragiten dieten arazoak gutxiago ikertzen dira, eta, aldiz, gehiago gobernu, unibertsitate eta enpresa handiei eragiten dieten gaiak), ezagutza sortzerakoan (nork ikertzen duen eta zein ikusgunetatik), zein ikertzailearen eta ikerketa-subjektuen arteko harremanetan. Zalantzarik gabe, eragile batzuek (gizonezkoek, unibertsitateko irakasle eta ikerlariek, agintariek, enpresa handietako buruek...) ezagutza sortzeko eta ezagutza hori argitaratzeko aukera gehiago dituzte. Teknologia berriak kontrolatzen dituzten edo programa informatikoak egiten dituzten korporazio handiek ikerketa estatistikoak bideratzeko moduak finkatzen dituzte (programa estatistiko batzuk garestiak eta malgutasun gutxikoak dira). Modu berean, gutxitutako hizkuntzetan ikerketa gutxi idazten da, eta, ezinbestean, baztertuta gelditzen dira zientzia hegemonikoa argitaratzen den sare eta aldizkarietatik.
Botere-harremanak kontuan hartzen ez dituzten ikerketa eta iker-taldeen ondorio nabarmenenak honako hauek dira:
- Injustizia epistemikoa. Miranda Frickerrek bere Injustizia epistémica (2017) liburuan dio injustizia epistemikoa dela norbaiti kalte egitea, ezagutza sortzaile gisa duen gaitasunean. Berak bi eratako injustizia epistemikoak bereizten ditu: testigantza-injustizia eta injustizia hermeneutikoa. Frickerren arabera, testigantza-injustizia dago aurreiritzien ondorioz, pertsona edo talde baten edo batzuen sinesgarritasuna zalantzan jartzen denean (emakumea izateagatik, talde politiko bateko kide izateagatik, komunitate bateko kide izateagatik...). Injustizia hermeneutikoa dago, botere-harremanen ondorioz, pertsona baten esperientzia ez denean ulertzen (pertsonak berak edo besteek), esperientzia hori azaltzeko kontzeptu, ezagutza edo teoriarik ez dagoelako, edo tresna linguistikoak falta dituztelako (Fricker, 2017, 17-18). Beste berba batzuekin esanda, marko kontzeptualak boterea dutenen beharrizanen arabera sortzen direnez, gizarte-fenomeno batzuk ikertzeko kontzeptuak ez dira sortzen edo/eta garatzen. Laneko jazarpena, trauma osteko estresa, diglosia, mikromatxismoa, biolentzia sinbolikoa, ijitofobia, lodifobia, turismofobia, kristalezko sapaia, aporofobia, Matilda efektua... eta antzeko kontzeptuek gizarte-errealitateak ulertzeko eta aztertzeko tresnak ematen dizkigute. Kontzeptu horiek gabe zailagoa da gizarte-errealitate batzuk ulertzea.
- Matxismo epistemikoa. Matxismo epistemikoa testigantza-injustizia mota bat da. Matxismo epistemikoaren arabera, soilik gizonezkoek sortzen duten ezagutza da baliokoa. Emakumeek (edo ez-binarioek) sortutako ezagutza bigarren mailakotzat hartzen da. Matxismo epistemikoaren ondorioak ugariak dira: ikerketa-taldeen ikerlari nagusi gehienak edo ikerketa-arloan erabakiak hartzen dituzten gehienak gizonak dira (kristalezko sapaia); emakumeen ikerketak eta ekarpenak ikusezin bihurtzen dira (Matilda efektua); emakumeek ikerketarako dirua lortzeko gizonek baino arazo gehiago izaten dituzte; genero eta ikusgune feministak ikerketetatik baztertzen dira; eta hizkuntza sexista erabiltzen da.
- Klasismo epistemikoa (edo pribilegioaren epistemologia). Klasismo epistemikoa testigantza-injustizia mota bat da. Klasismo epistemikoaren arabera, talde batzuk, gehienetan goi-mailakoak edo goi-mailako irakaskuntzan botere-posizioak dituztenak, balioko ezagutza sortu eta hedatzeko gaitasuna duten bakartzat hartzen dira. Beheko gizarte-mailetako kideen, indigenen, nekazarien edo langileen ezagutzak, berriz, baliorik gabe uzten dira edo ez zaie inolako onarpenik ematen.
- Elitismo epistemikoa. Matxismo epistemikoa eta klasismo epistemikoa bezala, elitismo epistemikoa testigantza-injustizia mota bat da, non erakunde akademiko edo hezkuntza-erakunde batzuek euren buruak ezagutzaren, inteligentziaren edo gaitasun intelektualaren ikuspuntutik goragoko mailan ikusten baitituzte, eta, beraz, eurengandik kanpo sortzen den ezagutza gutxiesten baitute.
- Diglosia epistemikoa. Akademiaren eta ikerketaren munduan elkarrekin harremanetan dauden bi hizkeretatik bat prestigiotsu bihurtzen da, eta ezagutza sortzeko eta hedatzeko erabilgarria dela pentsatzen da (Euskal Herriaren kasuan, ingelesa edo gaztelania); beste hizkera, berriz, ezagutza sortzeko eta hedatzeko ez dela baliagarria onartzen da, eta zientziatik baztertu egiten da (euskara, adibidez).
Botere-harremanek ezagutzaren sorreran duten eragina kontuan hartzen ez duten ikerketek eta ikerketa-taldeek ez dute erreflexibitatea bultzatzen; eta ez dute ikerlarion eragina aztertzeko eta onartzeko gaitasun kritikorik ere.
4. Jendearen iritziak eta portaerak manipulatzen dituzte
Politiko publiko arrakastatsu asko gizarte-ikerketen ondorio izaten dira. Dena dela, ikerketen ondorioak jendearen iritzi eta portaeretan eragiteko, kontrolatzeko edo aldatzeko ere erabil daitezke. Cambridge Analytica enpresak, esaterako, Facebookeko 87 milioi pertsonen eta euren lagunen datuak eskuratu eta ikertu zituen, sare sozial horren erabiltzaileen oniritzirik gabe. Datu horiekin bozkatzaileen perfil psikologiko zehatzak sortu zituzten, eta, ostean, perfil horiei propaganda politiko pertsonalizatua bidali zieten. Horrela, hainbat kanpaina politikotan eragitea lortu zuten.
5. Plagioa onartzen dute
Plagioa da besteek egindako lan, ikerketa edo txostenak kopiatzea edo antzeratzea, norberak eginak balira bezala ezagutaraziz.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Fricker, Miranda (2017). Injusticia epistémica. Oxford University Press.
- Juaristi Larrinaga, Patxi (2026). Ikerketa-prozesua eta diseinu metodologiko-teknikoak Gizarte Zientzietan. Baliotasunean, etikan eta erreflexibitatean oinarritutako gizarte-ikerketak egiteko irizpideak. EHUko argitalpen zerbitzua.

