793 Zenbakia 2026-03-24 / 2026-06-18

Gaiak

Isiltasunaren atzean: ezkontza, indarkeria eta dibortzioa Bizkaian (XVII–XVIII. mendeak)

INTXAUSTEGI-JAUREGI, Nere Jone

Gaur egun bikoteen arteko indarkeria arazo sozial moderno gisa ulertzen dugu sarritan, gizarte garaikidearen kezka nagusietako bat balitz bezala. Albisteek eta kanpainek etengabe gogorarazten digute arazoaren larritasuna, eta horrek askotan pentsarazten digu indarkeria hori azken mendeetako fenomenoa dela. Hala ere, artxibo historikoek bestelako irudia eskaintzen digute: tratu txarrak eta indarkeria ez dira berriak, baizik eta iraganeko gizarteetan ere sakon errotuta egon ziren errealitateak.

XVII. eta XVIII. mendeetako Bizkaian, emakume askoren eguneroko bizitza beldurrez, mehatxuz eta sufrimenduz markatua egon zen. Kanpotik egonkorrak ziruditen ezkontza askoren atzean, etxe barruan indarkeria, desoreka eta isiltasuna nagusitzen ziren. Egoera horrek Elizako auzitegietara eramandako dibortzio eskaera ugari sortu zituen, eta espediente horiek leiho baliotsua irekitzen digute iraganeko familia barruko harremanetara.

Dokumentu horiek aukera paregabea eskaintzen dute iraganeko bizimodua eta ezkontzaren barruko botere harremanak ulertzeko. Ez dira lege testu hutsak: emakumeen ahotsak dira, beldurrez eta sufrimenduz idatzitako testigantzak. Haietan agertzen dira kolpeak, mehatxuak, umiliazioak eta bizitza arriskuan jartzen zuten egoerak. Aldi berean, ausardiaren arrastoak ere badaude, gizartearen presioaren gainetik justizia bilatzeko ahalegina egin zuten emakumeen hitzetan.

Artikulu honek Bizkaiko XVII. eta XVIII. mendeko kasuen bidez indarkeria hori ikusgarri egin nahi du, artxiboetako dibortzio espedienteak iturri nagusi gisa erabiliz. Helburua ez da soilik iraganeko gertakariak kontatzea, baizik eta erakustea nola etxe barneko indarkeria ez zen salbuespena, baizik eta gizartearen funtzionamenduaren parte. Horrela, iraganeko emakumeen ahotsak berreskuratuz, gaur egungo gizartea hobeto ulertzeko tresna bat eskaintzen da, iragana eta oraina elkarrizketan jarriz.

Antzinako Erregimeneko gizartean emakumea gizonaren menpeko gisa ulertzen zen. Senarra zen familiaren burua, eta emazteak obedientzia zor zion. Pentsaera hori herri kulturan bertan islatzen zen, atsotitz eta esamoldeetan, emakumea ahula, hitzontzia edo maltzurra bezala irudikatzen baitzen. Horrek guztiak indarkeria justifikatzeko diskurtso soziala elikatzen zuen: kolpeak eta irainak askotan “zuzenketa” gisa aurkezten ziren, eta familia barruko arazoak isilean konpontzeko presioa nagusitzen zen.

Hala ere, indarkeria muturrera iristen zenean, gizarte horrek berak muga batzuk ezartzen zituen. Emakume askok Elizako justiziara jotzen zuten bizitza arriskuan ikusten zutenean. Horixe izan zen askorentzat azken baliabidea: dibortzioa.

Dibortzioa Antzinako Erregimenean

Bi dibortzioei buruz mintzatu behar dugu: alde batetik, dibortzio eklesiastikoa; bestetik, dibortzio zibila. Dibortzio eklesiastikoa Elizak ematen du, eta ezkontza erlijiosoekin lotuta dago. Hau da, ezkontza erlijioso baten baliozkotasuna aztertzen eta, hala badagokio, bikotea banatzen duen prozesua da. Bere eragina eremu erlijiosora mugatzen da. Dibortzio zibila, berriz, zuzenbide zibilean eragina duen dibortzioa da. Epaitegi zibil batek ematen du, eta ondorio juridikoak ditu, hala nola ondasunen banaketa edo zaintza arautzea. Gaur-gaurkoz, bi dibortzio mota hauek existitzen dira; iraganean, ordea, ez zen horrela. Garai batean, dibortzio eklesiastikoa zen existitzen zen bakarra.

XVII. eta XVIII. mendeetan existitzen zen dibortzio mota bakarra dibortzio eklesiastikoa zen. Elizak ezkontza sakramentu apurtezintzat jotzen zuen (eta jotzen du), eta Trentoko Kontzilioak lotura hori betikoa zela berretsi zuen. Horregatik, onartzen zen dibortzio mota bakarra ohe eta etxebizitzaren banantzea zen. Senar-emazteek elkarrekin bizitzeari uzten zioten, baina ezin zuten beste inorekin ezkondu Jainkoaren begietan oraindik senar-emazteak zirelako.

Dibortzio eskaerak Elizako auzitegietan aurkezten ziren, eta gehienetan emakumeak ziren prozesua hasten zutenak. Arrazoi nagusia ia beti bera zen: tratu txarrak. Dokumentuetan agertzen dira kolpeak, mehatxuak, irainak, giltzapetzeak eta heriotza mehatxuak. Indarkeria fisikoarekin batera, askotan bestelako arazoak azaltzen dira: senarren alkoholismoa, jokoarekiko mendekotasuna, emaztearen dotea xahutzea, adulterioa edo gaixotasun kutsakorren transmisioa.

Bizkaiko kasuek erakusten dute emakume askok ausardia handia izan zutela egoera horiek salatzeko. Ez zen erraza senarra salatzea, eta sarritan gizartearen presioa jasaten zuten isilik jarraitzeko. Hala ere, espedienteetan haien ahotsak jaso ziren, beldurrez eta sufrimenduz betetako testigantzak.

Tratu txarrak eguneroko bizitzan

Artxiboetako agiriek erakusten dute indarkeria mota askotarikoa zela. Batzuetan kolpeak ziren nagusi: ukabilkadak, ostikoak, makilakadak edo labankadak. Beste batzuetan, irainak eta mehatxuak ziren ohikoenak: “hilko zaitut”, “ez zara ezer”, “etxetik botako zaitut”. Emakume askok kontatzen zuten nola senarrak balkoian giltzapetzen zituen, gauerdian etxetik kanpora botatzen zituen edo haurdun zeudela ere erasotzen zituen.

Sarritan, indarkeria horrekin batera agertzen ziren bestelako jokabideak: senarrak mozkortuta egoten ziren, dirua jokoan galtzen zuten edo emaztearen dotea xahutzen zuten. Beste kasu batzuetan, adulterioa zen arazo nagusia. Gizonen infidelitatea neurri batean sozialki onartua bazegoen ere, Elizaren ikuspegitik ezkontzaren aurkako delitua zen, eta dibortzio eskaeren arrazoi bihurtzen zen.

Kasu adierazgarriak: sufrimenduaren istorioak

1657. urtean, Maria Gregoria izeneko Bilboko emakume batek dibortzioa eskatu zuen senarrak etengabe mehatxatzen zuelako. Testigantzek diote makil batekin jotzen zuela, aurpegia ubeldurez betez. Gau batean, auzokideek esku hartu behar izan zuten emakumea hil ez zezan. Hainbesteko beldurra zuen, ezen hainbat gau beste etxe batean eman baitzituen lo.

Bi urte geroago, Durangon, Antonia izeneko emakume batek antzeko egoera bizi zuen. Senarrak labanez eta ezpataz mehatxatzen zuen, eta beste emakumeekin harremanak zituen. Horren ondorioz, gaitz kutsakor batez gaixotu zuen. Dokumentuek diote sarritan beste pertsona batzuen esku-hartzea behar izan zela emakumearen bizitza salbatzeko.

1682an, Bilbon, Maria izeneko beste emakume batek bi urte eskas zeramatzan ezkonduta. Senarrak eskaileretan behera bota zuen, balkoian giltzapetu, eta haurdun zegoela ere mehatxatu zuen. Gau askotan etxetik kanpora bidaltzen zuen, kalean edo belardietan abandonatuz.

XVIII. mendean egoerak ez zuen hobera egin. 1700ean, Markina inguruan, Marina izeneko emakume batek dibortzioa eskatu zuen senarra etengabe mozkortzen zelako, janaria ukatzen ziolako eta iraintzen zuelako. Sei hilabete besterik ez zuten elkarrekin bizi, baina denbora hori nahikoa izan zen bere osasuna eta bizitza arriskuan jartzeko.

Berezi gisa azpimarratzekoa da Lekeition gertatutako kasua. Manuela izeneko emakumea senarrak kolpatu zuen erditu berritan, iletik arrastaka lurrean eramanez. Beste haurdunaldi batean, sabelean jo eta abortua eragin zion. Gainera, senarrak beste emakume batekin bizi izan zen publikoki eta alaba bat izan zuen harekin. Eskandalu horrek bultzatu zuen behin betiko dibortzioa eskatzera.

Emakumeen testigantzak Kalahorrako Diozesian jasota daude.

Adibide horiek guztiak (eta, zoritxarrez, askoz gehiago ere bai) Kalahorrako Diozesian jasota daude, garai hartan Bizkaia ia osoa diozesi horren barruan baitzegoen. Emakumeek gotzainaren aurrean aurkeztu behar izaten zuten beren kasua. Horren ondorioz, “lengua bascongada”-ra egindako itzulpenen aipamenak etengabeak izan ziren, gure hizkuntzaren eguneroko erabileraren isla argia.

Gizarte oso batek isilarazitako sufrimendua

Kasu horiek Bizkaiko kostaldean zein barnealdean gertatu ziren: hiri handietan zein herri txikietan. Horrek erakusten du tratu txarrak ez zirela klase sozial jakin baten arazoa soilik. Nobleziako familiak zein jende xehea egoera berean aurki zitezkeen. Hala ere, dibortzioen eta tratu txarren adibide gehiago familia aberatsetan aurkitzen dira, arrazoi sinple batengatik: prozesu juridiko baten gastuak ordaintzeko baliabide gehiago zituztelako.

Sarritan, auzokideek, senideek edo elizgizonek bitartekari lana egiten zuten. Batzuetan emakumeak berriro senarrarengana itzultzera behartzen zituzten, “familia mantentzearen” izenean. Beste batzuetan, epaile eliztiarrak dibortzioa onartzen zuen, batez ere indarkeria frogatua zegoenean. Hala ere, emakume guztiek ez zuten lortzen banantzea, nahiz eta tratu txarrak salatu.

Ondorioa: ahotsak artxiboetan

Dibortzio espedienteek leiho bat irekitzen digute iraganeko etxe barrura. Ez dira lege testu hotzak soilik: emakumeen ahotsak dira, beldurrez, minaz eta etsipenaz betetako kontakizunak. Baina, aldi berean, ausardiaren adibideak ere badira.

Bizkaiko emakume askok sistema juridikoa erabili zuten beren burua babesteko, nahiz eta aukerak mugatuak izan. Horrek erakusten du ez zirela soilik biktima pasiboak izan, baizik eta beren egoerari aurre egiteko gaitasuna izan zutela.

Azken batean, XVII. eta XVIII. mendeko dibortzio kasuek agerian uzten dute indarkeria ez zela salbuespena, baizik eta gizarte patriarkalaren ondorio zuzena. Eta, aldi berean, emakume horien istorioek gaur egungo gogoeta batera garamatzate: sufrimendu horrek memoria historikoa merezi du, eta iraganeko ahots horiek entzuteak laguntzen digu gaurko gizartea hobeto ulertzen.