
Gaiak
Irabazi-Asmorik Gabeko Erakundeen jarduerek eragiten duten inpaktu sozialaren azterketa
1. Sarrera
Duela gutxi arte, bazirudien finantza-informazioa nahikoa zela enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek (IAGE) gizarteari egiten dioten ekarpena baloratzeko; azken urteotan, ordea, bai herritarrek, bai administrazio publikoak, bai akademikoek eta baita gainontzeko stakeholderek ere, jardueraren beste metrika mota batzuk aztertu nahi izan dituzte. Aldi berean, Ekonomia Sozialeko erakundeek Garapen Jasangarriko helburuei egindako ekarpena eta enpresa-etikarekin duten konpromisoa ez dira oharkabean pasatu, ez Nazio Batuentzat, ezta nazioarteko beste erakunde askorentzat ere.
Jarduna neurtzeko tresna eta eredu gehienak irabazi-asmoa duten enpresentzat garatu dira. Baina, azken 30 urteetan, ikertzaile eta profesionalengan gero eta interes handiagoa egon da IAGEek sortutako jarduna neurtzeko. Gainera, IAGEen kopurua handitzen ari da, batez ere aurre egin beharreko arazo sozial konplexuen kopurua gero eta handiagoa delako. 1980ko hamarkadatik aurrera, gero eta literatura gehiago argitaratu da IAGEen jarduerek sortzen duten inpaktu soziala neurtzeko sistemekin lotuta. Testuinguru horretan, jardun hori neurtzeko nozioak izateak erakunde horien kudeaketa-arazoetako eta kanpo-kontroleko konponbidean lagundu dezake.
Ikerketa-lan honek IAGEen jarduerek sortzen duten inpaktu sozialari buruzko ezagutza handitu nahi izan du, eta horretarako, bi esparrutatik landu da ikerketa gaia: esparru teoriko batetik lehenik eta esparru enpiriko batetik ondoren.
2. Arlo teorikoa
Arlo teorikoan, kontzeptuen garapen bat egin da eta Goikoetxea et al. 2022-n oinarrituta ikerketa garrantzitsuenen berrikuspen sistematikoa egin da Tranfield et al. 2003-k ezarritako protokolo zorrotza jarraituz. Hala, literaturaren berrikuspen sistematiko baten emaitzak aurkeztu dira, egungo literaturaren ikuspegi integrala eskaini duelarik:
2.1. Ekarpen nagusiak ikuspegi teoriko orokor batetik. 4 talde:
- Gai nagusitzat gizarte ekintzailetza eta bere kontzeptuak eta IAGEek gizartean duten funtzioa ardatz hartzen duten artikuluak.
- IAGEen inpaktu soziala neurtzeko sistemen baliozkotasunari buruz eztabaidatzen duten artikuluak.
- Adierazleen erabilerari buruz hausnartzen duten artikuluak.
- IAGEen konplexutasunari buruz eztabaidatzen dutenak.
2.2. Ekarpen nagusiak ikuspegi praktiko batetik. 4 talde:
- Aginte-taula integralaren egokitzapenak.
- Kontingentzia ereduak.
- Stakeholder ezberdinen ikuspuntuak kontuan hartzen dituzten dokumentuak.
- Social Return On Investment (SROI) (Nicholls et al., 2012).
3. Arlo enpirikoa
Arlo enpirikoari dagokionez lan hau burutzeko ikerketa metodologia mistoa aukeratu da, honek aukera eman baitu:
- IAGEen jarduerek eragiten duten inpaktu soziala ulertzeko prozesuaren xehetasunak eta esperientziak jasotzeko.
- Prozesu guztia testuinguruan kokatzeko.
- Datuen interpretazio-sakontasun eta -aberastasun handiagoa lortzeko.
- Datuak biltzeko garaian teknika kualitatibo eta kuantitatiboak erabiltzeko.
Eraberean, ikerketa honetan aukeratu den ikerketa metodoa kasu-azterketa izan da, honek aukera eman baitu:
- IAGEen jarduerak testuinguru errealean ezartzeko prozesu osoa aztertzeko.
- Ebidentzia-iturri ezberdinak erabiltzeko aldi berean.
- Esplorazio-ikerketako teknika bat denez enpresa batean denbora batez datuak biltzeko aukera ematen duelako, ikerketaren fenomeno nagusia aztertzeko informazioa lortzeko.
Eta aukeratutako kasua ASPANOGI, Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkartearena izan da. Izan ere, laginketa teorikorako definitutako baldintzekin bat datozen ezaugarriak betetzen ditu:
- ASPANOGI EAEn jatorria eta egoitza nagusia duen IAGE bat da.
- ASPANOGIk gizartean inpaktua eragiten duten jarduerak gauzatzen ditu eremu ezberdinetan.
- ASPANOGIn stakeholder anitzek hartzen dute parte eta beraz prozesu osoa ulertzeko informazio garrantzitsua identifikatu daiteke.
- ASPANOGIren kasuan lehen eskuko informazioa eskuratzeko gaitasuna izan dugu.

Aukeratutako kasua ASPANOGI, Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkartearena izan da.
4. Emaitzak
Lan honetan, emaitza ezberdinak azaleratu dira ebidentzia biltzeko erabilitako teknika ezberdinen arabera:
4.1. Teknika kualitatiboak
Elkarrizketak burutu dira, metodologia mistoa testuinguruaren ezagutzan eta stakeholderrekin izandako elkarrizketetan oinarritzen baita. Arrazoi nagusia da inpaktu sozialaren neurketa prozesu oso zabala dela eta pertsona askok parte hartu behar dutela berau kalkulatzeko garaian. Horregatik, inplikatutako eragile bakoitzaren ikuspegia lortu behar da, prozesu osoaren ikuspegi orokorra lortzeko.
Hori horrela egiteak ondoren baimendu du elkarrizketetatik jasotako inpaktuen kuantifikazio ekonomikoa ere eskaini ahal izatea (SROI tresnaren bitartez).
Elkarrizketetan jasotako erantzunen gainean hitz-hodeia sortu da, termino ohikoenak azaleratzen dituena, hala, Input, Output eta Outcome ezberdinen arteko erlazioak ulertu eta barneratu dira. Ikerlan honen kasuan, ulertu eta barneratu da ASPANOGIk stakeholder ezberdin batzuen bizimoduan sustatu dituen aldaketak eta horrela bere eginkizuna betetzen laguntzen du, ikuspegi sozial eta ekonomikotik.
Hori horrela egiteak argitu eta lagundu du erakundeak mobilizatutako baliabideen, hedatutako jardueren, horiek gauzatzean lortutako emaitzen eta emaitza horietatik eratorritako Outcome edo inpaktuen artean gertatzen den erlazioan.
4.2. Teknika kuantitatiboak
Social Return On Investment, SROI (Nicholls et al., 2012) tresna aplikatu da eta hala, gizarte-proiektuak onuradun-kopuruaren arabera ebaluatzetik, balio monetario batzuk izatera igaro gara, proiektuak stakeholderengan izan duen inpaktu soziala eurotan zein den erakusten digutenak. Alegia, inpaktu soziala eurotan zein den adierazi da.
Irabazi-asmoko enpresetan helburua balio ekonomikoa sortzea da eta IAGEetan balio ekonomikoa ez den balio erantsi bat, inpaktu sozial bat. Hauek dira SROIren ezaugarri nagusiak:
- Baliabideak gizartean eragin handiagoa duten jardueretara bideratzen laguntzen du.
- Stakeholderari jarduera batek sortzen duen balio soziala ulertzen eta komunikatzen laguntzen dio.
- Stakeholderen arteko elkarrizketa ahalbidetzen du.
- Balio soziala sortzeko eragile desberdinen efikazia eta efizientzia zehazteko baliagarria da.
Ikerketa lan honetan metodo hau aukeratu dugu zeren:
- Helburu soziala duten erakundeen lanak sortutako balioa kuantifikatzen du.
- Gero eta ospe handiagoa du IAGEen artean.
- Arduradun politikoei informazioa ematen die politikak aukeratu ahal izateko haien eragin soziala kontuan hartuta.
5. Ondorioak
Ikerketa lan honekin, IAGEen jarduerek eragiten duten inpaktu sozialari buruzko ezagutza handitzea den helburua lortu da eta zehazki:
- Goikoetxea et al. 2022-en lanean oinarrituta berrikuspen sistematiko bat egin da. Honela, IAGEen jarduerek eragiten duten inpaktu sozialari eta haren balio monetarioari buruzko informazio zehatzagoa eta gardenagoa lortu da.
- SROI tresna egokia dela ondorioztatu da Arreta Integraleko Programen barnean kokatzen den Gizarte-arretako proiektuen inpaktu soziala balioesteko, izan ere: plangintza estrategikoa babesten du, gizate baliabideak inpaktu handiena duten jardueretara bideratzen laguntzen du eta pertsonei jarduera horrek sortutako gizarte-balioa ulertzen eta komunikatzen laguntzen die.
- Ikerketa lan honetan definitutako eredua aplikatzeak diru bidez kuantifikatutako emaitzak sortzea ahalbidetu du. Ezaugarri honek errazago komunikatu eta ulertarazten ditu emaitzak, eta hala, erabilitako eredua irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk ere erabiltzea ahalbidetzen du.
- Baina, batez ere, metodologia mistoa erabili izanak IAGEen jarduerek eragiten duten inpaktu sozialari buruzko ezagutza teoriko eta praktiko berria sortu arazi du, ikuspegi kuantitatibo soiletik eratorritako erronka metodologikoei aurre eginez (Ariza-Montes et al., 2021).
Etorkizunerako lan-ildoei dagokionez, ondo legoke ebaluazio-metodo bat definitzea, adierazle ez-kuantifikagarrietan oinarrituta. Hala, adierazle horien eta inpaktu sozialaren balorazioaren arteko korrelazioaren analisia egin ahal izango litzateke IAGEen jarduerek eragiten duten inpaktu sozialaren ikuspegi sakonago eta orokorrago bat lortzeko helburuarekin.
Erreferentziak:
Ariza-Montes, A., Sianes, A., Fernandez-Rodriguez, V., Lopez-Martin, C., Ruiz-Lozano, M. eta Tirado-Valencia, P. (2021). Social return on investment (SROI) to assess the impact of tourism: A case study. SAGE, pages 1–16.
Goikoetxea Gazpio, N., Narvaiza Cantin, L. eta Mujika Alberdi, A. (2022). ¿Cómo miden las entidades sin ánimo de lucro su desempeño? Una revisión sistemática de la literatura. UCJC Business and Society Review (formerly known as Universia Business Review), 19(74).
Nicholls, J., Lawlor, E., Neitzert, E. eta Goodspeed, T. (2012). A guide to social return on investment.
Tranfield, D., Denyer, D. eta Smart, P. (2003). Towards a methodology for developing evidence-informed management knowledge by means of atic review. British Journal of Management, 14:207–222.