788 Zenbakia 2025-03-18 / 2025-06-15

Gaiak

Miguel de Unamuno mendizalea

MONREAL, Haritz

XIX. mendea hastearekin, Wilhelm von Humboldt jakintsu alemaniarra Jaizkibel mendira igo zen, garaierak ematen duen perspektiba zabaletik lurraldea aztertzeko. Euskal Herrira eginiko bigarren bidaia horretan euskarak erakarri zuen bere arreta nagusiki; alabaina, mendi tontorreko iluminaziotik, ez zion hizkuntzari etorkizun luzea iragarri. Mendearen azken laurdenean, berriz, Élisée Reclus geografo anarkista girondarra antzeko ondorio batera iritsi zen gertuko Aiako Harrira igota; alegia, euskal kultura eta hizkuntza bera desagertzeko zorian zirela, modernitatera hobeto egokituriko alboko kultura nagusien itsas zabalera zeraman errekasto baten gisara. Reclusek iragarpen triste hori egin baino hiru urte lehenago jaio zen Miguel de Unamuno (1864-1936). Aurreko bi jakintsuekin partekatuko zituen bilbotarrak ezaugarri esanguratsu batzuk. Lehenik, mendietara igotzeko zaletasuna. Bigarren, mendiak ematen duen irismen luzeko begirada hori baliatzea ingurunea ikertzeko. Hirugarren, euskararen etorkizunaz ikuspegi ezkorra izatea. Eta, azkenik, akademiko profetizatzaile gisa arrakasta handirik ez izatea. Zorionez.

Unamunoren mendizaletasuna ez dute orokorrean oso kontuan izan bere biziaz arduratu diren ikertzaileek, nahiz eta elementu biografiko garrantzitsua izan. Badira, ordea, mendirako joera horri erreparatu dioten ikertzaile gutxi batzuk. Geografia eta historiaren arlotik aipagarrienak ditugu Eduardo Martínez de Pisón (2002 eta 2017) geografo madrildarra eta Antxon Iturriza (2004-2007), euskal mendizaletasunaren historiaren aditu handiena. Ardatz literario batetik, ostera, aipa genitzake Ana Rodriguez Fischer (2008) eta idatzi honen egilea (Monreal, 2017, 2020 eta 2024). Laburbilduko ditugu lan horietan adierazitakoak.

Haurra zenean hasi zen Unamunoren mendiranzko joera. Familiak bazeukan Deustun etxea, eta umea udan Artxanda mendiaren oinean jolasean ibiltzen zen, Julio Verneren pertsonaiak imitatzen. Begi bistan zuen Pagasarri mendia, bere haurtzaroko “Himalaia”. Gaztaroan, berriz, Artxandara ihes egiten zuen, foruen galeraren ondorengo industrializazioak erakarritako jende oldeek izututa. Ondoren, helduaroan, Euskal Herriko mendi ugariren tontorretara igo zen, hala nola Gorbea, Oiz, Ganekogorta edo Izarraitzera. Horietaz guztiez gomutatuko zen Salamancako unibertsitateko errektore zelarik Aizkorrira egin zuen txango batean. Salamancako garaian Gredoseko Sierrako gailurretara ere igotzen zen eta, batzuetan, 2000 metroko altueratik gora bibak egin zuen. Biziaren azken-aurreko hamarkadan, Primo de Riveraren garaiko erbesteratzea baliatu zuen Kanariar Uharteetako mendiak hobeto ezagutzeko, lehenago bisitaturik baitzituen.

Ondorengo lerroetan aztertuko dugu nondik sortu zitzaion zaletasun hori Unamunori. Familiatik  bertatik datorkio mendiekin harremana, unai eta muino elkartzen baitira bere abizenean. Beste euskaldun askori bezala, irudi lezake inguruan dauzkagun elementu orografikoekiko zaletasuna naturaz eta espontaneoki etorri behar zaigula. Hala ere, Unamunoren mendizaletasuna bere garaiko intelektualen mendizaletasunaren barne sartu beharko genuke, frantsesek excursionnisme cultivée edo excursionnisme savant deitu duten horretan. Beraz, XIX. mende bukaeran gehienbat hedatu zen fenomenoaren bilakabidea ikustea beharrezkoa da; gure kasuan, ikuspegi sozial eta literario batetik. Unamunoren testuak dira ibilbide hori jarraitzeko erabili ditugun baliabide nagusiak, nahiz eta testu honetan zehar ez ditugun zehaztasunez aztertuko.

Haurra zenean begi bistan zuen Pagasarri mendia.

Gorago Humboldt aipatu dugu, aurrekari gisa. Ospetsua da bere anaia gazteagoak Teide mendira egin zuen igoera eta, are ospetsuagoa, Chimborazo mendia igotzeko saiakera, sekulako oihartzuna izan baitzuen munduan zehar. Euskaldunak ez zeuden joera horretatik kanpo. Igoera biak Urquijo bilbotar afrantsesatuari esker egin zituen alemanak, kolonietatik bidaiatzeko baimena berak eman baitzion. Esanguratsua da ere Zuaznávar ilustratu donostiarrak Humboldtek baino zazpi urte lehenago igoa zuela Teide mendia. Europan oihartzun handia izan zuten Horace-Bénédict de Saussurek bultzatutako Mont Blanc mendiaren igoerak eta Louis-Ramond de Carbonnièresek Pirinioetan eginiko esplorazioek. Azken honen idatziek, ia Rousseauk Suitzari buruz idatzi zituenak lain, XIX. mendeko euskal intelektualen jakin-mina piztu zuten, horixe sumatzen da Parisen ikasle aritu ziren Antoine d´Abbadie esploratzailearen joeretan eta Joseph-Augustine Chaho idazlearen lanetan.

Unamunok ondo ezagutzen zituen euskal erromantikoak, bere idatzietan antzeman daitekeenez, han ageri baitira Chahoren Aitor patriarka nahiz Astobizkarreko kantu apokrifoa, baina baita ere europar erromantikoak, mendialdeak asko erakarri zituenak. William Wordsworth poeta Alpeetatik ibili zen Carbonnièresen lana gida-liburu zeukala. Geroago jarraituko zioten Byronek eta Shelley senar-emazteek. Mary Shelleyren Frankenstein doktorea bera de Saussure zientifikoan inspiratu bide zen. Bilbotarraren lanetan erreferente garrantzitsuak dira erromantiko britainiar horiek.

Londresen sortu zen hemeretzigarren mendearen erdialdean lehen mendizale elkartea. Burgesiako kideez osaturik zegoen Alpine Club famatua, goi mailako ikasketak zeuzkaten self-made men dirudunez. Mendizaletasunari izaera deportibo desinterasatu eta intelektual bat eman zioten, goi mailako jendearen aisialdiko jarduera izaten hasi zenean. Pirinioetan ere ur termalak hartzera joaten ziren gizarteko klase altuko pertsonek antzerako elkarte bat sortu zuten, Societé Ramond delakoa, eta hor parte hartu zuten Alpine Clubeko zenbait kidek edo gorago aipatu dugun Élisée Reclusek berak. Elkartearen aldizkarian Euskal Herriari buruzko hainbat ikerlan argitaratu ziren. Unamunok oso gogoan zeuzkan Reclusen lanak, bere doktorego tesian ere aipatzen ditu eta. Unamuno baino lehen ere goi burgesia bilbotarra oporretan aritua zen Pirinioetako ur termaletan, eta kide europar aberatsen moduak jarraitzen hasi zen. Horrek eragin zuen Bilbora iristea aisialdiko moda berriak.

Unamunoren idatzietan oihartzun nabarmena daukate Bilboko burges gaztetxoen talde batek Bizkaian zehar eginiko bidaien kontaketek. Talde horretako kideek ganecogortos izena jarri zieten euren buruei eta liburu bitxi bat argitaratu zuten. Tirada txikia izan arren, Unamunori iritsi zitzaion. Liburuan ematen zuten berri lurraldeko mendietatik eginiko ibilaldiez eta jatetxeetan indarrak berreskuratzeko eginiko otordu oparoez. Sumatzen dira hainbat erreferente literario: idazle erromantikoak, esploratzaileek elkarte geografikoen izenean eginiko aurkikuntzen kronikak, gida-liburu pintoreskoak, eta abar; hain zuzen ere, bilbotar filosofoarengan eragina izan zuten iturri berberak. Sumatzen da halaber kirolaren osagaia: ibilaldietan eginiko kilometroen kopuruak eta distantziak betetzeko behar izandako denbora ageri dira errekor gisa. Unamuno ez zen horretan erabateko jarraitzailea, baina batzuetan nabaritzen da bere testuetan nolabaiteko harrotasun bat, erdietsiriko altuerak adierazten zituenean, adibidez.

Hemeretzigarren mendearen azken hamarkadan, berriz, Club alpin français-en Baionako adarra sortu zen, eta hurrengo mendearen hasieran hedatuko ziren Bidasoaz harago ere mendizale taldeak. Mendizaletasunaren kiroleko filosofia hedatu zenerako, Unamunok bazeramatzan mendizaletasuna praktikatzen hamarkada batzuk. Talde politikoen baitan ere sortu ziren mendizale taldeak, asmo proselitista batekin. Unamunok bere gaztaroko mendirako iheserako joera abertzale orokorra ironiaz gogoratuko zuen behin baino gehiagotan. Berak ez zuen parte hartuko mendizaleen talde horietan, bizian berandu iritsi zitzaiolako, baina batez ere aldendu egin zelako bere gaztaroko tendentzia politikoetatik. Eztabaida entzutetsuak izan zituen Joan Maragall idazlearekin. Maragallek bezala, Unamunok bere ibilaldiak baliatzen zituen ingurunea deskribatzeko, ez alderdi fisiko batetik soilik, saiatzen zen lurraldearen arimara iristen. Katalanen eskursionismoak osagai kultural erreibidindikatibo nabarmena izan zuen. Centre Excursionsita de Catalunyaren egoitzan sortu zen Institut d´Estudis Catalans bera, Eusko Ikaskuntzaren inspiratzailea. Bestalde, Unamunok txangoetan kide izan zuen Pompeu Fabra, Bilbon ingeniari zela. Ibilaldietan beste kide ezagun batzuk ere izan zituen, arlo akademikokoak gehienak eta, pentsaera ideologikoari dagokionez, kontserbadore xamarrak. Ia duela mende bete Primo de Riveraren diktadurapean sortu zen Pyrenaica aldizkariko zenbait kolaboratzailerekin ere harreman estua izan zuen. Aldizkari horren hasierako tankera aztertuta uler daiteke Unamunoren mendizaletasuna; hemen zirriborratu baizik ez dugu egin. Azterketa sakonagoa topa daiteke ondoren ematen diren erreferentzia bibliografikoetan.

Bibliografia:

ITURRIZA, Antxon. Historia testimonial del alpinismo vasco. (3 ale). Bilbo: Pyrenaica, 2004-2007.

MARTÍNEZ DE PISÓN, Eduardo, eta ÁLVARO, Sebastián. El sentimiento de la montaña: doscientos años de soledad. Madril: Desnivel, 2010, 384 or. (lehendabizi 2002an argitaratua).

MARTÍNEZ DE PISÓN, Eduardo. La montaña y el arte. Miradas desde la pintura, la música y la literatura. Madril: Fórcola, 2017, 614 or.

MONREAL, Haritz. Mendi literatura. Bilbo: UPV/EHU Argitalpen Zerbitzua, 2017, 581 or.

MONREAL, Haritz. “La popularisation du montagnisme au Pays Basque”. In La montagne pour tous. Toulouse: Le pas d´oiseau, 2020, 223-246 or.

MONREAL, Haritz. “El montañismo de Miguel de Unamuno: contexto y fuentes”. Revista Internacional de los Estudios Vascos. RIEV, 69, 1, 1-25 or. http://doi.org/10.61879/riev691zkia202404

RODRÍGUEZ FISCHER, Ana. “Unamuno, peregrino de la belleza: Ascensión y Asunción, o de una estética montesina”. Cuadernos de la Cátedra Miguel de Unamuno 45, 1, 2008, 131-156 or. https://revistas.usal.es/dos/index.php/0210-749X/article/view/1265/133


Eusko Jaurlaritza