606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Olentzero maitea

MAIA URROZ, Ainara



Olentzero maitea:

Zer moduz zaude? Ni animuz ez nabil oso ongi, baina ezin naiz kexatu, ala? Lurra bustirik dago eta astebururako elurra eman dute. Gustatzen zait elurraren isiltasuna, eta haren itxaropen zuria, haren ahalmen magikoa, dena bere azpian estaltzen baitu: joandako minak eta amesgaiztoak.

Bihotza ez dut gora, baina itxaropentsu egon nahi du. Urtero bezala idazten dizut, oraindik ere zugan sinesten baitut, izena duen guztia badelako, bazarelako, bagarelako. Oraindik neure barneko haurra mintzo zait eta entzuten segitu nahi dut luzaroan: bizi naizen artean, eguberrietako suak segi dezala pizturik, ontasuna eta gaiztakeria bereiz ditzagun!

Sinesten dut zugan, Olentzero, sinesten dut oraindik ontasunean eta maitasunean, maitasunaren magia horretan. Duela sei urte zizt egin zidan magia honetan dut neure fedea, nahiz eta bakarrik gelditu naizen maitasunaren magia horrekin, maiteminez baina dena ematen. Maitasunaren magia eta sua piztu dugu etxean, dena delako maitasuna, denak gara maitaleak, batzuetan maitatuak ez garela sentitzen badugu ere, dena ematen dugulako inkondizionalki, bueltan ezer espero gabe. Argazkia: CC BY — erin MC hammer

Neure bakardade honetatik irribarre egiten dizut eta eskerrak eman behin betiko maitemintzeko zoria eskaini zenidalako, eta orain agur egiten diot hasierarik eta amaierarik gabeko maitasun magiko horri; zorionez eta zoritxarrez benetan maitemindu nintzelako, eskerrik asko, Olentzero...

Ez dizut ezer eskatuko; izan ere askok asko eskatuko dizute eta nik ez zaitut nekarazi nahi. Ez dizut ezer eskatuko, izan ere nik baino behar handiagoa duten pertsonak badira Euskal Herrian, lanik gabe dauden euskaldunak, lanik gabeko guraso tristeak, baina batez ere oroit zaitez gurasorik ez duten haur horietaz, beste haurrek badituztelako beren gurasoak nahi adina opari ukaiteko, eta ni ere ez naiz umezurtza, ene gurasoek asko maite naute. Baina tira, zertan ari naiz ni? Olentzerori lezioak ematen? Barkatu. Mendetan eta mendetan egin duzu hori, gehien behar zuenari irribarre bat piztu.

Beraz, nik ez dizut ezer eskatuko; nik soilik espero dut zu, ni, haiek, bera eta gu elkartzea eta maitatzen segitzea, eta heldu den urtea maitasunez beterik etortzea; maitemindurik nagoela nabari da, ala?

Aurten ez dizut ezer eskatuko, baina nik soilik nahiko nuke duela sei urte nere bihotzean sartu zen lagun min eta poeta besarkatu eta elkarri barkatu eguberri hauetan, elkarri egindako minak barkatu. Nik aspaldi barkatu diodan arren.

Muxu handi bat, Olentzero, edo muxu zaparrada eta besarkada potolo ikaztun bat, eta laguntzarik behar baduzu, esadazu, arren.

Ainara Maya Urroz