606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mundu txikiagoa nahi dut

ELIZONDO, Miren



Olentzero:

Telebistan jostailu asko ikusi ditut: panpina poxpolinak, motor distiratsuak, tren zalapartatsuak eta ezin sinetsizko bideo kontsolak ... Argazkia: CC BY — Mark Eslick

Baina, Olentzero, nik nire logelan horietako asko ditut dagoeneko!

Nik beste zerbait eskatu nahi dizut. Ez dakit eskatu nahi dudana Gorbeia mendian lortu ahal izango duzun edo ez. Jostailu dendetan behintzat ez dut ikusi. Pixka bat lotsa ematen dit esateak, nire amak hori ezinezkoa dela errepikatu didalako, behin eta berriz. Baina nik uste dut posible dela, Olentzero. Benetan. Sekretua gordeko didazu? Beitu, hauxe da nik nahi dudana: mundua txikiagoa izatea.

Bai, buruhandi: nik telebistan entzun dut mundua gero eta txikiagoa dela. Jendea Parisera joan daitekeela asteburu pasa, eta arropak Txinatik ekartzen dizkigutela. Eta barazkiak Ameriketatik! (ez dute ezagutzen nire amonaren ortua...). Mundua txikiagoa dela entzuten dut telebistan, baina niri gero eta handiagoa iruditzen zait.

Ni txikia nintzenean, auzoan egiten genituen erosketak, eta orain, orain beti kotxez eramaten gaituzte gurasoek erosketak egitera, Gasteizko kanpoaldean dagoen denda erraldoi batera.

Ni txikia nintzenean nire lehengusu eta lehengusinak nire auzo berean bizi ziren eta plazan jolasten genuen egunero. Orain bakoitza punta batean bizi da eta horrela ezinezkoa da plazan elkarrekin jolastea. Eta gainera nire auzo berrian oso–oso urruti geratzen zait plaza.

Eta ez hori bakarrik: ni txikia nintzenean auzokideak nituen, baina orain, nire etxe parean bizi direnak badirudi beste nonbaiten bizi direla, oso–oso urruti, ez baitiogu elkarri hitzik esaten.

Eta amona... amona lehen etxean genuen, eta orain Gasteizko kanpoaldean dagoen herri batean dago, zaharrez betetako etxe batean. Pozik dago, baina urruti. Urruti dago nire amona.

Eta horrela gauza guztiekin: den–dena gero eta urrutiago dagoela iruditzen zait, Olentzero. Txina gertuago egongo da, telebistan dioten bezala, baina nik maite ditudan gauzak (lagunak, amona, merkatua, plaza) gero eta urrutiago daude. Ez dakit jende handiari zer irudituko zaion. Agian horrela nahi dute mundua, agian hori da bere neurrira egindako mundua. Baina ez da umeen neurrira egindakoa, Olentzero. Eta nire ustez, nire amaren neurrira egindakoa ere ez, beti kexatzen baita denda erraldoi horietara kotxez joan behar garen bakoitzean.

Laburbilduz: mundu txikiago bat eskatu nahi dizut, gure neurrira egindakoa. Posible izango da, Olentzero!?!

Musu bat,

Miren

(Ah, eta gabon gauean Gasteizko kaleetatik ikusiko zaitut; ea zuk ere ni ikusten nauzun).