606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Maria del Carmen Navaz Sanz

MARAÑA, Félix



Karmele Saint Martin. Idazle nafarra, Iruñean jaio zen 1895eko abenduaren 18an eta Donostian zendu zen 1989an.

Ipuin eta narrazio bilduma zabala idatzi zuen. Izen zibila Maria del Carmen Navaz Sanz izan zuen arren, Karmele Saint Martin ezizenez egin zen ezaguna; izen horrekin kalitate altuko narrazioak argitaratu zituen, grazia eta ukitu pertsonalez beteak.

Iruñean jaio zen arren, nagusi zenetik Donostian bizi zen. Rufino San Martin senarra (lanbidez abokatua) hiltzearen ondorioz hasi zen idazten, 1950ean. 1967an, obra ezagutarazi zen lehen urtean, sei narrazio liburu argitaratu zituen: Antología de cuentos, Los demonios mudos, Ligeramente negro, Ternura infinita, Después de los milagros (Doncel saria, argitaletxe berekoa) eta Animalitos de Dios. Liburu horiek argitaratu ondoren sormen obren interesa piztu zen, eta 1968an Leopoldo Alas Saria lortu zuen Con suave horror liburuarekin; lana Luis Rosales akademikoaren eta olerkigilearen hitzaurrearekin argitaratu zen.

Rosalesek berak ere narrazioen orijinaltasuna nabarmendu zuen. (...)

1968an, halaber, Señoras de piso lana argitaratu zuen (Alfaguara argitaletxea, Madril, 2 edizio); berriz ere tonu lasaiagoari, alaiari eta ausartari heldu zion. Gero El Servicio (Madril, 1969) eta El perro mi lord (1971) argitaratu zituen, azken hori Hilarion Eslavari buruzko ikerketa bat zen, Nafarroako Erkidegoko gobernuaren enkarguz (1973). Karmele Saint Martinen lanaren ospea eta onarpenak indar berezia hartu zuen Nosotras las brujas vascas (Txertoa, Donostia, 1975) plazaratu zuenean, Julio Caro Barojaren hitzaurrearekin.

Nosotras las brujas vascas lanaren narrazio erritmoa eta literaturaren xumetasuna areagotu egin zen Las señoras vascas (Txertoa, 1976), Los rayos paralelos (Madril, 1977), Nosotros los vascos (Ediciones Vascas, 1978) eta Ene, doña Benigna! lanetan (Hordago, 1979). Azken bi liburu horiek eta sorginei buruzkoek islatzen dute egileak aurkitu zituela euskaldunen zenbait ezaugarri, ohitura eta herri adierazpen; hain zuzen ere, izaera zehazten zutenak, eta ipuinetan hain modu egokian jaso zituenak. Pertsonaia baten filosofia, esaterako protagonistarena Ene, doña Benigna! narrazioetan, argi geratu zen egileak berak aurkeztu zuenean: "Hau da, ipuin hauek irakurtzen badituzue, pixkanaka emakume hau maitatuko duzue, emakume nagusi, bakar, desberdin, alai eta aurreiritzirik gabekoa. Euskaldunok gremioagatik bereizten ditugun generokoa da, itzuli ezin daitekeen modu batean deitzen ditugu, chirene hitzean bilduz".

Karmele Saint Martinek frantseseko hainbat lan itzuli zituen, esaterako Los vascos en el estuario del San Lorenzo (Auñamendi argitaletxea, Donostia, 1979) lana, eta hainbat liburu argitaratu gabe ditu, besteak beste Diccionario de frases hechas; lan honetan lengoaiaren eta herri hizkuntzaren zehaztasuna eta zorroztasuna azaldu zituen. Halaber, Plantas y animales para niños liburua eta olerki obra bat ere argitaratu gabe ditu. Horrez gain, beste argitalpen batzuetan ere kolaboratu zuen, tarteka edo aldizka, esaterako hauetan: Blanco y Negro, Ya, La Estafeta Literaria, Cuadernos Hispanoamericanos, Mundo Hispánico, Triunfo, La Gaceta Literaria (Lima, Peru), Hogar, La Voz de España, etab.

‹‹Maria del Carmen Navaz Sanz, Auñamendi Eusko Entziklopedian››