606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XCVI): Lesaka

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Ez da Lesakara goazen lehenengo lehenengo aldia, baina oraingoan bitxikeria eta guzti gatoz Bortziriak aldeko proposamen honetan.

Hain zuzen ere, gure belarrietara iritsi den kontu bat konpartitu gura dugu zuekin. Olentzerorekin dauka zerikusia, eta demostratu gabe egon arren, hainbat etnografok gure ikazkin maitatuaren gaineko teoriak zabaldu izan dituzte.

Adibidez, Jose Miguel Barandiaranek aipatu zuen zonalde honetan Olentzaro, Olentzero zein Orentzero moduan ezagutzen zela mitoa. Bestalde, Juan Garmendia Larrañaga posible ikusi zuen bere garaian Gabon gauean bisitatzen gaituen pertsonaia Lesakakoa izatea.

Teoriak teoria, bitxia bezain xarmangarria dela ezin ukatu. Egun gainera, Olentzero lehiaketa antolatzen dute urtero lesakarrek, pertsonaia honen garrantziaren erakusle.

Udalerria ezagutzera joateko aitzakia polita izan daiteke, eta jarraian bere garaian eginiko proposamena berreskuratuko dugu, tokiaren zertzelada gutxi batzuk emanez. Zer ikusi bada, Lesakan

Tokiaren aurreneko aipamena Hondarribiko herriak 1203an foruak eskuratu zitueneko dokumentu batzuetan agertu zen. Baina historiaurrean ere bertan jendeak bizi zela jakin badakigu, Agiña mendian trikuharriak baitaude. Toki berean, eskultura modernoagoak ere begiztatuko ditugu, hain zuzen ere, Aita Donostia kaputxinoaren omenezko Jorge Oteizaren artelana, eta Luis Velletek eginiko kapera. Yoanederrenea Jauregia.

Herritik bueltatxo bat ematera animatuz gero berriz, Lesaka bere osotasunean altxor arkitektonikoa dela ikusiko dugu. Estilo barrokoa duen udaletxea 1668an eraiki zuten erdigunean; Arretxea kalean XV. mendeko Zabaleta Dorrea begiztatuko dugu, —bitxikeria gisa, Independentzia Gerra deiturikoan, Wellington jeneralaren egoitza izan zen. Egurrezko egitura duen Bikariobaita (XVI–XVIII); San Martin de Tours eliza (XVI) edota San Anton ermita (XVI) ikusgarriak dira.

Bestalde, jaiak entzutetsuak ditu Lesakak eta urtero jende andana biltzen da bertan ondo pasatzeko gogoz; ziurrenik, Inauterietan eta San Fermin jaietan gerturatzen da bisitari gehien Bortzirietako herri honetara. Giro paregabean murgiltzen da herria guztien gozamenerako.

Folklorea, mitologia, arkitektura ikusgarria, paraje ederrak... Guztia bat eginda, ez da harritzekoa urtero horrenbeste bisitari jasotzea Lesakak. Ez al zara animatzen?

‹‹Orain arteko ibilaldiak››