Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Maite Arroitajauregi. (Mursego): Arlo artistikoan sormen lanak eginez, bizitza pertsonalean ere hobeto moldatu zaitezke
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Maite Arroitajauregik utziak
Txikitatik biolontxeloak erakarri omen zintuen; ez al zegoen tresna handiagorik ala?
(barre) Egia da txikitatik eraman dudala biolontxeloa bizkar gainean. Betidanik joan naiz musika kontzertuetara, eta zein instrumentutan trebatu nahi nuen jakin aurretik ere, askotan entzuna nuen bere soinua eta ikaragarri atsegin nuen; ez dakit zehatz, baina ziurrenik ezaugarri horrexegatik hautatu nuen biolontxeloa jotzea.
Sortze prozesuak eta kontzertuak terapia gisa baliatzen omen dituzte artistek.
Niri ere horixe gertatzen zait. Beti esaten dut musika egitea edo sortzea terapia dela; hau da, zure egoera fisiko eta mentala dena delakoa izanda, zerbait sortu ondoren, beste bat bihurtzen da. Gertatu izan zait kontzertu batzuetara gogo barik joatea eta jotzen hasi eta indarberrituta eta beste animo batekin ateratzea; eta zer esanik ez kontzertu polita irten baldin bada. Argazkia: El fotero del P?nico (Maite Arroitajauregik utzia)
Aitortzen dizut ez dudala zuzenekorik ikusi, baina sarean saltsan ibili ostean, betikotasunetik kanpo ere gauzak egin daitezkeela ohartu naiz.
Bai. Egia esateko hasi nintzenean ez nekien nondik nora jo behar nuen. Azken finean probatu eta probatu, Mursegori bere estilo propioa ematera ailegatu naiz.
Zerbait berezia egin nahi nuela argi neukan, baina ez nekien zer; halere, nahiko modu naturalean irten da dena. Ziurrenik gitarra jo izan banu, ziur askoz musika “normalagoa” sortuko nukeela, baina hasteko, abiapuntu moduan biolontxeloa dago, eta halabeharrez zerbait desberdina irten da.
Iruditzen al zaizu ausarta izan behar dela horrelako proposamen ezberdin batekin jendaurrean irteteko?
Ausarta bai, baina gehiago bakarrik nagoelako eszenatokian eta oso ongi kontrolatu behar dudalako Loop Station deituriko makina; denbora oso ongi neurtu behar da, kapak ongi egin behar dituzu... Azken finean ez da talde batean jotzea bezala. Eta horrez gainera, bai gorputz jarrera eta baita mentala ere desberdinak dira zeharo jendaurrean bakarrik ateratzen zarenean.
Mursegon, dena dago nire esku, eta ahalik eta gehien kontrolatu behar dut egiten dudana. Halere, noizean behin jausten zaizkit gauzak, edo mikrofonoa jotzen dut buruarekin ... Baina inprobisatzen ere ikasten da. Zorionez, bakarka hasi baino lehen Anarirekin urte asko egin ditut kolaboratzen, eta beraz, bakarrik aritzeko unea iristean publikoaren aurrean moldatzen banekiela esango nuke.
Noski, dena kontrolatuta izateko, entseatu egin behar, eta normalean arratsaldetan lan egiten dudanez, goizetan aprobetxatzen dut horretarako. Halere aitortzen dut hamaika proiektutan sartuta nagoenez, lehen baino gutxiago trebatzen naizela. Halere, saiatzen naiz kontzertu aurretik beti ere entseatzen, ni neu eroso egoteko.
Esan dugunez, Mursegok estilo berezia dauka. Nola erantzuten du publikoak aurrenekoz entzutean?
Lehenengo aldiz kontzertu batera etortzen denari atentzioa ematen dio Loop–arekin nola egiten dudan lan; hau da, jendeak uste izaten du kontzertu aurretik grabatzen ditudala kapa ezberdinak, baina zuzenean egiten dudala ikusterakoan, harritu egiten dira. Pedalari esker grabatzen diren txelo ezberdinak entzuten dituzte. Argazkia: CC BY — Bixentro
Horrez gainera, instrumentu ezberdinak jotzen ditudala esaten didate, nahiz eta biolontxeloa izan nagusi eta gainerakoak laguntzeko diren: ukelelea; Casio bat erritmo–kaxa gisa eta baita teklatua ere, melodiak sortzeko; marakak; afinatutako notak ematen dituzten hodi batzuk; auto–harpa; txirula...
Oker ez banago, soinu banda batzuk sortu dituzu. Nola suertatu zitzaizun aukera hori?
Zinea egiten duen lagun baten bitartez hasi nintzen Mursego sortu baino lehen; bere bi laburmetraien soinu bandak egin nituen eta baita bideo ezberdinei musika ipini ere.
Mursego sortu ondoren, aldiz, Isaki Lacuesta zine zuzendariak diskoa entzun eta nirekin ipini zen kontaktuan, eta ondorioz, bere hiru lanentzat sortu ditut melodiak; baita Oscar Alegriaren dokumental batentzako... Oro har, jendeak egiten dudana entzun eta interesatuta deitu izan dit.
Asko gustatzen zait horrelakoetan parte hartzea, oso ezberdina baita. Adibidez, aurten Bartzelonako filmotekan egon naiz artxiboan dauden laburmetrai batzuei musika ipintzen. Aurrez beraiek bidali zizkidaten laburrak, eta nik etxean lan egin eta piezak sortu nituen, eta ondoren, bertara joan eta musikatu nituen film mutu haiek.
Eta bestela ere etxetik egiten duzu lan?
Bai, entseguak ere bertan egiten ditut. Prestatuta daukat lanerako gela bat. Erosoa dela ez dut ukatuko, baina hori ere ordaindu behar da, bestela edukiko nukeen etxea baino handiagoa behar baitut nire kasa antolatzeko. Argazkia: El fotero del P?nico (Maite Arroitajauregik utzia)
Bi disko kalean, eta auto–ekoizpenaren bidez, gainera. Lehenengoa horrela atera nuen, eta bigarrena erdizka, Bidehutsekin argitaratu baitzen —eta hauek ez dute ohiko lan egiteko modua baliatzen. Eta ez zait gaizki joan bide horretatik, lehenengo diskoa agortu egin zen eta bigarrena ere bidean dago. Zorionez publikoaren erantzuna ona izan da, eta dirua galdu baino, parra geratu naizela esango nuke; azken finean grabazioa eta diseinua nire poltsikotik ordaindu behar izan nituen, eta berreskuratu dut inbertitutakoa. Halere, esan behar dugu gaur egun diskoak ere ez direla lehen bezala saltzen, jendeak beste bide batzuk baliatzen baititu lanak eskuratzeko. Beraz, pozik nago orain arteko erantzunarekin.
Eta nola ikusten duzu artista moduan euskal musikaren egoera?
Eskaintza egon badago, eta handia gainera!
Halere, esango nuke jendea ez dela lehen bezala kontzertuetara mugitzen, agian eskaintza zabalegia delako, edota krisiaren eraginez. Nik ere nabaritu dut, baina nahiko zorte ona eduki dut, jende ugari gerturatzen baita oraindik ere Mursego ikustera.
Sortzailea zara, baina denok ez daukagu gaitasun hori, neurri batean hezkuntzatik ere ez delako garatzen...
Hala da, nik ere uste dut ez dela nahikoa lantzen. Gainera, niretzako musika horren terapeutikoa izanda, derrigor garatu beharko zerbait litzatekeela pentsatzen dut. Bestalde, arlo artistikoan sormen lanak eginez, iruditzen zait gerora arlo pertsonalean ere, hobeto moldatu zaitezkeela, esate baterako, arazo baten aurrean irudimena erabiltzen edota inprobisatzen ikasten duzu.
Zeintzuk dira epe laburrera dituzun proiektuak?
Momentu honetan Xabier Montoiarekin ari naiz eszenatoki gainean. Bestalde, poesia eta musika uztartzen dituen pieza bat sortzen dihardut Rafa Berriorekin. Eta azken aldian geratu gabe nabilenez, tartetxo bat hartuko dut niretzako, atsedenaldi bat egin. Halere, dagoeneko lotuta ditudan emanaldiak eskainiko ditut noski, bai etxean eta baita kanpoan ere, Castellon edota Bartzelonan, esaterako.
Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera daukazu, beraz! Bai, dagoeneko Madrilen bitan aritu naiz, Bartzelonan hiruzpalau aldiz, Erroman, Parisen... Hizkuntza gutxienekoa da, jendearengana iristeko gaitasuna eduki behar da, nola transmititu eta espresatzen zaren da garrantzitsuena. Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977) Eibartar honen bizitzan betidanik egon da musika presente, aitaren zaletasunarengatik, bai eta amaren lanbidea medio —musika irakaslea da. Musika ikasten hasi eta instrumentua hautatzerako orduan, pianoarekin hasi zen, baina biolontxeloak gehiago erakartzen zuela ohartu eta gogotsu heldu zion. Goi mailara arte ikasi zuen, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan amaitu zituen ikasketak. Musika klasikoaz gainera, bestelako estiloak ere gustuko ditu, eta talde ezberdinekin kolaboratu du. Baina bere proiektu propio baten beharra sentitu eta Mursego sortu zuen; bi disko kaleratu ditu dagoeneko: Bat (2009) eta Bi (2010).