Euskonews Gaztea
Gaiak: Etorkizunak dakarrena
Eman dugu botoa, eskatzen zigutena egin dugu. Eta orain, zer opa digu etorkizunak? Argazkia: CC BY — Sara Björk
Egia esan behar badut, ez dakit kartak irakurtzen, ez daukat bola magikorik etxean, eta halere, suposatzen dut zenbait gauzek beren horretan jarraituko dutela. Lana ez da bakarrik sortuko, ez gara krisitik aterako, bankuak ez dira txintxo portatzen hasiko...
Lan handia dute egiteko batzuek orain. Eta guk bitartean zer? Barkuaren kapitainek handik hona euren nahieran eramaten gaituzten bitartean, marinel txintxoak baikinan ekaitzari aurre egitea tokatzen zaigu, tamalez.
Euren bizimodua lau urtetan konpontzen duten artean, eguneroko arazoei aurre egiten jarraitu beharko diegu, hilabete amaierara miseriarik gabe iristen saiatu, diru–laguntzen menpe daudenek irudimena baliatu... Eta iritsi berriek lehen klasean bidaiatzen jarraituko dute, izar ugariko hoteletan lo egiten, eta sardexka askoko jatetxeetako menua dastatzen. Batzuentzako baita soilik austeritate unea.
Haserrealditik atera ezinka nabilela nabarituko zenuen honezkero; hain zuzen, azkenaldiko panorama beltz ikusten dut. Berdea omen da esperantzaren kolorea, eta berdez margozta nahiko nuke biharko eguna. Hala izan dadila, bada.