601 Zenbakia 2011-11-18 / 2011-11-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Sabino de Arana

ESTORNÉS LASA, Mariano



Politikaria, idazlea, eta bizkaitar ahalduna.

Bilborekin 1890ean bat egin zuen Abandoko errepublikan jaio zen 1865eko urtarrilaren 26an. Santiago de Arana bere aita guda karlistaren gorabeheretan sartuta zegoela, zortzi urte zeuzkala, 1873an Lapurdira atzerriratzea erakarri zion.

1876an sendia Bilbora bueltatzen da eta Sabino Arana Urduñako Jesusen Aiten ikastetxera bidaltzen dute batxiler ikasketak bertan eginez.

1882an, Abandoko bere etxean gaixorik dagoela, bere Luis anaiarekin dituen eztabaidek karlismo foruzaletik abertzaletasunera daramate. Doña Pascuala de Goirik bere semeekin batera Barcelonara joatea erabakitzen du. Bere ahizpa Paulina familia–kronista da; zatika argitaratutako Memorias lanean, bizi izatea egokitu zitzaion aldi gorabeheratsua ere azaltzen du. Luisek arkitektura ikasten du eta Sabinok Legeak, Filosofia eta Letrak eta Natur Zientziak.

1888an Aranatarren ama Barcelonan hiltzen da. Sendia Bizkaira dator Pascuala de Goiri Andrearen hilotza ekarriz. Bost urteko ikasketa ofizialak egin ondoren, gogoko eta erabat atsegin dituen gaiak ikasteari ekiten dio. Bizkaya por su Independencia bere lehen idazlana argitaratzen da 1892an; ordura arte historia, legegintza, hizkuntza eta gizarte–politika arazoak ikasteari ekiten dio eta baita jatorrizko euskal legeak berrezartzeko erari buruz gogoeta sakona egiteari ere. “Bizkaya'ren Edestija ta Izkera Pizkundia” argitaletxea sortzen du 1886. urtean.

1886tik 1893ra bitartean hizkuntza, historia, literatura, eta berpizkunde izaerako lanak argitaratzen ditu. Bere politika–jarduna, Begoñako Larrazabal baserrian egindako hitzaldiaren eta urte berean agertutako Bizkaitarra agerpenaren ondoren hasten da.

1894ean “Euzkeldun Batzokija” elkartea sortzen du, lehenbiziko abertzale gunea. Urte hauetan, (1893–1894) bere politika–hasiera, eraginkor eta istilutsua ematen da, hain zuzen agerraldi, zigor, espetxe eta prozesuak sortarazten dituzte. Bilbotik probintziako diputatu hautatua da 1898an.

El Correo Vasco egunkaria sortzen du 1899an; 103 ale bakarrik argitaratu zituen. Bere argitalpenak erortzen diren heinean beste batzuengatik ordezkatzen ditu, eta politika borroka bizian ekiten jarraitzen du. Sabino Arana sozial–kristautasunaren aitzindarietako bat izan zen eta baita Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzaile ere. Hendaiako 1901eko irailaren 16ko Ortografia Kongresuan, euskararen ortografiaren batasunerako oinarriak ezartze aldera, Iturralde y Suit, Arrese–Beitia, Luis de Arana y Gori, Serapio Mugika, Estanislao de Aranzadi, Resurrección María de Azkue, Telesforo de Aranzadi, Juan Carlos Guerra, Domingo Agirre eta antzeko ospe handidun gizabanakoek bertaratuz, Arturo Campionekin batera lehendakariorde izendatua izan zen. Hendaiako Kongresuari bost urte aurreratuz, 1896an bere Lecciones de Ortografía del Euzkera Bizkaino argitaratu zuen.

1902ko irailaren 11an Kongresua berriz biltzen da Hondarribian eta “Eskual Zaleen Biltzarra” elkartea sortzen da, orduan ere, Arturo Campionekin batera, bertako lehendakariorde izanez. Arana eta Goiriren ortografia–sistemari gogor aurre egin zitzaion. Baina bere heriotzaz geroztiko 14 urtemugan eratu berria zen Euskaltzaindiak Arana eta Goirik eta baita Azkue, Bonaparte, Oihenart, Darrigol eta Duvoisin idazleek adierazitakoetan oinarrituz euskararentzako behin betiko ortografia–sistema onartu zuen. Honekin, errenazentistek beraien liburu, aldizkari eta egunkarietan erabiliko duten ortografia arrazoizko eta argi bat ezartzen da. Gure euskal berpizkundeko ospetsuenez eratutako Euskaltzaindiak onartu egin zuen Aranaren euskararekiko lana, Adema, Azkue eta Campionenekin izaniko gorabeherak alde batera utziz. Sabino Aranak, 1886ko uztailean, “El Proyecto de Academia Bascongada del Sr. de Artiñano” zeritzon bere artikulua argitaratu zuen Euskal Errian, jaun horrek urte horretako Durangoko Euskal Jaietan aurkeztu zuenaren aldeko artikulua.

Bere lan poetikoa 33 abenda–ereserkiz, olerkiz eta abestiz osatzen da; bere kazetaritza oldartsua 600 artikulutik gorakoa da eta bizi zela argitaratutako euskara, literatura eta politika lanak 14. Bere eskutitz asko galdu egin dira edota norbanakoen bildumetan sakabanatuta daude. Hamazazpi urtetako borrokak akituta, oso gaixo espetxetik irten eta Sukarrietan 1903ko azaroaren 25ean, 38 urte zituela, hil zen.

‹‹Sabino de Arana Goiri, Auñamendi Eusko Entziklopedian››