601 Zenbakia 2011-11-18 / 2011-11-25
Hedabideak esaten (edo isiltzen) dutena gazteei buruz... eta hedabideak dituzten gazteek esaten dutena. Argazkia: EGK
Gai hori ardatz hartuta elkartu ziren hogeita hamar lagun inguru Gasteizko Simone de Beauvoir elkarteen etxean 2011ko azaroaren 12an, larunbata. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Gasteizko udalak antolatuta, gazteria politikak aztertzeko foroaren zazpigarren edizio izan zen, hain zuzen eta Euskonews Gaztea ere, bertan izan zen.
Antolatzaileek ireki zuten saioa eta segidan, entzuleekin esperientziak konpartitu zituzten gonbidatuek 9etan hasita goiz osoan zehar luzatu zen ekimenean. Aurrena, hedabideek eta publizitateak sortzen duten gazteria eta gazteen irudiaren gainean mahai–ingurua egin zuten.
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle den Estefanía Jiménez Iglesias izan zen hitza hartzen aurrena. Besteen artean, komunikabideek oro har errealitatea distortsionatu eta estereotipoak sortzen dituztela aipatu zuen, eta salatu zen gazteen gainean hitz egiterakoan nola helduak bilakatzen diren gai horretan aditu. Gainera, hedabideek maiz genero indarkeria kasuak tratatzeko dekalogo bat erabiltzen duten moduan, gazteen gainean jarduteko ere beste bat sortzearen aldeko apustua egin zuen, gazteen irudi errealago bat transmititze aldera. Argazkia: EGK
Segidan, kazetarien txanda izan zen. Julio Iturri Noticias de Alavako zuzendariak komunikabide baten jarduna azaldu zuen bere ikuspuntutik; Leire Egibar kazetariak aldiz, gazte ekintzaileak eta botere eta hedabideek hauei ematen dieten tratua izan zuen berbagai. Alfre Elgezabal Bizkaia Irratitik iritsi zen, eta gazte elkarteak ondo ezagutzen dituenez gero, alde biak uztartu zituen; hau da, kazetari baten lana zein den eta nolakoa beharko lukeen, eta elkarteak komunikabideekin izan edo landu beharreko harreman izan zituen hizpide. Hala Bedi irratiko Nagore Encisoren txanda izan zen ondoren, eta irrati libreen lan egiteko modua eta autogestioaz hitz egin zien bertaratutakoei.
Entzundakoez euren iritzia emateko txanda ailegatu zitzaien aretoan elkartutako lagunei, eta jarraian atsedentxo bat egin zuten. Bueltan, gazteek eduki dituzten esperientzien aurkezpena egiteko unea iritsi zen. Gazteak protagonista, gazteen proiektuetan
Gasteiz eta inguruan entzun daitekeen Jhon Freddy Hernándezek Prisma irratiaren berri eman zien bertan bildutakoei; Colombia–Euskadi elkartearen ekimenez sortu zen, eta etorkinak integratzeko proiektu komunikatiboa bat da, eta gazteek eurek sortzen dituzte irratsaio ezberdinak, besteen artean musikari buruzkoak. Goitibera aldizkariaren aurkezpena. Argazkia: EGK
Igel eta printzesa baten txotxongiloek hartu zuten eszenatokia ondoren eta Euskalerriko Eskautak federazioaren Goitibera aldizkariko kide diren Itziar, Javier eta Cristinaren eskutik modu original batetan 30 urteko ibilbidea duen astekariaren berri eman zuten.
Hasieran esan bezala, Euskonews Gazteak ere aukera eduki zuen bere iragana, oraina eta etorkizunaz gogoeta egin eta proiektua ezagutarazi eta konpartitzeko, gazteak eta komunikabideak ardatz eduki zituen jardunaldian. Azkenik, Gazteen Berriak aldizkaria ezagutu zuten bertaratutakoek Ainara Lopezen eskutik; berak, Gazteok XXI elkarteak —Arabako gazteen ordezkaritza pastorala— 1991n sortutako aldizkariaren nondik norakoak aipatu zituen.
Xede ezberdineko proiektuak aurkeztu ziren, beraz, Gasteizko ekimenean; halere, komunean bazeukaten zerbait: gazteek eginak direla, eta gazteei ahotsa ematen zaiela.
Baina foroa ez zen horrela amaitu. Izan ere, ondoren parte hartzaileek lantalde txikiak sortu zituzten, eta bakoitzari aztergai bana eman zitzaion. Batzuek gazteek sortzen dituzten proiektuak nola bultzatu izan zuten hizketa gai; besteek aldiz, hedabideek kontuan izan beharko lituzketen irizpide katalogoa, gazteen irudia sortzeko orduan; ‘nola jokatu elkarte eta erakundeengandik informazioa sortzeko edo hedabideei informazioa emateko?’ galdera erantzun behar izan zuen azken taldeak.
Ideiak bateratu eta elkarrekin bazkalduz, amaitutzat eman zuten gazteria politiketan sakontzea xede duen foroa. Datozen egunetan bateratutako ondorioen berri emango dute Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lagunek.