599 Zenbakia 2011-11-04 / 2011-11-11
Etorkizuna beltz ikusten dudala esango dit norbaitek titulua irakurrita. Apur bat bai, lagunok, ez baikara momenturik onenean bizi, ezta? Krisiak edonor astindu dezake. Argazkia: CC BY — danielmoyle
Eskarmentua dute langabeek biharko egunari mesfidantzarekin begiratzeko jardunean. Izan ere, azken datuak ez dira lasaigarriak, eta dirudienez, denbora batean halaxe jarraituko omen du egoerak. Ezin gara lasaitu, edozein unetan hortxe ikus baitezakegu gure burua, enplegu bulegoaren ilara luzean gure txandaren zain —dagoeneko ez bagaude.
Ekaitzak gogor astindu du panorama. Eta trumoi eta tximistekin batera, kazkabarra ere egin duela esango digute batzuek; nola definitu bestela lanik gabe, etxean bizitzen jarraitzeko eskatzen dioten diru kopurua ordaindu ezin eta kalean geratzeko urrats batera daudenen egoera? Asko ez, gehiegi dira horrelako kasuak, bestela zabaldu egunkaria eta irakurri, edota piztu irrati/telebista, eta ikusi eta entzun. Ez da libratzen inor: gazte eta helduak, emakume eta gizonezkoak...
Krisiak lotsarik gabe egurtu baikaitzake edonor.
Filtro bereziak erabili behar ditugu biharamunari erreparatzeko, eta perspektibaz begiratu etorkizunari. Noski, jakin baitakigu ez dugula (edo “dutela” esan beharko nuke?) egun batetik bestera konponduko sortutako saltsa–maltsa; denbora beharko da makinaria berriz martxan ipini eta poliki bada ere, aurrera egiteko.
Merezi ote duen biharko egunak? Noski baietz. Halere, argi daukat askok ez dutela atzoko oparotasunik ezagutuko, eta nostalgiarekin begiratuko diotela iraganari. Nik neuk, barruak hustu berritan, esperantza puntu batekin ere egiten diot so bihar–etziko egunari.