598 Zenbakia 2011-10-28 / 2011-11-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Iluntasun garaietan barrena

AZKARRAGA, Koldo



Bat–batean joan da, inori abisatu gabe. Eskaintzen zigun berotasunik gabe utzi gaitu, eta denbora batean sumatuko dugu bere hutsunea. Argazkia: CC BY — aels27

Iragarritako aldaketa zela esango digute batzuek, eta ados nagoen arren, ez luke horrela, zakarkeriaz jokatu beharko, ez. Egun batetik bestera gertatu baita, eta askok sufritu dituzte ondorioak, gainera. Ongi etorri argitik iluntasunera igaro den herrira, eta zenbaitetan, argitasuna bai, baina hotza nagusi den erreinura.

Horrelakoa da eguratsa. Mauka gabeko elastikoak eramatetik jertse lodia janztera igaro gara, edo bestela esanda, kalean denbora igarotzen lasai egotetik taberna–zuloko goxotasunean barneratzera. Gainera, zenbait udalerritan urtaro honen ezaugarria den aktore baten presentzia nabarmentzen da: gaztaina–saltzailea. Usain goxoz betetzen dira kaleak, eta benetako egun hotzetan ilarak sortzen direla ohartzen gara, ezin baitugu ahaztu barneak berotzeko gure asabek ere erabiltzen zuten jakia dugula.

Halere, abisatu gabe iritsi den arren, aitortzen dut badituela gustuko ditudan zenbait ezaugarri. Udazkenek kolore berezia ematen diote gure herriari, zuhaitz berean kolore desberdinak aurki ditzakegu, gorri, hori eta berdeak; urteekin estimatzen ikasi dudala gaineratuko nuke. Bestalde, gustuko ditut hego haizeko egunak, zuhaitzek euren arropak nola eranzten dituzten ikusteak voyeur edo kuxkuxero sentiarazi arren; eta nola ahaztu, eguzkiak hosto bakoitzari ematen dion kolore bitxia begiztatzearen plazera...

Eta disfrutatu beharko dugu udazkenaz; izan ere, etorri zaigun moduan, atzera joango baita bide beretik, hotz garaiari tokia eginez.