596 Zenbakia 2011-10-14 / 2011-10-21
Biluzte hitzak esanahi anitz izan ditzake: arropak eranztea izan liteke bat, edota barneak hustea, beste bat. Eta tituluak erakarrita honaino iritsi zaretenoi, barkamena eskatuz hasiko dut nire gogoeta. Denok janzten dugu maskara noiz edo noiz. Argazkia: CC BY — Derrick Tyson
Imajinatu duzuen moduan, ez dut arropa kentzeko asmorik, sentitzen dut. Ez. Maskarak kenduta, naizen modukoa izatera ausartuko naiz, horratx gaurko egitekoa —eta ez da lan makala!
Aitortu egingo dut. Ez naiz batzuek pentsatzen duten moduko inozoa, ez eta besteek uste duten bezain gaiztoa. Izan ere, aurrean dudan pertsona nor den begiratuta, sarritan jantzi behar izaten dut mozorroa soinean. Adibidez, amaren aurrean on itxurak egin izan ditut gaizki eginak ezkutatu asmoz; lanean ere nagusia datorrenean inozente plantak egitera ausartu izan naiz batzuetan, botatzen dituenak nirekin joango ez balira bezala... Halere, nork ez du horrelakorik egin noiz edo noiz?
Nire 25 urteotan nahita edo oharkabean jantzi izan ditudan mozorro horiek egun naizena izaten lagundu didatela pentsatzen dut. Hau da, gurasoei ziria sartu ez banie ez nintzateke gaztetxeko kontzertu harta joango 15 urte nituenean, eta ez nukeen nire aurreneko neska laguna ezagutuko, ezta berarekin Ingalaterrara bidaiatuko 18 urte nituenean, ez horren baliagarria suertatu zaidan ingelesa menperatzera ailegatuko...
Baina argi gera dadila, ez nabil esaten mozorroak uneoro jantzi behar direnik, ezta gutxiagorako ere! Hori bai, une jakin batzuetan gure bizitzaren noranzkoa aukeratzen lagun dezake modu batean edo bestean jokatzeak, bai onerako baina baita txarrerako ere, argi eta garbi.
Laburbilduz, lantzean behin inauterietan lez, pertsonaia baten azalean sartzen garela denok, eta inor libratzen bada, abisatu dezala!