58 Zenbakia 1999-12-10 / 1999-12-17

Gaiak

Sebero Altuberen obra

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Sebero Altuberen obra Sebero Altuberen obra * Josemari Velez de Mendizabal Aurreko artikulu batean nioen bezala, Sebero Altuberen bizitza harrigarria izan bazen ere askoz gehiago utz gaitzake txundituta arrasatearrak buruturiko lanak, batik bat eta orduan ere garbi utzi nahi izan nuen heziketa akademikorik gabea zelako. Jakintza arloko espektro zabalean hainbat diziplina jorratu zuen, hasiera hasieratik tiratu zuena musika izan zelarik. Auskalo zer izango zatekeen gure gizona, Arrasate txiki hartatik atera izan ez balitz, hain zuzen ere Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza irabazi ondoren! Erantzuterik ez dagoenez, hobe dugu dakizkigun erreferentziak erabili eta Seberoren zientzia ekarpena nolakoa izan zen azaltzea, hori bai, aldez aurretik zera abisatu behar dudalarik, ez naizela batere aditua balorazio zientifikoetan. Gainera, Altube diziplinaskotakoa izanik, edozein balioztatzailek ere ez luke lana ongi burutuko. Baina utz dezagun alde batera burutazio hori eta gatozen harira. Sebero Altuberen bisita txartelean zer jartzen zuen ez dakit, baina seguru nago zer jarri nahi zuen galde bageniezaio Musikoa erantzungo zigukeela. Seberok, bere anaia Benigno eta Cristobal Bediarekin hiruak arrasatearrak Euskal Herriko dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatu zuen. Bere heziketa musikalak Arrasateko Musika Banda zuzentzera eraman zuen 1899an. Bi urte beranduago, dena den, "Cor Jesu" zeritzan bandarako martxa batekin Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza irabazi zuen. Eta ordudanik, Arrasatetik Gernikara aldatu zuen bere egoitza. Gernikan Abesbatza sortu zuen eta baita Musika Akademia ere. Bere zaletasunak eraginda, laster hasi zen artikuluak argitaratzen, batez ere Bilboko "Revista Musical" eta Donostiako "Euskalerriaren alde".Bitxia bada ere, euskararen azterketa lanetan sartzen denean, gure hizkuntza morfologia, joskera eta tonoarengatik ikertu beharko litzatekeela dio Seberok, ate berri bat irekiz euskal linguistikako zereginetarako. Hizkuntzaren gaineko arloanlan egiten, berriz, mende hasieran hasi zela esan genezake. Berak aitortzen du linguistikak tiratzen zuela eta europar hainbat hizkuntzalari ospetsuren obrak irakurri zituela. Hovelacque, Dauzat, Gregoire, Meillet eta beste hainbaten teoriak ezagutu zituen, bereak egituratzen hasi orduko. Teoria apurtzaileak, askotan, Altubek euskararen kasura aplikatu nahi izan zituenak. 1909koak dira Azkuerekin dituen lehenengo harremanak, batez ere hiztegi gaiak zirela eta. 1918an Oñatin zegoen, Eusko Ikaskuntzak bere lehen Kongresua eratu zuenean. Handik sortu zen Euskaltzaindia eratzeko ideia eta urtebete bat beranduago lehen euskaltzainak. 1920ko ekainaren 22an, Txomin Agirreren heriotzak utzitako hutsunea betetzeko Sebero Altube izendatu zuten euskaltzain. Ordurako euskarari buruzko bere lanak ezagunak ziren. Geroxeago aipatuko ditut, arlo honetan Seberok eginiko lanik sonatuenak. Baina aipamen berezia merezi du Erderismos izenekoak. 1929an "Euskera" aldizkarian argitaratutako lan honek liburu gisa atera zuen urtebete beranduago. Ordurarte euskal hizkuntzalaritzan inondik egindako ekarpenik eztabaidatuenetakoa gertatu zen obra hori. Azkuek ez zuen ontzat hartu eta urte batzuk beranduago Luis Mitxelenak ere kritika zorrotza egin zion, Altubek "dena eta nahi lukeena" nahasten zuela salatuz. Egia da Altuberen lan horrek ez duela euskal joskera bere osotasunean neurtzen eta alde horretatik egin dakiokeen kritika zuzena dela. Baina Seberoren asmoa ez zen euskalki guztien gaineko ikerketa egitea. Gehien bat, garaiko euskal idazleengan antzematen zituen hutsik nabarmenenak ekiditeko arauak finkatu nahi zituen. Askok, Seberok beste garbizalekeria bat ezarri nahi izan zuela egozten diote, lexikoari dagokionaz gain. Joskera irreala sortu nahi izan zuela diote. Baliteke, izan ere askotan zurrun samar agertzen baita, baina ez da egia txikiagoa gure hizkuntzari buruz egin daitezkeen hainbat galderari erantzun egokia eskaintzen zaiela Altuberen teoriatik. Alea ere, badira noski arrasatearrarenlana goraipatzen dutenak. Aita Villasante, Aita Onaindia eta Iokin Zaitegi dira, besteak beste, Altuberen lana behin baino gehiagotan defendatu dutenak. Altubek, azken finean, euskara bizi eta egunerokoa maite baitzuen, argi eta garbi: "Atara aixetara geure izkera maitiau, erabilli beti ta beti, edonun ta edonorekin, emon orretaraxe bizija ta indarra... Beste asmokeri ta barrikerizko bideok, alperriko ta kaltegarri baño eztira..." Altuberen hizkuntzalaria oraingoz alde batera utzita, gogora dezagun izan zela Altube filosofo bat, zeharo kezkatuta gizartearen arazoekin. Berak dioenez, Gernikako bonbaztapenaren ondoren sortu zen berarengan giza oinazearen zergatia ezagutzeko grina. Horren ondorioz eta europar filosoforik aipagarrienen lanak irakurri ondoren, "La fonction de la douleur" deritzan liburua kaleratu zuen Pauen. Sortzezko literaturan, berriz, Altuberen jaioterriaren kontrako bonbaztapenean oinarritzen du bere obrarik ezagunena :Laztantxu eta Betargi. Oso euskara txukun agian zailxe samarra den arren erabiltzen du, gertakari lazgarriaren deskribapen historiko fikziozkoa egiteko. Sebero Altuberen lana begi kritikoz aztertu dela esan dut goian. Eta kritika ez da beti oso aldekoa gertatu, batez ere zorroztasunik eza egotzi zaiolarik, joskeraren gaineko teoriak euskara osora aplikatu nahi izan dituenean. Agian horrela da. Gaur egun ontzat emango ez liratekeen teoriak egituratu zituen. Baina horretan, behintzat, meritua eman behar zaiola iruditzen zait, ausarta izan baitzen, euskal linguistikaren zutabeak hutsaren hurrena zirenean. Seberok bide bat ireki zion euskal linguistikari. Ez da gutxi, berak zioen bezala, euskara joskera, morfologia eta tonoaren aldetik ikertu behar dela eskatzea. Eskatu eta, noski, horri ekin, arrasatearrak egin zuen legez. Aita Villasantek, nire "Sebero Altube" liburuan zioen: "Gizon gehienetan bezala, Altuberengan ere egon daitezke mugak. Baina Altube jaunaren pertsona eta lana, bere balio eta muga guztiekin, hor geldituko zaigu betitente, ispilu eta mugarri antzo. Denontzat ikaspide". SEBERO ALTUBEREN LAN LINGUISTIKO BATZUEN ERREFERENTZIAK 1911. Euskerazko itzak (Euskal Esnalea, I 58/60) 1919. De sintáxis euskerica (Euskal Esnalea, IX) 1920. Euskeraren joskera dela ta (Euskal Esnalea, X, XI, XII) Erderatiko itzak; itz barrijak eta antxinako itzak (Euskera II) Izkuntz jakintzia eta euskeriaren bizitzia (Euskera 1921) 1922. Euskel itz barrijak, eurok eraltzeko erderak zetara lagundu bear deuskuen (Eusko Ikaskuntza III Kongresua) 1923. De fonética vasca (RIEV XV) 1925. Modismos euskericos (Euskera VI) 1929. Erderismos (Euskera; eta liburu gisa, Gaubeka Irarkola) 1932. El acento en la prosa y en el verso (liburu gisa, Gaubeka Irarkola) 1933. La vida del euskera. Divulgación a los principios de la lingüística general aplicables a su defensa. (EuskeraXV; liburu gisa, Gaubeka Irarkola; Azkueren Morfologiaz batera, La Gran Enciclopedia Vasca) 1934. Observaciones al tratado de morfología vasca de Don Resurrección María de Azkue (Euskera, XV; liburu gisa Gaubeka Irarkola; eta La Gran Enciclopedia Vasca) 1936. Más sobre la vida del euskera (Euskera, XVII; liburu gisa Gaubeka Irarkolak) 1948. Fonética y etimología esukéricas (Eusko Jakintza I,II, III, IV) 1949. La unificación del euskera literario (Eusko Jakintza, III) 1950. Erderakadarik txarrenal (Euzko Gogoa, I,II,III) 1956. Literatur euskara: sobre sintaxis vasca (Euskera I) 1960. Euskerari buruz (Euskera V) Josemari Velez de Mendizabal, idazlea Euskonews & Media 58.zbk (1999 / 12 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria