Lana Euskal Herrian. VI. Tokiko Historiako Ihardunaldiak Lana Euskal Herrian. VI. Tokiko Historiako Ihardunaldiak * Mikel Aizpuru Abenduaren 16 eta 17an burutuko dira Donostian Lan munduaren Historiari buruzko azken ekarpenak bilduko dituen Lana Euskal Herrian ihardunaldiak. Topaketa Pere Gabriel historiagile katalandarraren hitzaldi batekin hasiko da Lan mundua eta langileen historia soziala eta politiko bat. Bere atzetik 34 komunikazio aurkeztuko dira, 6 ataletan banaturik: 1 Artisau lana (6 lan) 2 Produkzio ereduen trantsizioak: prozesu eta gatazkak (4 lan) 3 Lanaren kulturak, lanak eta kulturak (5 lan) 4 Lana eta komunitatea (6 lan) 5 Emakumea eta lana (6 lan) 6 Enpresak, enpresariak eta langileak (6 lan) Hainbat ondorio atera daitezke komunikazioen izenburuak, zein atalera bideratzen diren eta aztertzen dituzten denbora epeak kontutan hartuz. Bakarra aurkeztu da euskaraz idatzita. Tokiko ihardunaldiak izanik, agian gehiegizkoa da lurralde edota garai desberdinen arteko konparaketak eskatzea, baina, izenburuen arabera, gutxienez, jarrera honek ez du jarraitzaile asko izan. Eremurik zabalenak ez du Euskal Autonomi Erkidegoa gainditu. Aztertutako eremu geografikoa espreski aipatzen dituzten komunikazioak sailkatuz, hamaikak Bizkaiako eskualde, herri edo lantegiren bat jorratzen dute, bederatzik Gipuzkoakoak, lauk Nafarroakoak eta bik Arabakoak. Lurralde bakoitzean industriak izan duen eraginarekin bat egiten du banaketa honek, baina azpimarragarria da nekazal lanak duen toki eskasa, komunikazio bakarrak baitu helburutzat historian zehar eta, batez ere, barnekaldeko eskualdetan, hainbeste garrantzi izan duen esparrua. Antzeko zerbait gertatzen da emakumeen lana aztertzen denean, etxetik kanpo egindakoa baino ez baita kontutan hartzen, ekonomian edota soziologian geroz eta garrantzi gehiago duen eremua baztertuz. Ihardunaldien antolaketan hasi aurretik jakin arren, nabaria da bestetik Gaur Eguneko Historiak hartu duen tokia, lehenengo atalean ezik.Honen gaia artesautza izanik bertako komunikazioek Ertaroa edota Aro Berria jorratzen dute batipat. Beste ataletan, ordea XIX eta XX. mendeak aztertzen dituzten lanak dira nagusi eta denbora epe horretatik at aurkeztu diren bi komunikazioek XVIII. mendea eta honen bukaera ikertu dituzte. Are gehiago, XX.a da komunikazio gehien jaso duen mendea, 20 hain zuzen eta horietako asko gaur egun arte heldu dira. Badugu, beraz, aldaketa esanguratsua, hots, gure mendea bere amaierara heltzen ari den unean, geroz eta historikoagoa bilakatu dela, Frankoren garaia edota 1977 geroztikoa historiagile, ekonomilari edota soziologoen ikerketa arlo bilakatuz. Ez dira hauek nabarmendu beharreko aldaketa bakarra. Lanaren Historiaren iturburu nagusiak eta azken hogei urterarte izan dituen ezaugarri ideologiko eta tematiko garrantzitsuenek enpresari eta langileen arteko gatazkeei ematen zieten lehentasuna, bigarren mailan utziz edota erabat alboratuz langileen eguneroko bizitza, kultur tradizioa, enpresen ezaugarriak edota aldaketa teknologikoen eragina. Alde honetatik Eusko Ikaskuntzaren Historia Sailak antolatu dituen VI. Tokiko Historiako Ihardunaldiek ondo baino hobeto erakusten dute egun Euskal Herrian lantzen den ikerketa nazioartekoarekin parekatu daiekeela gaiak, hipotesiak eta metodologiari dagokionez. Azpimarratu dezagun, alde batetik, 2.atala Produkzio ereduen trantsizioak: prozesu eta gatazkak izenburuarekin izan dela lan gutxien jaso duen arloa, lau bakarrik; horietako batek gainera ez du zer ikusirik lan gatazken munduarekin. Nabarmena da, era berean, duela urte batzuetako terminologia ia erabat desagertu dela izenburuetatik. Oso gutxi dira klase borroka, gatazka edota antzeko esamoldeak erabiltzen dituzten komunikazioak. Sindikalgintza hitza behin bakarrik aipatzen da eta greba behin ere ez. Zer esan ugari eman dezake hautu honek. Izan ere, Britaina Handian edo Frantzian, paradigmaren aldaketa langile mugimenduari buruzko lan ugariren ostean etorri da. Gurean, ordea, ez dituguondo ezagutzen sindikatuen osaketa, bazkide kopurua, buruzagiak, iharduera edota eguneroko praktika, beste muturrera pasatzea, gatazka ia erabat baztertuz iharduera historiografikotik. Ez dago zalantzarik, nik ez daukat behintzat, lan mundua ulertzeko interesgarriagoa dela langile eta nagusien ezaugarri, ohitura, bizimodu eta pentsamoldeak arakatzea edota enpresetan erabiltzen ziren produkzio sistemak eta lan antolaketak aztertzea; baita erakunde publikoen jarrera, hau baita ihardunaldi hauetako kanpo geratu den beste esparru garrantzitsua. Baina gatazkaren mundua, ixila edota istilutsua, lantokian burutzen dena edota kale eta komunikabideak betetzen dituena erabat baztertu gabe. Egindako guztia ontzat emateko joeraren aurrean beharrezkoa ikusi dut ihardunaldi hauetako komunikazioek aurkezten dituzten hainbat hutsune edota iluntasun azaltzea. Espero dezagun, bestetik, Miramar Jauregian burutuko diren eztabaidek argigarriak izatea. Edonola ere, zera nabarmendu behar da, bertan jorratuko diren gai eta eremuek gure inguruko historiografira hurbiltzen gaituztela eta, argitaratu ostean, gure iragana hobeto ezagutuko dugula. Duela hamabi urte, Eusko Ikaskuntzak Tokiko Historiari buruzko ikastaroa antolatu zuenean, Ignacio Olabarrik galdetegi luzea zabaldu zuen, lan mundua bere aberastasun eta aniztasun osoan uler genezan. VI Ihardunaldi hauetan aurkeztu diren lanak kontutan hartuz oraindik ez dugu erabat erantzun, baina bide oparoa egin dugulakoan nago. Antolatzaileok arlo historikoa lantzeaz gain, gaur eguneko errealitatea ere ikuitu nahi izan dugu eta asmo horrekin antolatu dugu abenduaren 17an arratsaldeko 6etan burutuko den mahai ingurua. Bertan izango dira CC.OO, CONFEBASK, ELH eta MCCko ordezkariak. Lan munduaren aniztasunaren erakusle fidelak izanik, eztabaida interesgarria ikusiko dute bertara hurbildutako guztiek. Mikel Aizpuru, Lana Euskal Herrian. VI. Tokiko Historiako Ihardunaldien Antolaketa Batzordeko kidea Euskonews & Media 58.zbk (1999 / 12 / 10 17) EuskoIkaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.