576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06
Moai estatua erraldoiak Pazko uhartean bizi izan ziren rapa nui zibilizazioaren aztarna bakarra dira. 20 tonako pisua izatera iristen diren tailu hauek euren baliabideak kudeatzen jakin ez zuen zibilizazio baten amaiera biluzten dute. Argazkia: CC BY – Individuo
Lur emankorrak zeuden Rapa Nuikoek Polinesiako uharte hau aurkitu eta bertan izurdeen arrantzan oinarritzen zen egituratutako gizarte bat finkatu zutenean. Baso oparoekin arrantzarako behar ziren kanoak eta moaien oinarria den Rano Rarakuko sumendiko harria mugitzeko behar ziren garraioak zituzten. Oparoaldian murgilduta, basoa eurena zela pentsatu eta hark bidaltzen zien neke seinaleak ikusi ez, edo ikusi ezaren plantak egin zituzten. Seinale hauek aintzat hartu nahi izan zutenerako, beranduegi zen. Egurrik gabe, izurdeen haragia amaitu eta moaiak ere amaitu ziren. Gosea biztanleen artean zabaldu eta goseak hiltzen ez zituen horiek haren bizilagunen janari beharrak asetu zituzten. Egurrik ez zen egon, noski ere, uhartetik atera eta Polinesiara arte zeuden itsasoko 2000 kilometroak zeharkatzeko. Litekeena da moaiak munduko mirari izendatzea. Bitartean, sumendiko harriz egindako estatua horiek gordetzen duten mezua ikusi ez, edo ikuzi ezaren plantak egin ditzakegu.
Adibide paradigmatikoa, Pazko uhartekoa. Ez dira kanoa asko geratuko, ezta ere, behin hau gastatuta beste planeta batera joatera behartuta ikusten garenean. Eta ez dirudi eszenatoki hau urrunegi dagoenik; ez gutxienez hainbat adierazle kontutan hartzen baditugu. Planetatik egiten dugun erabilera neurtzeko esanguratsua da aztarna ekologikoa. Honen bidez, gaur egungo maila ekonomikoa mantentzeko behar dugun planetarako azala, itsasokoa eta lurrekoa kontutan hartuta, neurtzen da. Orain dela sei urte, 1’25ean kokatzen zen. Baina hemendik gutxira, 2050an, aztarna honek bi lurrera iritsiko dela aurreikusten da. Argazkia: CC BY – Mayr
Ikuspegi samingarri honen aurrean, bi bide ditugu. Mugagabeko kontsumo eta jabetzaren aldeko apustua, gauetan norbanako bakoitza bere kanoa eraikitzen doan bitartean, edo gaur egungo sistema birplanteatu. Baliabideen birbanaketan oinarrituta gizartea hau berrantolatu eta kontsumitu eta ekoiztu baino, bizitze ona eta bizitza soziala gailendu dezakegu. Bigarren bide honetan sortzen eta eraikitzen doazen alternatiba asko daude, eta horiek guztiak, garrantzitsuak dira. Aurretik dugun erronka ez da soilik kapitalismoak ezarri duen logikatik alde egitea; krisialdi ekonomikoa biluztu duena edota planetarekin amaituko duen berdin horretatik, hain zuzen ere. Horrez gain, norbanakoak eroso sentiarazten dituen logika berreskuratu behar da. Lana eta hartu–emanei giza ikuspegia itzuli, hots, kapitalaren logikak bizitzarena gailendu ez dezan lan egin. Laburbilduz, bizitze onaren aldeko apustua.
Ekuadorretik idazten duen Magdalena Leon ekonomilariak filosofia hau azaldu du. “Bizitze Ona ez da soilik etorkizunerako utopia bat, baizik eta gure errealitatearen zatitxoak biltzen ditu. Gaur eta orainean, gure gaurkotasunean, Bizitze On zatitxoak barnebiltzen ditu, proposamen hau bideragarri egiten duten horiek, hain zuzen”. Ekonomiaren ardatz bezala pilaketa baztertu eta haren ordez bizitza jartzen duen keinu oro baloratu behar da.
Gure gizartean topatzen ditugun proposamenak, bizitzak dituen aurpegiak bezain anitzak dira. Desazkundetik hasi gaitezke, ez alternatiba bakar batera mugatuz baizik eta horietako askoren abiapuntu bezala. Joko arau berdinak mantentzen dituen hazkundearen kontraproposamen bat baino askoz gehiago da. Desazkundeak hazkundearen logika, xede bezala hartuta, aldentzen du. Hau da, desazkundeko gizarte bat irudikatzeko egun dagoen ekonomia utzi beharko genuke. Ez da bakarrik botere hegemonikoa aldatu behar, baizik eta baloreen aldaketa bat eman behar da; gure buruan hasi behar dena eta hor bakarrik zentzua duen aldaketa. Diruaren nahi bereizi gabea eta mugagabea eta naturaren mugak ahazten dituen lehiakortasuna baztertu behar dira. Argazkia: CC BY – Sophie ffrench–Constant
Aldaketako beste oinarri bat gutxiago lan egin, hobeto bizi ahal izateko aukeran datza. Modu honetan laneko menpekotasunak ahaztarazi zigun bizitzaren zentzua berriz ere topatu daiteke. Honekin ez da soilik lan produktibo nahiz erreproduktiboaren banaketaren eraginez aberastasuna hobeto banatuko lukeen gizarte bat lortuko. Aldaketa honekin ekoizpen logika iraunkorrak diren mugen artean berriro kokatuko litzateke.
Oinarrizkoa da, bestalde, globalaren gainetik lokala dena gailentzea, ekonomia birkokatu. Globalizazioak logikaren aurka doazen hartu emanak ezarri ditu. Beharrezkoa ote da, Eskozian jaiotako otarrainxka bat, lehen Eskozian bertan zuritzen zena, Tailandiatik pasatu behar izana azalik gabe Europan saltzeko? Honen guztiaren atzetik, garraio azpiegitura behar sortuak datoz. Plano lokalera itzultzea ez da soilik ingurugiro aldetik eta ekonomia aldetik egin beharreko zerbait. Osasun mental eta intelektualak ezartzen duten behar bat da ere.
Aipatutako ardatzetan gure inguruan dauden egitasmo asko kokatzen dira: kontsumo taldeak, truke dendak, denbora bankuak, ekonomia alternatibako enpresak, banka etikoa, sendabelar edo xaboi tailerrak, hiriak trantsizioan... guztiak mundua ulertzeko beste modu posible eta beharrezko horretarako bidean aurrerapausoak ematen dituzten utopia egingarriak dira. Keinu bakoitzak balio du, sistemaren aurka borrokatzen du. Erronka bezala, alternatiba hauen elkar ezagutza eta kanporako ezagutzan sakontzea kokatzen da, besteak beste. Gazteriaren ezaugarri den mundua eraldatzeko grina, askotan, helburu utopiko gisa gutxiesten da.
Laudorio honen aurrean, Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak era paregabean idatzia azaldu zuena gogoratu baino ez dugu behar: “Bera zeruertzean dago. Urrats bi eginez hurreratu ni, urrats bi eginez urruntzen da bera. Hamar pauso aurrera egin nik, eta zeruertzak hamar pauso egiten du harantzago. Ibili eta ibilita ere, ez dut sekula harrapatuko. Zertarako balio duen utopiak? Horretarako balio du: ibiltzeko”.