576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06
1888–12–06an Jaitzen (Nafarroa) jaiotako konpositore, pianista, zuzendari eta musikako irakaslea.
Haurra zela, bere familia Iruñera joan zen bizitzera eta han pianoa ikasi zuen Joaquin Mayarekin. 1904ean Madrileko Kontserbatorio Nazionalean eta Pariseko Schola Cantorumean hobekuntzako ikasketak egin zituen. 1909an Iruñera itzuli behar izan zuen aitaren heriotzarengatik eta musika akademia bat sortu zuen, irakaskuntza, konposizioa eta interpretazioa tartekatuz. Azken alderdi honetan errepertorio klasiko eta erromantikoa, Larregla eta aita Donostia bezalako garaiko euskal konpositoreekin nahasten zituen. 1920ean Parisera itzuli eta bertan klaseak eman zituen, Diaguilev errusiar balletekin kolaboratu eta garaiko pianista hoberenetakoa bezala ezagutzera eman zen. Garai horretan, debussyar eraginak jasotzen ditu, bere sei abestietan bezala, atmosfera iradokitzaileak sortuz. Hala eta guztiz, kontrapuntua ere erabiltzen du eta bi tonalitateetan, atonalismoan bezala sartu–irtenak egiten ditu. Neoklasizismoaren eragina, stravinskiar bigarren nazionalismoa eta euskal musika tradizionalean oinarritutako lanekin ikusi daiteke.
1928an Amerikara joan zen eta Brasil, Uruguai eta Argentinan birak egin ondoren New Yorken Augusto Novaro ikertzailea ezagutu zuen. Ikertzaile hau fenomeno akustiko naturaletan oinarritutako (ez eskala klasikoetan) musika sistema bat lantzen ari zen. Beste bira batekin Karibe eta Mexikotik ibili zen. 1937an azken herrialde honetan bizitzen jartzea erabaki zuen eta ikasketa eta konposizioan arreta jartzeaz gainera, klase pribatuak ematen zituen, baina kontzertu–aretoetatik urrun mantentzen zen. 1942an mexikar nazionalizatu zen eta 1947an Sonorako Unibertsitatean hasi zen lanean koruko zuzendari moduan eta dibulgatzaile eta kontzertista bezala lan izugarria egin zuen, bai inguru horretan baita Estatuko hiriburuan ere. Robert Stevensonen ustez bere lan batzuk Iruñean argitaratu zituen Emily Bydwealth izenarekin.
Konpositore bezala, motibo motz, erritmo–indartsu eta malgu eta disonantzien erabilpen ugarietan oinarritutako kontrapuntua asko erabiltzen duen produkzioa dauka, batez ere Novaroren teoriak jarraitzen dituenean. Askotan erabiltzen du pianoa eta ia beti harpa eta perkusioko instrumentu txikiak, beti tinbre kolore ezberdinak bilatuz. Orokorrean, Leticia Varelaren ustez, bere lana miniaturista da, gaiez betea eta garapen murritzekoa, dotorea eta orekatua, erritmo–grazia eta dinamika–neurritasunarekin. Hala ere, bere lana erabat katalogatu gabe dago eta merezi duen ikerketa burutu gabe dauka.
1987–05–26an Hermosillon (Mexiko) hil zen.
Mexikon bere izena daraman fundazio bat dago.
‹‹Informazioa, Auñamendi Eusko Entziklopedian››