574 Zenbakia 2011-04-08 / 2011-04-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Desagertzen diren soinuak

BEREZIARTUA, Loren



Txikitan udak Gaztela aldeko herrixka txiki batean ematen nituela kontatu dut sarritan, eta gogoratzen dut inguru haiek soinu batzuk ematen zituztela, gerora bazter haietatik desagertzen joan direnak. Ogia ekartzera etortzen zen gurdi–motorraren klaxona, aldameneko etxeko agureak goizetan gari sororantz ateratzen zuen zaldiaren oinkadak, noizean behin igarotzen ikusten genuen zorroztailearen melodia,... Poliki–poliki nire oroitzapenetako arasetara joan dira igarotzen soinu horiek. Noski, berriak sortu dira, eta horiekin bizi naiz gaur egun. Argazkia: CC BY – David Siu

Hirian ere, ingurua gero eta zaratatsuagoa bilakatzen ari zaigulako, nonbait, faltan igartzen ditut soinu batzuk, iragan hurbil batean ohikoak genituenak. Oroitzen dut, adibidez, nire aitak lan egiten zuen fabrikako sirena. Hamabost bat minutu lehenago etxea uzten zuen, bere lanpostura garaiz heltzeko. Niri ere etortzen zitzaidan oso ongi soinu hura, ohetik jaikitzeko unea baitzen. Baina lantegia iraganeko oroitzapena izatera pasatu zen, eta berarekin batera lanera deitzen zuen soinu hura. Aita jubilatu egin zuten eta orain iratzargailua erabiltzen du.

Gure herri eta hirietako soinuak, beste hainbat zehazkizunekin gertatu bezala, aldaratzen doaz, gizon–emakumeen mugimenduen arabera. Eta niri iruditzen zait, zenbait kasutan soinuen desagerpenak galera ekartzen duela gizartearentzat, bere historiako erreferenteak ezabatzen joango balitzaizkio bezala. Soinuak gure etnografiaren zati bat dira, artzantza, nekazaritzako lanabesak edota ikatza garraiatzeko otarrak bezala. Eta uste dut, zahartzen joaten zaizkigun pertsonen oroitzapenak grabatzen diren moduan, gizartearen eguneroko bilakaera etengabeak desagertarazten dituen soinu askoren grabazioa ere gauzatu beharko litzatekeela, etorkizuneko belaunaldiek ideia zehatzagoa eduki dezaten euren iraganari buruz.

Gaurko gizon–emakumeok, esango nuke, begi–pertzepziorako gaude prestatuagoak audiorako baino. Landu egin dugu gehiago bistarako sentsibilitatea, belarriei legokiekeena baino. Horregatik soraio samarrak bihurtu gara soinuen galeraren aurrean. Ez litzaiguke gaizki etorriko arreta apur bat gehiago eskainiko bagenie.