574 Zenbakia 2011-04-08 / 2011-04-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aurelio Arteta

DE MADARIAGA, Luis ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia



Aurelio Arteta Errasti Euskal pintore garaikide garrantzitsuena dela esan ohi da. Bilbo, 1879ko abenduak 2; Mexiko, 1940ko abenduak 10.

Hamalau urte zituela Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen. Urtebetez marrazketa eta beste ikasgai batzuk jorratu zituen. Txirotasunak behartuta bere familia Valladolidera mugitu zen. Arte eta Ofizioetako irakasle Jose Martin jaunaren ikaslea izan zen. Halaber, Luciano Sanchez Santare irakaslearen ikasle partikular izan zen. 1897an Madrilera jo zuen. Han San Fernandoko Arte Ederretako goi–eskolan ikasketak burutzen zituen bitartean hainbat lanbide izan zituen, besteak beste, marrazkigilea, brotxa lodiko pintorea, Errege Antzokiko konpartsako kidea, ukitu–emailea, brodatuen diseinatzailea, litografoa, moda–aldizkarien diseinatzailea, emanalditan banatutako eleberrien ilustratzailea, etab. Diru–sarrera eskasak zituenez, Madrileko auzo ilunenak ezagutu zituen. Hiri horretan ikaskide izan zituen Elias Salaverria, Jacinto Olave eta Jose Maria Lopez Mezquita.

Bost urte egoera txarrean bizi ostean, zorionak Parisen ikasteko aukera eman zion: 1902an Bizkaiko Foru Aldundiak ikasketa–pentsioa onartu zion, Angel Larroque pintorearekin lehia bizian. Gaia “Lan–isripua” izan zen. Urte hartan, 23 urte zituela, Parisera jo zuen (urriaren 7an). Han Quintin de Torre eskultore izan zuen bizikide Montmartre auzo ospetsuan. Puvis de Chavannesen pintura soziala ezagutu zuen. Hala, jende apal, arrantzale, langile eta nekazarien gaiarekiko zuen atxikimendua sendotu egin zen. Hiru urte beranduago, 1905ean, irteera artistikoak egin zituen, besteak beste, Erroma, Florentzia, Milan eta Italiako beste zentro artistiko batzuetara. Bere kritiko guztiek esaten dutenez, bidaia horiek eragin itzela izan zuten pintorearengan.

Bilbora itzuli zelarik (1906), bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen Delclaux arte–galeria ezagunean. Bitarteko materialik ez zuenez, sarritan, publikoarentzat lan egin behar izan zuen. Bizitzako etapa horri buruz zera aipatzen du Juan de la Encina arte–kritikari ezagunak:

“Artetak urteak igaro zituen ekoizpen oso motela garatuz, neurri batean, bere izaera ahalketiaren erruz, bere espiritu kritikoak eraginda, beti erne bere bulkada sortzaileak noiz geldiaraziko eta, batez ere, garaiko giro nazional etsigarriaren erruz, hain latza, ankerra eta aurkakoa kutsu espiritualeko obra guztiei bizkar emana” María.

Dena den, garai horretakoak dira bere maisulan ugari (esate baterako, 1919an Parisen aurkeztu zuen La despedida de las lanchas eta María). Horrez gain, orduan eginak dira hainbat mihise, langilearen bizitza saiatu eta gogorra islatzen dutenak, efektuentzat, alferrikako keinuketarentzat edo melodramatismoarentzat tarterik uzten ez dutenak.

Pixkanaka bere burua ezagutarazi zuen euskal lurraldean eta handik at. 1911n sortutako Artista Euskaldunen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Erakusketa askotan parte hartu zuen: “Arte Espainiarraren Erakusketa”, Paris, 1919; “Artista Euskaldunen Erakusketa”, Madril (Retiro), 1916; “Espainiako Pinturen Erakusketa”, Londres, 1920; Madril, 1930 eta 1932; “Artearen Veneziako XIX. Bienala”, 1934; eta garrantzia urriagoko beste zenbait.

1921ean Artetak mandatu garrantzitsu bat jaso zuen: Madrileko Bilboko Bankuaren hallaren dekorazioa. Hartako freskoa izan zen egilearen maisulana, 1923an amaitu zuen. Zirkulu formako frisoa da, 36 metro luze eta 2 metro altu dena; 3 x 2 neurriko 12 sekziotan banatzen da. B. de Pantorbak horrela deskribatzen du:

“Sarrerako atearen parean, frisoaren bi dibisio nagusietan, jatorriko klasikoko hamaika irudi paratzen dira; arte, zientzia eta letren irudikapenak dira”. Bi alboetara, gizon eta emakumeen 33 gorputz gogor (langileak, Baskoniaren aberastasun ekonomikoaren sustatzaileak) lanean ari dira, joanean dira, mugimenduan dira, ekoizpen betean. Gure begien aurrean landa, portu eta fabrika giroko eszenak errepikatzen dira...itsasontzia eta lokomotora, arraina eta fruitua, gure lagun zintzoak, zaldia eta idia... Euskal itxura ageriko langileen silueta dinamiko gihartsuak ageri dira gardenki murruan; formak kutsu soil ikaragarriz altxatzen dira; zenbaitetan lauegi edo gogorregi irudi dezakete; inoiz ez trinkotasun urriko edo iheskorrak. Mural–marrazkigile handiaren eskuaren bidez erritmo miresgarriko lineak lortzen dira, xalotasun bortitza iradokitzen dutenak. Kolorea lagungarri zaigu bere tonu mate, grisaxka eta harmoniatsuarekin. Argia, eguzki biziaren festatik gabea”

1924an Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari postua eskaini zioten eta 1927an dimisioa eman zuen Bilboko Udalaren barnean ageri zen eztabaida sutsu baten ostean. Urte horretan bertan, 1927an, Artetak omenaldi handia ukan zuen Espainiako intelektualen eskutik. Bañistas izeneko margolanarekin (konposaketaren erakusgarri) Pinturako Sari Nagusia jaso zuen 1930ean. Horrez gain, Los hombres del mar margolanari esker, 1932an Madrilen ospatutako Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Lehen Domina erdietsi zuen.

1936ko gerrak Madrilen harrapatu zuen. Irakasle zen Pinturako goi–eskolan. Madriletik Valentziara mugitu zen. Epealdi horretan litografiak egin zituen, egunkari eta aldizkarien bidez hedatu zirenak. Gero erbestera jo zuen eta Miarritzen margolan andana pintatu zuen, ia guztiak gerrari buruzkoak: bonbardatutako herriak (horien artean Gernika) nazioarteko brigadetako soldaduak, exodoaren eszenak, etab. Margolan horiek oso oihartzun eskasa izan zuten publikoarengan eta kritikarengan, izan ere, artelanen bildumagile garrantzitsu batek, Gabino Gamboa jaunak, bereganatu zituen guztiak.

Lazeria andana pairatu eta Frantziako kontzentrazio–esparruan atxilotuta izan ostean, Mexikora joan zen. Han finkatu eta margolan ugari pintatu zituen. Horien artean adierazgarriak dira Aurresku, Romería eta Arrantzales. Herrialde hartan erbesteratu eta gutxira Mexiko Hirian hil zen, tranbien arteko istripu baten ondorioz. Garezurra apurtu zuen eta bularraldea zanpatu. 61 urte zituen. Indalecio Prietok (bere lagun handiak) Ameriketako lurretan izandako amaiera tragikoa deskribatu zuen idatzi hunkigarri batean (Eusko–Deya, 1940, 57. alea). Arteta landa aldera zihoan emaztearekin, azkenaldiko nahigabeak ahazteko asmoz, Julian Zugazagoitia eta Cruz Salido fusilatu zituztela zioen albistea jaso eta hurrengo egunean.

Gehiago: Auñamendi Eusko Entzikolopedian