Euskonews Gaztea
Gaiak: 2003ko martxoaren 20a; Irak gogoan
Modu batean edo bestean zerbait adierazten diguten data esanguratsuak edukitzen ditugu bizitzan, direla urtebetetzeak, ebakuntza egunak, heriotzen urtemugak...
Eta badira, modu pertsonalean zuzenean ez horrenbeste, baina munduaren noranzkoa aldatzen duten data jakinak ere. Adierazgarrienak gerrak izan ohi dira eta izaera ezberdina edukitzen dute; batzuk mundu mailakoak izan dira, zibilak ere asko, larregi...
Eta ezin ahaztu, gerra inbaditzaileak; azken kasu hau aipatuta, esate baterako, Irakekoa etortzen zait burura. Hain justu, 2003ko martxoaren 20an eman zitzaion hasiera okupazioari, suntsiketa handiko armak ezkutatzen zituztela argudiatuz, nahiz eta denborak egia azaleratu duen. Ezen 2003ko irailean, George Tenet orduko inteligentzia zerbitzuko zuzendariak informazio faltsua eman zuela onartu baitzuen.
Halere, okupazioa abiarazi zutenek bilatzen zutena lortu zuten. Besteen artean, AEBk gustuko ez zuen presidentea, Sadam Hussein kargutik kendu —eta hiltzera kondenatu—, euren erara moldatutako gobernu sistema indarrean ipini... Eta zer esanik ez, petrolioaren kontrola bereganatzea!
Baina zein preziotan? Norbait oroitzen al da zenbat zibilek galdu zuten bizia? Zergatik munduko potentzia erraldoienetariko batek bere egin nahi du munduaren norabidea? Eurenak moduko ideiak ez dituzten sistemek balio dute, baldin eta lehengai preziatua eduki eta orduan etsaiak bilakatzen diren arte. Zergatik?
Askatasunaren aitzakiarekin hasten dituzte lotsa sorrarazten didaten gudu madarikatuak. Eta askatasuna beharrean, kodizia eta diru–gose itsua dago ekintza tamalgarrien atzean, argi eta garbi.