563 Zenbakia 2011-01-21 / 2011-01-28

Artisautza

Arturo Andrade. Eskultura, pintura, buztina eta lutheria: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Argizari galduko brontzezko eskulturak egiteko prozesua ez dugu deskribatuko, beste artista batzuei buruzko testuetan urrats guztiak azaldu baititugu.

Oraingoan, beraz, soka-instrumentuak egiteko prozesuaren nondik norakoak aipatuko ditugu, orokorrean.

Lehenik eta behin, musikari bakoitzari “bere neurriko instrumentua” egin behar zaio, hau da, besoen tamainaren (haurra, gaztea edo heldua) araberakoa. Bada funtsezko beste ezaugarri bat ere: musikaria eskuina edo ezkerra den. Gure artisauak bezeroei gorputz-neurriak ere hartu ohi dizkie.

Tamaina askotako biolinak daude: 1/32 - 1/16 - 1/8 - 1/4 - 1/2 - 3/4 - 4/4.

Biolak (hazbeteak): 11 - 12 - 13 - 14 - 15 - 15 1/2 - 16 eta handiagoak.

Biolontxeloak: 1/16 - 1/10 - 1/8 - 1/4 - 1/2 - 3/4 - 4/4.

Gure artista/artisauak Errumaniako Reghin eskualdetik ekarritako egurrak erabiltzen ditu instrumentuak egiteko. Han, izan ere, lutheriari lotutako tradizioa oso errotuta dago eta artisau asko dabiltza ekinean.

Sei edo zazpi hilabetez instalazio berezietan lehortzen egondako astigar- eta izei-egurrak ekarri ondoren, Arturok beste bost urtetan tenperatura eta hezetasun jakin batean uzten ditu, erabili aurretik.

Modeloa aukeratu eta neurriak finkatu (musikariaren gorputz-ezaugarriak kontuan hartuta) eta gero, “azpialdea” (edo tapa) egiten du, astigar-egurrezko bi pieza kolatuz, marrazki politak osatzen direlako. Xafla edo azpialdea bi piezarekin zergatik egiten duen (tamainarengatik, bakar bat nahikoa delako) galdetu nion Arturori, eta horra zer erantzun zidan: tradizioaren eta adituen arabera, piezak erabiliz soinua izugarri hobetzen da, eta luthier guztiek halaxe egiten dituzte musika-tresnak.

Piezak, kolatu ondoren, sarjenten bidez estutu eta, gutxienez, astebetez uzten dira lehortzen. Hurrengo urratsa lantzea izaten da, soberan dagoena kentzeko eta xaflari behar duen kurbadura emateko. Bigarren ezaugarria erloju konparatzailearen bidez egiaztatzen da.

Ondoren, “goiko tapa” prestatzen da. Izei-egurra erabiltzen da beti, eta, lehen aipatu bezala, bi pieza kolatzen dira. Ongi lehortzen eta egonkortzen direnean, arbastatzeari ekiten zaio, atal bakoitzak lodiera egokiak izan ditzan. Zerra pikatzaileaz baliatuta, “s” formako bi zulo egiten zaizkio: “belarriak” edo “eseak”. Zulo horietatik, soinua kanpora aterako da.

Hurrengo urratsa “behealdea” eta “tapa” elkartzea da. Egurrezko gerriko bat egin behar da, kaxa hutsa sortzeko. Horretarako, astigar-egurra busti eta, burdina bero baten bidez, nahi den kurbadura ematen zaio, molde batez baliatuta.

Itxi baino lehen, behealdean “barra harmonikoa” deritzon egurrezko zerrenda kolatzen da. Osagai horren helburua bibrazioak kontrolatzea eta banatzea da.

Barruan, izei-egurrezko “izkina-ziriak” ere ezartzen dira, “tapa” eta “behealdea” horiei atxikita kolatzeko.

Uztaiak eta izkina-ziriak ezarri ondoren, moldean muntatu eta kolatu egiten dira, arrain-kolaz, behealdean eta tapan itsasteko, eta, horrela, musika-tresnari ezaugarri duen forma ahur eta ganbila emateko.

Egurrezko “kirtena” egiteko unea iritsi da. Astigar-egur zati bat hartu eta higatu eta landu egiten da, gubiak eta trintxak erabiliz. Sortutako piezaren goiko aldean “larako-etxea” ezartzen da. Izenak berak adierazten duenez, sokak tinkatzeko larakoak edo ziriak egoten dira bertan. Amaieran “kiribildura” izeneko barraskilo-itxurako akabera erantsi ondoren, kaxa gainean ezartzen da.

Pieza lixatu eta bernizatu egiten da, pintzelaz edo eskuz. Arturo Andradek eskuz egiten ditu zeregin horiek.

Bukatzeko, soken eta kaxaren arteko “zubia”, soken azpialdeko “loturak”, “larakoak” (ebanoa, ezpela edo makila santua erabiltzen dira) eta musikariaren kokotsarentzako oinarria ezartzen dira.

Arkuak ere saltzen ditu, guztiak Mongoliako zaldi-ilez eginak. Ildo horretan, aipatzekoa da arkuak ere musika-tresna bakoitzaren tamaina eta ezaugarrien araberakoak izaten direla.