563 Zenbakia 2011-01-21 / 2011-01-28

Artisautza

Arturo Andrade. Eskultura, pintura, buztina eta lutheria: Artisaua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Artista

Gurasoak, Julio eta Adela, Allariz udalerriko (Ourenseko) auzo batekoak ziren: Outeiro de Orracakoak. Elgoibarrera etorri ziren, oso gazterik. Aita makina-erremintaren arloko enpresa batean hasi zen lanean. Arriola zen enpresaren izena, eta errasketari jardun zuen bertan.

Haurra jaiotzeko zorian zegoela, Adela jaioterrira joan zen erditzera, eta bertan jaio zen Arturo Andrade, 1956ko abenduaren 10ean. Handik bi egunera, Elgoibarrera itzuli ziren.

Arturok Elgoibarren ikasi zuen. Lanbide-heziketa bukatu eta industria-ofizial titulua lortu zuen, garai hartan (1977an) Elgoibarren eskura zitekeen handiena.

1972tik 1977ra, doitzaile-lanetan aritu zen Orbatu enpresan, Elgoibarren. Lantegi hartan ere makina-erremintak egiten zituztenez, metalen portaerari buruzko ezagutza sakonagoak bereganatu zituen gure artistak.

Artisautzarekiko zaletasuna gaztetan piztu zitzaion. Soldadutzan zegoela, Ferrolen (Coruñan), koilarak eta sardexkak egiten zituen morteroak eta misilak garraiatzeko kutxak erabiliz. Militar batek, nolako lan bikainak egiten zituen ikusita, ezpel-egurra oparitu zion, horrelako lanabesetarako egokiena delako.

Soldadutza bukatu eta gero, berogailugintzan hasi zen, inoren kontura jardunez, baina, aldi berean, eskulanak ere egiten zituen. Azkenean, 1980an, artisautzan buru-belarri murgiltzea erabaki zuen eta bere tailer txikia ireki zuen.

Gaztainondo- eta haritz-habe zaharrez baliatuta, egurrezko artisautza-lanak egiten ditu. Pinturak eta buztinezko lanak ere sortu ohi ditu. Era guztietako erremintak erabiltzen ditu: gubiak, arraspak, zerrak, kurrikak etab.

1985ean, Indian eta Nepalera joan zen, eta, gero, hiru hilabete eman zituen Parisen, erakusketak ikusten eta bere egurrezko lanak kalean saltzen. Pariseko egonaldian asko ikasi zuela eta bere ibilbidearentzat esperientzia positiboa izan zela esan ohi du Arturok.

1987an, “argizari galduzko” galdaketa-lanak hasi zen egiten, teknikak Alejandro Alvarez elgoibartarrarekin ikasi ondoren.

1990ean, Madrilera joan zen bizitzera, eta tailerra ireki zuen han. Allarizen (Ourensen) ere beste tailer bat zeukan, garai hartan.

1995ean, Elgoibarrera itzuli eta tailerra ireki zuen Jauregiberrin, Azkarate gainerako errepidearen ondoan, eta Allarizekoan ere lan egiten jarraitu zuen. Gerora, Ermuaranbide kaleko lokal batera joan zen, eta, azkenik, gaur egungoa ireki zuen, Pedro Muguruza kalean. Horiek guztiak Elgoibarren daude.

1995ean, Arantza Urain elgoibartarrarekin ezkondu zen. Bi alaba dituzte: Iria (1996an jaioa) eta Kattali (1998an jaioa).

1996an, grabaketa-arteetan trebatzeari ekin zion, Egur tailerrean.

Bestalde, Arturo Andraderi musikazaletasuna etxean ernaldu zitzaion, aitak, Juliok, saxofoia jotzen baitzuen Ritmo orkestra ezagunean.

2005ean, bere biolin-irakaslearekin, Maite Irustarekin, izandako elkarrizketen ondorioz, lehen biolina egitea erabaki zuen. Urtebetean bukatu zuen. Ordutik, lutheriak gero eta garrantzi handiagoa hartu du Arturoren bizitzan, eta, gaur egun, goizez eskultore-lanak egiten ditu eta arratsaldez soka-instrumentuak.

Arturo AndradePedro Muguruza etorbidea, 85-2 atea.20870 ELGOIBAR / GIPUZKOA Posta-helbidea: andradeluthier@gmail.comWeba: www.arturoandrade.com