551 Zenbakia 2010-10-22 / 2010-10-29
Zenbat pertsonek amestu dute txikitan abentura zaletasunari aterabidea eman eta mundua esploratzera irtetea? Manuel Iradierrek aurrea hartuta, Afrika ezagutzera abiatu zen XIX. mendean.
Manuel Iradier Bulfly Gasteizen jaio zen 1854ko uztailaren 6an; osaba–izebek hezi zuten arabarra bere anai–arrebekin batera, gurasoak Manuel txikia zenean hil baitziren. Goi Mailako ikasketak ere burutu zituen, hain zuzen ere, Filosofia eta Letrak ikasi zituen Valladolideko Unibertsitatean.
Gaztetan hasi zen esplorazio eta aurkikuntzei buruzko liburuak irakurtzen, eta mundua deskubritzeko harra hazten joan zitzaion. Adinean gora joatez bat, zenbait plan gauzatu zituen bere buruan. Hirugarren Gerra Karlista zela eta, Henry Stanley esploratzailea Gasteizera gerturatu zen kazetari moduan eta Iradier gazteak ezagutu eta bere asmoak kontatu zizkion. Honek berriz, gomendio bat eman zion, hain zuzen ere, aurrera egin aurretik babes ofiziala bilatu zezala.
Baina, saiatu arren Manuelek ez zuen halakorik lortu eta azkenean, bere kabuz hasi zuen abentura; La Exploradora izeneko elkartea eratu zuen 1869an. Azkenean, 1875eko urtarrilaren 8an Cadizetik irten eta Ginearantz abiatu zen –Espainiaren kolonia zen 1778tik lurraldea– eta kasu hartan emaztea eta koinata izan zituen bidaia–lagun, besteen artean. Abenturak 834 egun iraun zituen (1877ra arte), eta paraje eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera eduki zuen, txikitatik izandako ametsa egi bihurtuz. Ondoren, bertan ikusi eta ikasitakoak aldizkari eta egunkarietan eman zituen ezagutzera.
Zazpi urte pasatu ziren beste abentura bat ekin zuenera arte; bitartean baina, ez zen geldi egon gizona. Hain zuzen ere, Historiako Errege Akademiako kide izendatu zuten; tren–sarearen gaineko hiru proiektu idatzi zituen, eta berriz ere La Exploradora hartu eta bizitasuna eman zion. Afrikara bueltatzeko egitasmoa aurkeztu zuen 1879an; halere, 1884ean gauzatu zuen guraria. Orduan, Muni ibaiaren inguruan burutu zuen bidaia; baina urte hartantxe bueltatu behar izan zuen sukar latzak pairatu eta gero. Itzuleran Ferrocarriles Anglo–Vasco–Navarron hasi zen lanean.
Halere, Iradier ez zen esploratzailea izan bakarrik, asmatzailea ere izan baitzen gasteiztarra. Besteen artean, tipografia kaxa bat asmatu zuen nahiz eta patentea saldu egin behar izan zuen ideia garatzeko laguntzarik aurkitu ez zuelako. Bestetik ur–kontagailu automatiko bat sortu zuen (Bilbon esaterako, erabilia izan zen); argazkigintzarako osagai bat aurkitu zuen... Baina gainera, astronomiagatik ere erakusten zuen jakin–mina eta zenbait lan burutu zituen gaiarekin erlazionatuta.
Bere bidaietako datuak jasoz bi lan publikatu zituen arabarrak. África. Fragmentos de un diario de vijes de exploración en la zona de Corisco. (1878) eta África. Viajes y trabajos de la Asociación Euskara La Exploradora. Reconocimento de la zona ecuatorial de África en las costas de Occidente (1887).
Halaber, zenbait agerkaritan ere kolaboratu zuen Iradierrek. Besteen artean, Revista de las Provincias Euskaras, Euskal Erria; Revista de Vizcaya; Revista de Vizcaya; Ilustración de Álava; Revista del Antiguo Reino de Navarra... Bere bizitzako azken hamar urteak Madrilen egin zituen eta egur konpainia batetako gerente postuan. Segovian hil zen 1911ko abuztuaren 19an, eta urte berean, Gasteizen hiriko gizon zientzialari eta abenturazaleari omenaldi gisa, kale bat eskaini zitzaion.
Hiriburuan bertan, gainera, bere izena daramaten zenbait elkarte sortu dira, esaterako, 1949an Manuel Iradier Txango taldea zein 1989an “Asociación Africanista Manuel Iradier” Gobernuz Kanpoko Erakundea. Ameslari bati eginiko omenaldi xumea.