Euskonews Gaztea
Gaiak: Informazioaren gizartea
Informazioaren gizartean buru–belarri sartuta bizi gara egun eta aitzakia ona iruditzen zait gogoetatxo bat egiteko –eta ez bazaizue ardura, zuekin konpartitzeko. Besteen artean, berriak jasotzeko modu anitzak ditugu eskura. Telebista piztu eta dozenaka telebista kateren artean aukeratu behar izaten dugu; irrati–etxeak zein egunkariak ere anitzak dira; zer esanik ez sareak eskaintzen dizkigun ehunka, milaka eta milioika orrialdeen kopuruari dagokionez. Hau bonbardaketa, hau zoramena!! Argazkia: sfxeric
Ematen diguten guztia ez dugu kontsumitzen, noski. Norberaren ideologiek, afizioek, teknologia berriak erabiltzeko abileziak... denak dauka eragina. Eta ezin dugu ahaztu, benetan informatuta egon nahi baldin badugula, handik eta hemendik iristen zaizkigun albiste, datu eta bestelakoei nolabaiteko filtroa pasarazi beharko diegula, beraien artean kontrastatuz esaterako. Ezer ez baita objektiboa –zerbait kontatzea erabakitzen dugun momentutik bihurtzen da subjektiboa– eta guztia ere ezingo baitugu hitzez hitz sinetsi.
Halere, utziko didazue apur bat gaitik desbideratzen; abantailak dituen moduan, arriskuak ere ekartzen dizkigu bizi dugun gizarte mota honek. Har dezagun Internet esparrua. Badago nolabaiteko errespetua ematen didan auzi bat; informazioarekin lotuta dagoen arren, ez doa aurretik aipatu dugun bidetik, preseski, guk ematen ditugun datuei buruz ari naiz.
Hala, azken aldian bolo–boloka guztion ahotan dagoen adibidea, sare sozialei dagokiena da. Guri buruzko informazioa ematen dugu orriaren pribatutasun kontuei erreparatu gabe eta ondoren, arazoak etor daitezke; orrialde horietariko batzuek hirugarren bati gure datuak saltzeko/lagatzeko eskubidea dutela–eta zalaparta sortu da azkenaldian. Asko dira ematen dizkiguten aholkuak: ez eman benetako daturik, ez igo zure argazkirik... Izan ere, ez omen dute baimenik eskatu behar gure datuak nahi bezala baliatzeko.
Okerrena, beti ere, ezjakintasuna da. Inork ez baldin badigu arriskuen abisurik ematen, inork ez baldin bagaitu teknologia berrien, zuzenbidearen eta bestelako arloen gainean hezten, denok egongo gara babesik gabe. Eta informazioa horren eskura dugun garaiotan, desinformatuta egoteko arriskuan jarraitzen dugu. Informazioarenean baino, paradoxaren aroan mugitzen garela dirudi.