Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XXVII): Arratiako txokoak
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Astean zehar sortu zaizkigun buruhausteak alboratuko ditugu eta Bizkairantz egingo dugu aire freskoa hartu bitartean, leku berriak ezagutzeko. Hala, Arratiako eskualdea aukeratu dugu gure itzulia burutzeko. Lemoatik abiatuz
Bederatzi udalerri ditu Arratiak: Bedia, Lemoa, Igorre, Arantzazu, Artea, Dima, Areatza, Ubide eta Zeanuri. Eta txangoa nonbaitetik hasi behar dugunez, Bilbotik 20 kilometro eskasera aurkitzen den Lemoaraino hurbildu gara, Arratiako bigarren udalerririk populatuenera hain zuzen. Historiari errepasotxo bat egin eta Lemoan gizon–emakumeen presentzia aspaldiko kontua dela ohartuko gara datuei erreparatuz gero. Esaterako, kobazulo batzuetan –Arlanga eta Atxubieta–, historiaurreko material ugari aurkitu zituzten; edota erromatar garaiko hilarriak ere topatu dituzte udalerrian. Mudejar erako etxea. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)
Baina garai modernoagoetara etorrita, Andra Mari eliza bisitatzera animatzen zaituztegu. Hain zuzen ere, agerian utzi zituzten aztarna erromaniko batzuk 1758an eraikina zaharberritu zutenean, eta horrez gain, estilo barrokoa ere jasotzen du bere baitan. Eta zer esanik ez eraikuntza zibilei buruz; hauetariko batzuk eraberrituta eta altxor gisa kontserbatu dira; hala nola, Aldape dorretxea zein Mendibil Goikoa baserria.
Lemoa atzean utzita, gure gaurko bigarren geldialdia Areatzan egingo dugu, Lemoatik 13 kilometrotara. XIV. mendeko herria da,1338an sortutakoa zehatzago esanda. Halere, Villa de Haro izena ipini zion bere fundatzaile Juan Núñez de Lara Bizkaiko jaunak. Egun, mila biztanle inguru dituen udalerriak zer ikusi eskaintzen dio bisitariari. Alde batetik, ingurune natural ederrarekin gozatzeko parada, eta bestetik gizon eta emakumeek mendeetan zehar jasotako eraikin anitzek.
Horretarako, alde zaharrera gerturatzea funtsezkoa da, ezen bertan aurkitzen baitira Areatzan egonda galdu ezin ditugun tokiak. Gure begientzako gozagarri, XVI. mende inguruko mudejar estiloko etxea ikusteko aukera eskaintzen zaigu Errukiñe kalean. Baita San Bartolome eliza ere, berant Erdi Arokoa berau; XVI. mende amaierako Gortazar Jauregia; edota estilo neoklasikoko udaletxea, XIX. mendean altxatu zutena, besteen artean. Jentilzubi, Diman. Argazkia:Antxon Aguirre Sorondo (3digitala) Amaierara iritsiz
Gaurko bisitaldiari amaiera emateko, Dimara gerturatuko gara. Joxe Miel Barandiaranek 1932. urtean udalerri honetan facies musteriense edo Erdi Paleolitoko aztarnategi bat deskubritu zuen, Baltzolako haitzulotik gertu. Haraino iristeko bideak kondairetakoa dirudi, ezen, Axlor haitzak babestuta, Jentilzubi izeneko arku natural baten azpitik igaro beharko gara...
Baina herrira itzuliz, eta bere kaleetan barneratuz, hainbat harribitxik bidea zabaltzen digutela ohartuko gara. Merezi du San Pedroren Parrokia (XVIII. mendekoa da egun ezagutzen dena), edo Ugarana auzoan dauden hilerri zein Pietatearen baselizara (XVIII. mendekoa) gerturatzea.
Txango honetan harri preziatu gutxi batzuk besterik ez ditugu deskubritu. Arratia oso zabala da, eta guztiak egun bakarrean bisitatzea baino, dosi txikiagotan gozatzera animatzen zaituztegu. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke NaturalaGorbeia Parke NaturalaLekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroazGoierri ezagutuzKorresetik Maeztura, paisaiaz gozatuzDurangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badianMungia aldeanUribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com