487 Zenbakia 2009-05-22 / 2009-05-29

Artisautza

Barrenetxe familia. Okin eta pastelgile artisauak: Artisauak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Artisauak

Rosa Gisasola, Héctor Barrenetxeren emaztea, familiaren genealogia ikertzen aritu da 1699tik hasita. Rosaren arabera, Barrenetxe familia Zugarramurdiko (Nafarroa) Etxenikea etxeko bere gozotegian aritzen zen aspaldidanik.

Baina garai berriagoetara itzulita, hor dugu familia hori ogia, gozoak eta argizariak egiten, Zugarramurdiko Etxenikea baserrian. Asto batek ibilarazten zuen errotatxo bat zeukaten, eta hortxe egiten zuten txokolatea. Jendeak oraindik gogoan ditu haien “asto-kaka” ospetsuak, baina ez dakigu zer ziren zehazki.

Donostiako Barrenetxe gozotegia.

Esaten dute antzina Donibane-Lohizunetik ekartzen zutela argindarra Zugarramurdira. Barrenetxetar batek motor berezi bat ikusi zuen behin Parisen. Motorra olioz zebilen, eta ogia egiteko erabiltzen zen. Zugarramurdiarrek erosi egin zuten. Kontatzen da zebilenean motorrak sekulako zarata egiten zuela. Barrenetxetarrak Donostiaraino eta Donibane-Lohizuneraino joaten ziren argizariak saltzera.

1920 aldera, Juan Cruz Barrenetxek, Antxonen aitak, gozotegi bat jarri zuen Donostiako Narrika kalean. Grazi deitu zion. Hor hasi ziren lanean Antxon eta Roman haren bi semeak. Anton izeneko laguntzaile hungariar bat ere aritu zen gozotegian. Lehen Mundu Gerrako iheslari bat zen, eta lanbideaz zekiena ekarri zuen.

Gerra zibilaren ondoren, arrazoi ugarigatik, Antxon Barrenetxe Eibarra aldatu zen. Salera Eibarresa izeneko elkartea sortu zuen han. Horrek kolonialak eta pastelak saltzen zituen. Handik urte gutxira, elkartea desegin zenean, Antxon gozotegiarekin gelditu zen. Bi semeak, Oscar eta Héctor, batu zitzaizkion. Geroago, azken hori Donostiara aldatu zen, Rosa emaztearekin eta Héctor eta Elena seme-alabekin. Labeak izeneko gozotegia ireki zuten Legazpi kalean. 1990ean, Gipuzkoako plazara aldatu ziren, Donostian hori ere, eta hortxe diraute oraindik.

Okindegiko mostradorea.

Antxonen anaia batek, Alejandro Barrenetxek, Sacha izeneko “salon de thé” bat muntatu zuen Donostiako egungo Askatasunaren Hiribidean, 1927an. Gerra amaitu zenean, itxi hori, eta Bartzelonara joan zen. Han, Sacha gozotegia badabil oraindik. Alejandrori adiskideek eman zioten gaitzizena da Sacha.

Héctor Barrenetxe Rosa Gisasolarekin ezkondu zen, 1963an, eta bi haur izan zituzten: mutil bat, Héctor (1966an sortua) eta Elena (1970). Azken horrek biloba eder bat eman die jadanik: Danel. Bi urte ditu.

Biak, Héctor eta Elena, aitaren ofizioan ari dira oraindik.

BARRENETXE FAMILIA Gipuzkoako plaza, 9 20004 DONOSTIA Tel.: 943 42 44 82 www.barrenetxe.net