486 Zenbakia 2009-05-15 / 2009-05-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mari Puri Herrero

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bilbotarren artean emakume maitatuenetariko baten sortzailea da Mari Puri Herrero; ziur aski, Marijaia da artista bizkaitar honen obrarik ezagunena. Bilbon jaio zen Mari Puri 1942ko abenduaren 12an.

Aspaldi jakin zuen artearekin erlazionatuta egongo zela bere bizimodua. Udak Donostia aldean igarotzen zituen familiarekin gaztetan, eta hamalau urte zituela Ascensio Martiarenaren estudioan hasi zen bere aurreneko margo–eskolak hartzen. Ikasketei dagokienez, Madril aldera mugitu zen eta bertako Arte Ederretako Akademian gehiago sakondu zuen diziplinan, iturri ezberdinetatik ezagutzak barneratuz. Argazkia: Arantza Cuesta.

Margolari gisa lan asko eta asko egin dituen arren, Herrero beste arlo batzuetara ere gerturatu da, hala nola, serigrafia edota xilografiara. Gehien bat arte figuratiboa landu izan du eta sortu dituen pertsonaia askok nolabaiteko zertzelada umoristikoa eta errealismoa uztartzen dute. Gainera, paisaiak ere izan ditu gai nagusi bere margolanetan Mari Purik.

Bere aurreneko erakusketa 1963.urtean burutu zuen Bilboko Illescas Aretoan eta ordutik ez da geratu. Bidaiatzeko aukera ere eduki du emakume honek, eta beka bati esker Holandan egon zen bi urtez. Zekiena beste batzuei irakatsi zien egonaldi hartan eta 1966an, bai Bizkaiko Foru Aldundiak eta baita Holandako Gobernuak ere saritu egin zuten lan horrexegatik. Holandan zegoela, Rembrandten grabatuak ezagutzeko okasioa eduki zuen eta asko ikasi zuen haietatik. Etapa hura amaituta, Norvegia eta Belgikara bidaiatu zuen eta Parisera azkenik; 1969tik 1971ra bitartean Frantziako hiriburua eduki zuen bizileku.

Hasieran esan bezala, artista bizkaitarraren lanik ezagunena Marijaia da. Bilboko jaietako batzordeak hala eskatuta, 1978ko abuztuan sortu zuen Aste Nagusiko pertsonaia berezia eta bost egun behar izan zituen diseinatzeko.

Etenik hartu gabe, Mari Purik lan bat bestearen atzetik egin du jardunean dabilenetik. Erakusketak egiten hasi zenetik, bere lanak saltzen zituen eta haietatik ateratako dirua bere intereseko gai zein tokiak ezagutzera joateko baliatzen zuen.

Gainera, lau hamarkadatan zehar, bere obrek nazioarteko erakusketatan egotea lortu dute eta beste batzuen artean, ARCO feria entzutetsua dago. Bilboko Arte Ederretako Museoaren batzordekide izan zen artista eta gainera, museo hori Herreroren askotariko lanen fondo baten jabe da.

Berrogei urteren ostean hasierako gogo berdinaz jarraitzen du lanean bizkaitarrak eta kreatibitatea martxan duen bitartean jardun horri helduta segituko du.