485 Zenbakia 2009-05-08 / 2009-05-15

Artisautza

José Iglesias. Hustutzaile eta zorrotzailea: Produktuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Produktuak

Batetik, hainbat produktu saltzen ditu, eta, bestetik, konpontzen.

Saldu

Era guztietako aterkiak. Oso interesgarriak diren batzuk erakutsi dizkit. Adibidez: erabat zurez egindakoak (oihala izan ezik). Handiak dira. Artzain-aterkiak deitzen die. Artzainek edo mendizaleek erabiltzeko daude asmatuta, tximistarik eror ez dakien, arrisku hori baitute metalezkoek. Haizeari aurka egiteko, hagaxka-sistema bikoitza dute.

Baditu osoki zuntzez egindako aterki interesgarri batzuk ere. “Autokoak” deitzen diete. Izan ere, bustitzen direnean, ez dira herdoiltzen. Gainera, gogorrak, arinak eta politak dira.

Aterki klase asko ditu: italiarrak, zuriak, ezkontzarakoak, estanpatuak, tolesgarriak eta inori bururatzen zaizkion mota guztiak.

Aiztoak eta horrekin lotutako produktuak ere baditu: guraizeak, irekigailuak, zorroztarriak... Baita bizarra mozteko labanak zorrozteko uhalak ere.

Joséren saltokia ebakitzeko tresnen egiazko museoa da. Badira metroa baino luzeagoko labanak. Baita 30 mm-ko ñimiño batzuk ere.

Konpondu eta egin

A. Aterki mota guztiak konpontzen ditu. B. Giltzen kopiak egiten ditu. C. Aiztoak, guraizeak eta ebakitzeko tresna guztiak zorrozten dizkizu. D. Bizarra mozteko “lehenagoko” labanak egiten ditu. E. Bastoiak egiten eta saltzen ditu.

Berritzeko piezak ere eramaten dizkiote, eta, are, medikuntza-tresneria, edo ezpatak. Horien bilduma ederra zeukan lehen, baina saldu egin ditu pixkanaka.

Toki askotako bezero finkoak ere baditu. “Baita Sevillakoak ere”, esan dit. Pakete bat bidaltzen diote materialarekin, eta lana egin eta bezeroari bidalitakoan kobratzen du. Bezero ugari ditu: ile-apaintzaileak, harakinak eta beste lanbide batzuetakoak. Ederki ezagutzen dute guztiek Joséren lanaren kalitatea.

Zorrozketa-prozesuei eta aterkien konponketari dagokienez, gauzak ez errepikatzearren, irakurleak Eladio Fernández artisauari eskainitako fitxa (Euskonews, 345. zk.) irakur dezake.

Josék dio egun aiztoek ez dutela lehenagokoek bezala ebakitzen. Lehen, karbono-altzairuz egiten ziren guztiak; orain, aldiz, altzairu herdoilgaitzez. Berak aiztoak saltzen ditu, eta, batzuetan, berriak ere zorroztu egiten ditu, bezeroari eman aurretik.

Honako hauek ditu lanerako: geztera bat, leuntzeko makina bat, giltzen kopiak egiteko bi makina eta era guztietako tresna ugari.