
Artisautza
José Iglesias. Hustutzaile eta zorrotzailea: Artisaua
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
José zorrotzaile-familia batekoa da. Jadanik haren aitona (amaren aldekoa), Manuel Rodríguez, New Yorkera joan zen gaztetan, zorrotzaile gisa lan egiteko, eta bere jaioterrira itzuli zen gero.
Eladio Iglesias Iglesias, gure protagonistaren aita, ere ofizio berean aritu zen. Hiru haur izan zituen: 2 neska eta mutiko bat; azken hori, José Iglesias Gómez.
Eladio Iglesias Iglesiasek hilabete ugari igarotzen zituen Espainian zehar alde batetik bestera oinez bere errotarekin. Bere herritik urten eta herriz herri jarraitzen zuen, Madrileraino, Extremaduraraino; beste batzuetan, Bartzelonaraino joaten zen, eta, gero, modu berean, etxera itzultzen. Zenbait urtetan, Portugala ere joan zen. Ibilaldi horiek, batzuetan, 8 hilabete irauten zuten, eta, bitartean, emazteak zaintzen zituen haurrak, lurrak eta etxean izan zitezkeen aziendak.
José Iglesias Gómez 1937ko apirilaren 18an jaio zen, Nogueira de Ramuín herrian, eta jadanik 12 urte zituela aitarekin aritzen zen ofizioan. Herriz herri ibiltzen ziren tresnak zorrozten, eta aterkiak eta lapikoak ere konpontzen zituzten.
1951n, Zarautzen jarri zen bizitzen, eta zorrotzaile ibiltari moduan jarraitu zuen. Aldi berean, oihalak saltzen zituen baserrietan, “konturako”. Kobratzeko, hilero pasatzen zen etxeetatik, ogerlekoa edo bost ogerleko jasotzeko, eta sekula ez zen arazorik izaten tartean agiririk ez zelako. Josék dio: “Gaur egun, hori ezinezkoa da”. Hasieran, oinez joaten zen, zorrozteko gurditxoarekin; gero, bizikletaz; ondoren, motorrez; eta, azkenean, autoz. Aterkiak ere saltzen zituen. Zumarragako Azokan, behin, 500 saldu zituen egun batean; gogoan dauka hori oraindik.
1958an, Rogelio Blanco-rekin elkartu zen lanerako. Joséren koinatua zen hori, saltzaile ibiltaria. Baina arropa saltzen zuen. Bien artean 28 m2-ko saltoki eta lantegi bat ireki zuten, eta Josék oraindik bertan dihardu lanean. Lehenago, espartinak saltzen ziren hor. Joséren aita Eladio ere joaten zen batzuetan lanera.
Saltokia ireki zutenean bertan gelditu ziren, eta Rogeliok bertan lan egiteari utzi zionean, bakarrik jarraitu zuten aita-semeek. Eladio Iglesias Iglesias 2005ean hil zen, 94 zituela.
José Iglesias Gómez Angelines Herrero Alonsorekin ezkondu zen, eta 4 haur izan zituzten, baina inork ez zion heldu aitaren lanbideari.
JOSÉ IGLESIAS GÓMEZ Saltokia eta lantegia: Ipar kalea, 4 Bizilekua: Mitxelena kalea, 43-21 ezk. 20800 ZARAUTZ Tel.: 943 83 30 30
