485 Zenbakia 2009-05-08 / 2009-05-15

Artisautza

José Iglesias. Hustutzaile eta zorrotzailea: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Historia

Hasiera batean, zorrotzaileak errota txiki bat eta aulkitxo bat zeuzkan. Haiek bizkarrean zituela ibiltzen zen herriz herri eta hiriz hiri, eta bere pan txirula jotzen zuen, herritarrei deitzeko.

Gero, errota handitu egin zuten, eta asto baten gainean ipini, eta asto horri gurpilak erantsi zizkioten. Laster, beste aurrerapen bat gehitu zitzaion gailuari: harriaren goiko aldean urez beteta zegoen ontzitxo bat. Horrek asko errazten zuen lana, ura askatzen baitzuen zorrotzailea lantzen ari zen piezaren gainera.

Gaia aztertzeko, Xosé Antón Hidalgo Santamariña-ren obra (O Afilador, Ir Indo argitaletxea, Vigo, 1992) erabili dugu. Bertan dio XVI. mendean Iberiar penintsulan zebiltzan zorrotzaile gehienak frantsesak zirela. Ez da ahaztu behar, izan ere, jadanik mende horretan Aiztogile Maisuen Gremioa eratu zela Parisen. Autorearen arabera, XVII. mendean agertu ziren Espainia osoan galiziar zorrotzaile ibiltariak. Gehienak Ourensekoak (Nogueira de Ramuín, Paderne de Allariz, Pereiro de Aguiar, Esgos, Xunqueira de Espadañado eta Castro Calderas e Río) ziren, eta bakan batzuk, berriz, Pontevedrakoak (Pontecaldelas) eta A Coruñakoak (Carballo).

Gure artisauaren jaioterrian, Nogueira de Ramuínen, zorrotzaileari eskainitako monumentu bat dago. Monumentu horretan zorrotzaile bat ikusten da bere gezteran lanean. Izan ere, lanbide horrek garrantzi handia izan zuen herri horretako ekonomian, zorrotzaileengatik ez ezik inguruko zorrotzaile guztientzako gezterak egiten zituzten artisauengatik ere.

XX. mendean, mekanizazioa heldu zen, eta, harekin, bizikleta. Zorrotzaile iaioek agudo egokitu zuten hura beren premietarako. Gero, ziklomotorra, motorra eta autoa ere heldu ziren.

Gaur egun, dela tresnen inportazio masiboagatik, dela “erabili eta bota” kulturagatik, dela artisau gero eta urriagoengatik, zorrozteko lantegi bakan batzuk bakarrik gelditzen dira, eta kaleko zorrotzaile nostalgikoren bat edo beste.

Ibilbideak

Hau izan da gure artisauari egindako elkarrizketan gehien harritu nauen gauzetako bat: nolako ibilaldiak egiten zituen oinez haren aitak penintsula osoan zehar. Aurrerago aipatuko dugu gaia. Lehen, izan ere, eta aurreragoko mendeetan ere bai, zorrotzaileak oinez ibiltzen ziren batetik bestera, penintsula osoan, hil asko irauten zuten bidaietan.

X. A. Hidalgok hiru ibilbide mota bereizten ditu bere obran:

A. Ibilbide motzak inguruko herrietatik. Horietan, zorrotzailea etxera itzultzen zen gauean, lotara.

B. Ibilbide ertainak, 8 eta 15 egun bitartekoak, inguruko lurraldeetan zehar. Senitartekoen etxeetan saiatzen ziren lo egiten, edo lehenago ere izanak ziren ostatuetan.

C. Ibilbide luzea, 8 hilabeterainokoa. Jaioterritik abiatu, eta penintsula osoa igarotzen zuten, herriz herri zebiltzala.

Jakina, XX. mendean mekanizazioa (lehenik bizikleta, eta, gero, ziklomotorra, motorra eta autoa) heldu zenean, joan-etorriak ez ziren jadanik hain gogorrak.

Barayete-a

Hona zer dioen Martín Alonsoren Diccionario del Idioma obrak: barayete, zorrotzaile galegoen lanbide-jargoia.

Jargoi: lanbide eta ofizio jakin batzuetako pertsonek beren artean erabiltzen duten hizkera berezi eta lagunartekoa.

Gazteleraz Germania lapurren eta gaizkileen jargoia da, caló ijitoena, eta, gaur egun, gazteriak beste jargoi bat sortu du SMS bidez komunikatzeko.

Lehenagoko zorrotzaileek beren jargoia zerabilten, barayetea. Berdin gertatzen zen Portugalgo harginekin ere, beren lan-hizkera berezia baitzeukaten.

Nahigabe pixka bat badu Josék inguru hauetan bareyetez dakienik ez delako, berarekin praktikatzeko, zeren poliki-poliki, eta ez erabiltzeagatik, berari ere ahazten ari baitzaio.

Arestian aipatutako X. A. Hidalgoren obran, hainbat hitz jasotzen dira galegoz eta barayetez.