Euskonews Gaztea
Gaiak: Olentzero
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Olentzero hasi da prestatzen abenduaren 24rako. Orduan, pipa ahoan eta zakua lepoan duela, menditik jaitsiko da eta Euskal Herriko neska–mutilen aurpegiak ilusioz piztuko dira. Aspaldiko ohitura honek aldaera ugari izan ditu, eta gaur egun, opariekin lotzen dugun tradizioa da.
Kristautasunaren aurreko pertsonaia dela esan daiteke, eta neguko solztizioarekin lotura hertsia dauka. Euskal Herriko herri gehienetan bere presentzia dauka aspalditik, baina izen desberdinak eman izan zaizkio, nahiz eta oso antzerakoak izan: Onentzaro (Andoain), Orentzaro (Zarautz), Orantzaro (Berastegi)... Izendapenak izendapen, guztietan esanahi bertsua eman izan zaio, urte amaierarekin lotzen baita.
Nahiz eta egun Olentzero pertsonaia batekin erlazionatu, aspaldi enbor zati batekin zuen harremana. Berezia zen, Gabon gauean erretzen zena. Zenbait kasutan oso enbor handia izaten zen eta urte guztian zehar edukitzen zuten etxean. Zenbaitetan, Gabon gauetik Gabon zahar gauera arte ere edukitzen zuten sutan; askotan, gar horiek aprobetxatuta jakiak prestatzen zituzten; bestetan, tximiniatik behera jaitsi zitekeen Olentzaro maltzurra (Elduainen) uxatzeko erabiltzen zuten.
Sinbologia horretatik aparte, azken euskal jentil gisa ere azaltzen zaigu Olentzero. Euskal mendietan bizi zen bere leinu–kideekin batera. Elezaharrak dioenez, zeruan izar handi eta distiratsu bat ikusi zuten, eta leinuko zaharrenak beraien aroaren amaiera iragarri zuen. Olentzerorena ezik, gainerakoen amaiera etorri omen zen eta jarraian, izarrari jarraiki, Belen aldera egin omen zuen gure pertsonaiak.
Modu horretan, kristautasun kutsua eman zitzaion; hala ere, gaur egun esanahi paganoarekin ere ospatzen dute batzuek Olentzeroren etorrera. Lanbidez ere aldatu izan duen gizona da eta nagusiki ikazkin bezala irudikatzen den arren, zenbaitetan artzain edota arrantzale beharretan ere ibiltzen da.
Gerra zibilaren ondotik eta 60. hamarkadara arte, ia ahaztuta egon zen Olentzero, eta batez ere Ikastolek burututako lanari esker, gure artera itzuli zen eta gaur egun milaka jarraitzaile dituen pertsonaia adeitsu eta noblea da.
Kontuak kontu, txoko guztietan agertzen zaigun gizon honek etxeko txikienen ilusioa eragiten duela ezin dugu ukatu. Bide batez, haur izateari aspaldi utzi arren ikatzarekin zikindutako bere aurpegia eta irribarre ikusita, itxaropenez betetzen dira askoren bihotzak. Gainera, opariak ekartzen dizkigu, baina baita ikatza ere, eta ez soilik Euskal Herriko etxeetara; hain zuzen, mundu zabalean beragan sinesten dutenek jasoko dute bisita berezia.